Taldean korrika eginez gozatu
Berdintasun gaietan aditu Idoia Lekuek generoari, kirolari eta osasunari buruz D’elikatuzen herenegun arratsaldean eman zuen hitzaldiaren aurretik hartu dute kazetaria Mari Jose Jauregik eta Reme Mansok. «Guretzat apropos antolatutako hitzaldi bat da, eta parte hartu beharra daukagu», esan dute biek ala biek. Majori kiroldegiaren eta Ordiziako Udaleko Berdintasun sailaren ekimenez sortu berri den Emakumeen Korrika Taldeko partaideetako bi dira. Emakumeen jarduera fisikoa sustatu asmoz egin zuten taldea sortzeko deia, eta harrera bikaina izan du, hogeita hamar emakumetik gora ari baitira bertan parte hartzen. Manso Ordiziakoa da eta 48 urte ditu. Umetan abiadura lasterketetan parte hartu izan zuen, baina ez sekula iraupenekoetan, eta taldean parte hartzea «muga bat gainditzea» bezala izan da harentzat. «Altamirako pistan buelta bat ematea gogorra egiten zitzaidan lehen, eta orain hamar ematen dizkiodala ikustea handia da niretzat». Mansok garbi zuen taldean parte hartu behar zuela, eta «gehiago emakumeentzat bakarrik zela ikusita». Bestelako kasua da Jauregirena. Donostiakoa jaiotzez, Itsasondon bizi da, eta astero Majoriko saunara joateko ohitura du. 44 urte ditu. «Nik asmo handirik ez nuen taldean parte hartzeko, baina saunako lagunek animatu ninduten. Aurreneko egunetan ito antzera sentitzen nintzen, baina hortik aurrera oso gustura nabil». Harentzat ez da aparteko erronka izan korrika egiten hastea, aurrez ere korrika [...]
Berdintasun gaietan aditu Idoia Lekuek generoari, kirolari eta osasunari buruz D’elikatuzen herenegun arratsaldean eman zuen hitzaldiaren aurretik hartu dute kazetaria Mari Jose Jauregik eta Reme Mansok. «Guretzat apropos antolatutako hitzaldi bat da, eta parte hartu beharra daukagu», esan dute biek ala biek. Majori kiroldegiaren eta Ordiziako Udaleko Berdintasun sailaren ekimenez sortu berri den Emakumeen Korrika Taldeko partaideetako bi dira. Emakumeen jarduera fisikoa sustatu asmoz egin zuten taldea sortzeko deia, eta harrera bikaina izan du, hogeita hamar emakumetik gora ari baitira bertan parte hartzen.
Manso Ordiziakoa da eta 48 urte ditu. Umetan abiadura lasterketetan parte hartu izan zuen, baina ez sekula iraupenekoetan, eta taldean parte hartzea «muga bat gainditzea» bezala izan da harentzat. «Altamirako pistan buelta bat ematea gogorra egiten zitzaidan lehen, eta orain hamar ematen dizkiodala ikustea handia da niretzat». Mansok garbi zuen taldean parte hartu behar zuela, eta «gehiago emakumeentzat bakarrik zela ikusita».
Bestelako kasua da Jauregirena. Donostiakoa jaiotzez, Itsasondon bizi da, eta astero Majoriko saunara joateko ohitura du. 44 urte ditu. «Nik asmo handirik ez nuen taldean parte hartzeko, baina saunako lagunek animatu ninduten. Aurreneko egunetan ito antzera sentitzen nintzen, baina hortik aurrera oso gustura nabil». Harentzat ez da aparteko erronka izan korrika egiten hastea, aurrez ere korrika egitera joateko ohitura bazuelako. «Helburua izena ematea da eta talde dinamika horretan hastea. Hori izan da lorpena niretzat».
Taldearen garrantzia
Korrika taldean parte hartzeko prest emakume asko zeudela kontutan izanda, bi talde osatu behar izan zituzten antolatzaileek. Astearteetan eta ostegunetan elkartzen dira emakume denak, baina ordutegi ezberdinetan; batzuk 18:30etik 19:30era, eta besteak 19:30etik 20:30era. «Gu aurreneko taldekoak gara, eta 21 emakume gaude. Bigarrenean 15-16 daudela uste dut», azaldu du Jauregik.
Sortu den taldean «oso gustura» daude biak. «Batzuetan bestelako ikastaro batzuetan apuntatzen zara, eta beharbada ez zara sentitzen nahi bezain eroso. Badaude emakume batzuk denbora asko daramatenak korrika egiten, baina talde bat gara, eta oso ondo moldatu gara», nabarmendu du Mansok. Taldeko zaharrenak 50 urtetik gora ditu, eta gazteenak 30 bai behintzat. Jauregiri bitxia egiten zaio tartean korrika dezente egiten duen emakumeak edukitzea, eta honakoa gehitu du ondotik Mansok. «Azkenean ordu hori zuretzat edukitzeko ere izango da! Talde batean ez bazaude, askotan kosta egiten da libratzeko urrats hori egitea».
Uztailean eta abuztuan etena
Lehen saioak Majoriko kantxan egin zituzten, eta gogoan dituzte oraindik ere orduko agujetak. Pixkanaka aurre egiten ari direla diote, eta Hegoi Arrieta, haien irakaslea, ez dute saltzeko. «Oso dinamikoa da, alternatiba asko dauzka, eta oso ondo daki momentu bakoitzean zer egin behar duen», azaldu dute. Altamira estadioko 5. eta 6. kaleetan ariko dira korrika ekainera arte, eta irailean itzuliko dira. Etziko lasterketan, hala ere, ez dira izango.
Emakumeen lasterketa egingo dute aurreneko aldiz etzi arratsaldean
Aste osoan Ordizian garatzen ari diren Ordizian Kirolean ekimenaren barruko ekitaldirik aipagarriena etzi arratsaldean izango da: Emakumeen lasterketa. 18:00etan abiatuko da lasterketa plaza paretik, eta bost kilometro osatu beharko dituzte. Majorin, Urrutian eta Vicuñan eman daiteke izena, 3 euro ordainduta.
Hala ere, etziko ekitaldi bakarra ez da hori izango. 11:00etan, emakumeen kirolaren aldeko mezua zabaltzeko flashmob bat egingo dute Plaza Nagusian. 12:00etan, umeen moto lasterketa izango da; 12:30ean, Maite Frankok ipuinak kontatuko ditu; eta 19:30ean emakume kirolariak omenduko dituzte.