Ordiziako Bildu prest dago hondakinei buruz jendaurrean eztabaidatzeko
Ordiziako gainerako eragile politiko eta sindikalekin hondakinei buruzko eztabaida publiko batean parte hartzeko prest dago Ordiziako Bildu. Sasiker ikerketa taldeak gaur goizean egin dio proposamen hori Ordiziako Bilduri. “Gu han izango gara. Prest gaude birziklapenean emaitzarik onenak eman ditzakeen sistemari, eta osasun aldetik zein ikuspegi sozialetik egokiena den sistemari buruz hitz egin eta elkarlanean aritzeko”. Igor Eguren alkatearen esanetan, Sasikerrek hondakinen kudeaketari buruz Ordizian egin duen lana aurkeztu nahi du, eta aurkezpen hori baliatu eragileen iritziak entzuteko. “Baietz esan diogu Sasikerrek jendaurrean ideiak eta proposamenak eztabaidatzeko egindako proposamenari, aberasgarri izango delakoan”. Gaur arratsaldean egin ditu adierazpenok Egurenek, gobernu taldeko beste bost kiderekin egindako prentsaurrekoan. Usurbilgo Ituna onartu Hilabete da Ordizian hondakinen kudeaketari buruzko informazio eta sentsibilizazio kanpaina hasi zutela, eta dagoeneko 200 herritarrek parte hartu dute egindako hiru bileretan, Egurenek esan duenez. “Gai honek kezka sortzen dien herritarrek ere ari dira bilkurak antolatzen, eta horrek poztu egiten gaitu, zaborrarekin dugun arazoa mahai gainean jarri dugulako, eta herritarrok arduraz jokatu behar dugula onartzen ari garelako”. Oraindik beste bilera-hitzaldi batzuk egiteke dituzte, eta baita bi irteera ere: hilaren 16an Sasietara joango dira eta hilaren 23an Usurbilera. Horrekin lotuta, Egurenek jakinarazi du atzoko Gobernu Batzordean Usurbilgo Ituna onartu zutela. Euskal Herriko gehiengo sindikalak, [...]
Ordiziako gainerako eragile politiko eta sindikalekin hondakinei buruzko eztabaida publiko batean parte hartzeko prest dago Ordiziako Bildu. Sasiker ikerketa taldeak gaur goizean egin dio proposamen hori Ordiziako Bilduri. “Gu han izango gara. Prest gaude birziklapenean emaitzarik onenak eman ditzakeen sistemari, eta osasun aldetik zein ikuspegi sozialetik egokiena den sistemari buruz hitz egin eta elkarlanean aritzeko”.
Igor Eguren alkatearen esanetan, Sasikerrek hondakinen kudeaketari buruz Ordizian egin duen lana aurkeztu nahi du, eta aurkezpen hori baliatu eragileen iritziak entzuteko. “Baietz esan diogu Sasikerrek jendaurrean ideiak eta proposamenak eztabaidatzeko egindako proposamenari, aberasgarri izango delakoan”. Gaur arratsaldean egin ditu adierazpenok Egurenek, gobernu taldeko beste bost kiderekin egindako prentsaurrekoan.
Usurbilgo Ituna onartu
Hilabete da Ordizian hondakinen kudeaketari buruzko informazio eta sentsibilizazio kanpaina hasi zutela, eta dagoeneko 200 herritarrek parte hartu dute egindako hiru bileretan, Egurenek esan duenez. “Gai honek kezka sortzen dien herritarrek ere ari dira bilkurak antolatzen, eta horrek poztu egiten gaitu, zaborrarekin dugun arazoa mahai gainean jarri dugulako, eta herritarrok arduraz jokatu behar dugula onartzen ari garelako”. Oraindik beste bilera-hitzaldi batzuk egiteke dituzte, eta baita bi irteera ere: hilaren 16an Sasietara joango dira eta hilaren 23an Usurbilera.
Horrekin lotuta, Egurenek jakinarazi du atzoko Gobernu Batzordean Usurbilgo Ituna onartu zutela. Euskal Herriko gehiengo sindikalak, alderdi politiko gehienek eta Greenpeace elkarte ekologistak izenpetu dute itun hori, besteak beste. Udalaren webgunean ikus daiteke erabakiaren edukia. Horrez gain, hilaren 17an Donostian egingo den haize-errota handian parte hartzeko deialdia ere onartu zuen atzo gobernu batzordeak. Bi erabaki horiek Ordizia Zero Zabor elkarteak eskatuta hartu ditu.
Goierrin bi planta
GHHKPO Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokor berria ere gaur goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta Egurenek dioenez, plan berri hori “bizi dugun krisi sistematikoa aintzat hartuta” egin da. “Aurreikusitako kostuaren erdia izango du plan berriak, gipuzkoarrok ez baitugu euro bakar bat gastatuko Europako zuzentarauek markatzen duten bidea urratzen, alegia, birzikla daitekeena erretzen. Ez da posible baliabideak errauts bihurtzea”.
Plan berri horrek aurreikusten du tratamendu mekaniko-biologikoko hiru plantetatik bat Goierrin egitea, eta baita sei kospostguneetatik bat ere. Sasieta 2014ko abenduaren 31an itxiko dela ere badio planak.