Beasaingo, Zarauzko eta Azpeitiko alkateek txalotu egin dute foru aldundiak zabortegiak ixteko hartu duen erabakia
Koldo Agirre Beasaingo alkateak, Eneko Etxeberria Azpeitiako alkateak eta Juan Luis Illarramendik, Zarauzko alkateak, agerraldia eskaini dute gaur goizean komunikabideen aurrean. Gipuzkoako Foru Aldundiak aste honetan iragarri duen zabortegiak ixteko erabakia txalotu dute. Batetik, euren herrietako zabortegiak (Sasieta, Lapatx eta Urteta) “beranduenez, 2014ko abenduaren 31n itxiko dituztela” jakin dutela azaldu dute, eta albistea “garrantzitsua” gisa definitu dute. “Pozteko modukoa dela” ere esan dute. Hiru alkateen hitzetan, “askotan entzun izan dugu foru agintari ezberdinen ahotan hiru zabortegi hauek itxi egingo dituztela, baina hain argi eta hain irmo, inoiz ez”. Zabortegiei itxiera eguna jarri dietela ere azpimarratu dute alkateek, eta hortaz, euren “ametsgaiztoa” laster bukatuko dela ondorioztatu dute: “2015ean amaituko da zabortegi kutsakorren aroa, hainbeste luzatu den aroa”. Hiru herri horietako herritarrek, “orain arteko kudeaketa ereduaren ondorioz”, urteetan “kiratsa, kutsadura, isuriak eta ondorio negatiboak” sufritu dituztela esan dute alkateek, eta ildo beretik, Aldundiaren erabakiak “poza eta lasaitasuna” eragiten diela esan dute. Jarraitu dutenez, ez dute nahi “Gipuzkoako beste zonalde batzuetako herritarrek ondorio kutsakorrik eta arriskutsurik jasan ditzaten”, errauste plantari erreferentzia eginez. Aldundiaren erabakiaren harira, orain “horrelakorik gertatuko ez dela jakiteak” poztu egiten dituela esan dute. Orain arte “errauste plantak baldintzatzen zuen zabortegien itxiera”, esan dute. “Zabortegien itxiera errauste plantaren eraikuntzari lotuta ez [...]
Koldo Agirre Beasaingo alkateak, Eneko Etxeberria Azpeitiako alkateak eta Juan Luis Illarramendik, Zarauzko alkateak, agerraldia eskaini dute gaur goizean komunikabideen aurrean. Gipuzkoako Foru Aldundiak aste honetan iragarri duen zabortegiak ixteko erabakia txalotu dute.
Batetik, euren herrietako zabortegiak (Sasieta, Lapatx eta Urteta) “beranduenez, 2014ko abenduaren 31n itxiko dituztela” jakin dutela azaldu dute, eta albistea “garrantzitsua” gisa definitu dute. “Pozteko modukoa dela” ere esan dute. Hiru alkateen hitzetan, “askotan entzun izan dugu foru agintari ezberdinen ahotan hiru zabortegi hauek itxi egingo dituztela, baina hain argi eta hain irmo, inoiz ez”. Zabortegiei itxiera eguna jarri dietela ere azpimarratu dute alkateek, eta hortaz, euren “ametsgaiztoa” laster bukatuko dela ondorioztatu dute: “2015ean amaituko da zabortegi kutsakorren aroa, hainbeste luzatu den aroa”. Hiru herri horietako herritarrek, “orain arteko kudeaketa ereduaren ondorioz”, urteetan “kiratsa, kutsadura, isuriak eta ondorio negatiboak” sufritu dituztela esan dute alkateek, eta ildo beretik, Aldundiaren erabakiak “poza eta lasaitasuna” eragiten diela esan dute.
Jarraitu dutenez, ez dute nahi “Gipuzkoako beste zonalde batzuetako herritarrek ondorio kutsakorrik eta arriskutsurik jasan ditzaten”, errauste plantari erreferentzia eginez. Aldundiaren erabakiaren harira, orain “horrelakorik gertatuko ez dela jakiteak” poztu egiten dituela esan dute. Orain arte “errauste plantak baldintzatzen zuen zabortegien itxiera”, esan dute. “Zabortegien itxiera errauste plantaren eraikuntzari lotuta ez egoteak eta beste inolako baldintzari lotuta ez egoteak ere pozten gaitu, hori herritarrei xantaia egitea baita: arazo bat toki batetik kendu, beste toki batean arazo handiagoa sortzeko” gaineratu dute.
Egunotan, PSE-EEko, PPko eta EAJko hainbat ordezkariren ahotik “gezur ugari” entzun ahal izan direla salatu dute Agirrek, Etxeberriak eta Illarramendik, eta bide horretatik “aldentzeko” deia egin diete alderdiei. Planak zehazten dituen helburua eta norabidea “zero isurketa bermatzea” dela esan dute alkateek: “hondakinak ehuneko ehunean tratatuko dira, gaur egun ez bezala”. Egun zabortegietara hondakinen “%70” isurtzen dela argitu dute alkateek eta Aldundiak aurkeztu duen planarekin Gipuzkoan “zabortegien garaia” amaitu egingo dela ere gaineratu dute.
Horien ordez, planak hondakindegiak espazio degradatuetan egitea planteatzen duela esan dute alkateek. Haien hitzetan, “hondakindegi horietara birzikla ezin daitekeen hondakinak eramango dira, baina beti aldez aurretik tratatuta”. Azkenik, ekainaren 17an Donostian egingo den ekimenean parte hartzera deitu dituzte herritarrak.