Udal euskaltegiak ikasle eta herritarren iritziak bildu nahi ditu Oroimenaren liburuan
Beasaingo udal euskaltegiaren 25. urtemuga dela eta, hainbat ekitaldi egin dituzte dagoeneko, eta datozen aste eta hilabeteetarako ere, beste hainbat ekintza prestatu dituzte. Horietako bat, ikasleen eta herritarren iritziak biltzeko sortu duten Oroimenaren liburua da. Mari Paz Martin euskaltegiko zuzendariak azaldu duenez, «Norberak bere gogoetak eta oroimenak konpartitu ditzake, idatzi, marrazki edo bertso bidez. Guk hori euskaltegiaren oroimen eta ondare gisa gordeko dugu ». Liburua euskaltegiko sarreran dago, eta bertatik pasa diren ikasleei eta nahi duten herritar eta eragile guztiei egin diete beraien mezuak idazteko deia. Beasaingo udal euskaltegia, 1987ko irailean zabaldu zuten. Aitor Larburu zinegotziak gogorarazi duenez, aurreneko urte hartan 103 ikaslek eman zuten izena. Harrezkero, «4.000 ikasle inguru pasa dira udal euskaltegitik». Gaur egun, 150 ikasle, 6 irakasle eta administrari bat dituzte. Orain arteko ibilbidea oparoa izan bada ere, aurrera begira beste zenbait erronka dituztela azaldu zuen Mari Paz Martinek. «Horietako bat, jendearengana urbiltzen asmatzea eta bakoitzak duen perfilaren araberako eskaintza egitea» izango da. Horrekin batera, hobekuntzaren bidean jarraitzea eta teknologia berrien arloan sakontzea lortu nahi dute. Bide horretan, blog bat (beasaingo-udaleusk.blogariak.net) eta twitter kontua estreinatu dituzte aurten. Urteurreneko ekitaldiekin jarraituz, ekainaren 16an, egun pasako irteera egingo dute Getariara, bertako txakolindegi bat eta Balentziaga museoa ikustera. Orain arte, erantzun [...]
Beasaingo udal euskaltegiaren 25. urtemuga dela eta, hainbat ekitaldi egin dituzte dagoeneko, eta datozen aste eta hilabeteetarako ere, beste hainbat ekintza prestatu dituzte. Horietako bat, ikasleen eta herritarren iritziak biltzeko sortu duten Oroimenaren liburua da. Mari Paz Martin euskaltegiko zuzendariak azaldu duenez, «Norberak bere gogoetak eta oroimenak konpartitu ditzake, idatzi, marrazki edo bertso bidez. Guk hori euskaltegiaren oroimen eta ondare gisa gordeko dugu ». Liburua euskaltegiko sarreran dago, eta bertatik pasa diren ikasleei eta nahi duten herritar eta eragile guztiei egin diete beraien mezuak idazteko deia.
Beasaingo udal euskaltegia, 1987ko irailean zabaldu zuten. Aitor Larburu zinegotziak gogorarazi duenez, aurreneko urte hartan 103 ikaslek eman zuten izena. Harrezkero, «4.000 ikasle inguru pasa dira udal euskaltegitik». Gaur egun, 150 ikasle, 6 irakasle eta administrari bat dituzte.
Orain arteko ibilbidea oparoa izan bada ere, aurrera begira beste zenbait erronka dituztela azaldu zuen Mari Paz Martinek. «Horietako bat, jendearengana urbiltzen asmatzea eta bakoitzak duen perfilaren araberako eskaintza egitea» izango da. Horrekin batera, hobekuntzaren bidean jarraitzea eta teknologia berrien arloan sakontzea lortu nahi dute. Bide horretan, blog bat (beasaingo-udaleusk.blogariak.net) eta twitter kontua estreinatu dituzte aurten.
Urteurreneko ekitaldiekin jarraituz, ekainaren 16an, egun pasako irteera egingo dute Getariara, bertako txakolindegi bat eta Balentziaga museoa ikustera. Orain arte, erantzun ona izan dutela azaldu dute, dagoeneko autobus bat bete baitute.
Bestalde, 25. urtemugako ekitaldi nagusia irailean, ikasturte hasierarekin batera egingo dutela azaldu dute. Urritik abendura bitartean artean ere, beste ekintza batzuk izango dira; tartean, iaz aurreneko aldiz egin zuten mintzadromoa, herritarren partetik «harrera ona» izan zuena.
Udako ikastaroa
Urteurreneko ekitaldien berri ematearekin batera, aurten ere udako ikastaroa antolatu dutela jakinarazi zuten euskaltegiko arduradunek. Mari Paz Martinek azaldu zuenez, «egunean lau orduko ikastaroa izango da, eta ekainaren 25etik uztailaren 20ra izango da bat, eta bestea irailean». Izena emateko epea, hil honen 15ean bukatuko da.