Igartza igeriketa taldeak mende laurdena bete du
Beasaingo Igartza Igeriketa Taldeak 25 urte bete ditu aurten, eta urtemuga ospatzeko, festa eguna antolatu dute biharko. Urte gutxian taldea asko hazi bada ere, oraindik ez da oso ezaguna herritarren artean. Horregatik, biharko festarekin «taldea herritarrei gerturatzea» lortu nahi dutela azaldu dute arduradunek. Iker Zurutuza hasieratik dago taldean. Ikasle moduan hasi zen, eta egun taldeko presidentea da. Berak azaldu duenez, Jaione Iurramendi izan zen aurreneko pausuak eman zituena. «Bera ere igerilaria izandakoa zen, eta kiroldegira lanera etorri zenean, taldea sortu zuen». Hasiera hartan, hogeita bost bat umek osatzen zuten taldea. Taldeak bilakaera handia izan du geroztik, batez ere azken urteetan. Gorka San Sebastianek azaldu duenez, «igerileku berriarekin eman genuen saltorik handiena». Izan ere, lehen kale bakarra eta estua zuten entrenatzeko; igerileku berrian, ordea, «behar bezalako bi kale» dituzte, bakoitza bina metroko zabalerakoak eta 25 metroko luzeerakoak. Igerilekua berritu zutenetik, asko igo da taldeko igerilari kopurua. Zurutuzaren esanetan, «denbora gutxian, 60 izatetik 120 izatera pasa gara». Horrez gain, igerilariei ibilbide osoa bertan egiteko aukera ematen zaie orain. «Guk 14-15 urte genituenean, Ordiziara joan behar izaten genuen. Orain aukera dute hemen nahi duten arte aritzeko». Taldea eta txapelketak Igartza Igeriketa Taldearen filosofia, igerian aritu nahi duten guztiei tokia egitea izan da. San Sebastianen hitzetan, «igerian egin nahi duten denek dute tokia gure taldean. [...]
Beasaingo Igartza Igeriketa Taldeak 25 urte bete ditu aurten, eta urtemuga ospatzeko, festa eguna antolatu dute biharko. Urte gutxian taldea asko hazi bada ere, oraindik ez da oso ezaguna herritarren artean. Horregatik, biharko festarekin «taldea herritarrei gerturatzea» lortu nahi dutela azaldu dute arduradunek.
Iker Zurutuza hasieratik dago taldean. Ikasle moduan hasi zen, eta egun taldeko presidentea da. Berak azaldu duenez, Jaione Iurramendi izan zen aurreneko pausuak eman zituena. «Bera ere igerilaria izandakoa zen, eta kiroldegira lanera etorri zenean, taldea sortu zuen». Hasiera hartan, hogeita bost bat umek osatzen zuten taldea.
Taldeak bilakaera handia izan du geroztik, batez ere azken urteetan. Gorka San Sebastianek azaldu duenez, «igerileku berriarekin eman genuen saltorik handiena». Izan ere, lehen kale bakarra eta estua zuten entrenatzeko; igerileku berrian, ordea, «behar bezalako bi kale» dituzte, bakoitza bina metroko zabalerakoak eta 25 metroko luzeerakoak. Igerilekua berritu zutenetik, asko igo da taldeko igerilari kopurua. Zurutuzaren esanetan, «denbora gutxian, 60 izatetik 120 izatera pasa gara». Horrez gain, igerilariei ibilbide osoa bertan egiteko aukera ematen zaie orain. «Guk 14-15 urte genituenean, Ordiziara joan behar izaten genuen. Orain aukera dute hemen nahi duten arte aritzeko».
Taldea eta txapelketak
Igartza Igeriketa Taldearen filosofia, igerian aritu nahi duten guztiei tokia egitea izan da. San Sebastianen hitzetan, «igerian egin nahi duten denek dute tokia gure taldean. Badaude konpetizioaren ar hori sartuta dutenak, eta txapelketetan aritu nahi dutenak; baina baita medikuak agindu dielako osasunagatik etortzen direnak, edo besterik gabe igerian aritzea kirol moduan gustuko dutenak ere. Hori izan da betidanik gure filosofia».
Taldea zabaldu ahala, «abanikoa ere zabaldu» egin behar dela dio Zurutuzak. « badago jendea txapelketetan aurrera joan nahi duena, motibazio hori nahi duena, eta taldetxo bat sortzeko aukera ikusiz gero, ezin dituzu atzean utzi, aukera hori eman behar zaie». Hori dela eta, datozen lau urteetarako erronka bat jarri dute: Euskadiko txapelketetan parte hartuko duen hamar-hamabi laguneko taldetxo bat osatzea. Gaur egun, igerilari bat dute, azkeneko Euskadiko udako hiru txapelketetan parte hartu dutena. Helburua ordea, egun 12-14 urte dituztenen taldea hartu, eta hiruzpalau urtean txapelketa horien mailan ibili ahal izatea da.
Duela urte gutxi hasi dira aurreneko sariak lortzen, eta harro erakusten dituzte. San Sebastianek azaldu duenez, beretzat saririk bereziena aurrenekoa izan zen. «Duela hiru urte, hirugarren sari bat lortu genuen Gipuzkoako Kopan, eta izugarria izan zen. Geroztik udako eta neguko txapelketak irabazi ditugu, eta horiek garrantzitsuagoak dira, baina bereziena aurrenekoa izan zen».
Aurten egin duten beste aurrerapen bat, irteeretarako autobusa jartzea izan da. «Lehen kotxeetan ibiltzen ginen, gurasoekin eta. Gutxi ginenean ondo zegoen, baina iritsi zen une bat, autobidean hamar kotxeko ilara bat osatu genuena, eta orduan esan genuen ‘honek ezin du horrela jarraitu’». Harrezkero irteera guztiak autobusean egiten dituzte, eta horrek, talde izaera sendotu egin duela uste dute. «beraien arteko talde giroa ere hobetu egin du horrek, autobusean denak elkarrekin eta giro onean» joaten baitira.
Urteurreneko ospakizuna
Taldearen 25. urtemuga ospatzeko, festa giroko eguna antolatu dute biharko. Goizez (11:00-13:00) eta arratsaldez (), Gernika pasealekuko frontoian izango dira. Puzgarriak jarri eta jokoak egingo dituzte; baita urarekin lotutako jolasak ere. «Igerileku txiki bat jarriko dugu, umeak jolasean aritzeko». Urteurreneko logoa eta txapel bereziak ere atera dituzte. Datorren asteburuan, Zuatzara (Araba) egingo duten irteerarekin borobilduko dituzte urteurreneko ospakizunak.
Irailean berriz, Leire Contrerasen omenezko proba egingo dute. «Ikasturte hasiera moduko bat» izaten dela azaldu du Zurutuzak, «umeei igerian aritzeko arra pizteko». Goierriko taldeetako ehun bat igerilari biltzen dira, eta igerilari ohien eta gurasoen artean, australiar erako proba bat ere egiten dute, dena jai giroan.