Nazioen Munduak herritarren ekimena eta lidertza aldarrikatuko du bihar Lazkaon, ‘Gure esku dago’ jaialdiarekin
Bost urteko ibilbidea beteko du aurten Nazioen Mundua herri ekimenak. Idiazabalgo herri-kirol taldean piztutako txinparta Goierrira zabaldu, eta autodeterminazio kontzeptuari duintasuna itzularazteko lanean, hurrengo geltokia Lazkao izango da, bihar. Euskal Herri osoari eragin nahi dion oinarrizko eskubide baten berrantolaketan —erabakitzeko ahalmenaren subjektua eta esparura nor eta non den—, lidertza herritarrek hartu behar dutela aldarrikatuko dute, Eskoziaren eredua betertzean dela. Hitz joko esanguratsuen bidezko esloganekin gorpuztu dituzte orain arteko jaialdiak eta ekimenak, ibilbidearen iparraren bila —autodeterminazio eskubidea onartzea eta aitortzea—. Pasalanga, Unea iritsi da (2010) eta Gero eta argiago (2011) goiburuen ondotik, biharko Gure esku dago unean kokatu dute lanketa, berriki Gazta zati bat definitu ostean. Orain, «ahalik eta jende gehien aktibatzea» da zeregina, Nazioen Munduko Angel Oiarbidek dioenez (Goiberri-k elkarrizketa argitaratu du gaur), «etorkizuna erabakitzea gure esku dagoela ikusaraztea». Bost urteotako lanak fruituak eman ditu. Batetik, ideologia desberdineko jendea gutxieneko batean ados jartzea, «euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea behar dutela», dio Lazkaoko Nazioen Munduko Aloña Galarragak. Metodologia-ikuspegian izan da beste eraldaketa bat: «Pixkanaka, Idiazabalgo ahalegin eta indar metaketa hura Goierriko herritara zabaltzen joan zen. Lan askoren ondoren, herrietan jendea konturatzen hasi zen elkarren aurka ez, baizik eta elkarrekin gauzak eginda bideak beste zentzu bat hartzen duela. Zentzu baikorra, itxaropentsua», jarraitu du [...]
Bost urteko ibilbidea beteko du aurten Nazioen Mundua herri ekimenak. Idiazabalgo herri-kirol taldean piztutako txinparta Goierrira zabaldu, eta autodeterminazio kontzeptuari duintasuna itzularazteko lanean, hurrengo geltokia Lazkao izango da, bihar. Euskal Herri osoari eragin nahi dion oinarrizko eskubide baten berrantolaketan —erabakitzeko ahalmenaren subjektua eta esparura nor eta non den—, lidertza herritarrek hartu behar dutela aldarrikatuko dute, Eskoziaren eredua betertzean dela.
Hitz joko esanguratsuen bidezko esloganekin gorpuztu dituzte orain arteko jaialdiak eta ekimenak, ibilbidearen iparraren bila —autodeterminazio eskubidea onartzea eta aitortzea—. Pasalanga, Unea iritsi da (2010) eta Gero eta argiago (2011) goiburuen ondotik, biharko Gure esku dago unean kokatu dute lanketa, berriki Gazta zati bat definitu ostean.
Orain, «ahalik eta jende gehien aktibatzea» da zeregina, Nazioen Munduko Angel Oiarbidek dioenez (Goiberri-k elkarrizketa argitaratu du gaur), «etorkizuna erabakitzea gure esku dagoela ikusaraztea».
Bost urteotako lanak fruituak eman ditu. Batetik, ideologia desberdineko jendea gutxieneko batean ados jartzea, «euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea behar dutela», dio Lazkaoko Nazioen Munduko Aloña Galarragak.
Metodologia-ikuspegian izan da beste eraldaketa bat: «Pixkanaka, Idiazabalgo ahalegin eta indar metaketa hura Goierriko herritara zabaltzen joan zen. Lan askoren ondoren, herrietan jendea konturatzen hasi zen elkarren aurka ez, baizik eta elkarrekin gauzak eginda bideak beste zentzu bat hartzen duela. Zentzu baikorra, itxaropentsua», jarraitu du Galarragak.
Lazkaoko jaialdian hiru-bat mila lagun elkartzea espero dute, goierritarrak zein Euskal Herri osokoak. Nazioen Munduak haiengan ipini du giltza; bidea aurkitu, lehen oztopoak gainditu, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko prozesua ibiltzeko garaian bete-betean sartu dela iritzita.
‘Flashmob’-erako dena prest
Elkartzearen adierazgarri, Pirritx eta Porrotx pailazoen Eskuetan abestiarekin egingo duten dantza-koreografia edo flashmoba litzateke. Bostehun pertsonatik gora bildu nahi dituzte, Lazkaoko plazan.
Goierriko herri ugaritan egin dituzte joan direneko hiru asteotan entseguak, bat baino gehiago askotan. Azkeneko saioak geratzen dira oraindik, gaurko, dantza-pausoak ikasi nahi dituztenentzat. Gaur Itsasondon (17:00etan, kultur etxean) eta Beasainen (19:30ean, Ostadar dantza taldearen aretoan) jardungo dira koreografiarekin.
Festa-giroan, eta bitxikeria modura, asto-kaka lehiaketa egingo dute, bihar arratsaldean. Joxpi Intsaustiren lau astori jare egingo diete, 19:30ean, ikastolaren eta plazako frontoiaren arteko eremu hesituan. Gorotza lehenbiziko egiten duenak izendatuko du saria —600 euro—. Lurra aurrez koadroka markatuko dute antolatzaileek. Zati bakoitzaren errifa-txartelak saldu dituzte, eta ongarritutako laukia noren izenean dagoen, txartel horren jabeak jasoko du diru-saria.
Laguntzaile eske
Lazkaora bihar jendetza bilduko dela aurreikusten dutenez, antolakuntza lanetarako ere boluntario talde mardula prestatu dute. Laguntza gehiagoren premian dira, ordea. Taberna-barran txandak egiteko jendea behar dute. 22:00etatik 02:00etara lauzpabost lagun, eta 02:00etatik itxi arte beste 5-7 behar dira. Prest dagoenak mezua igor dezake (nazioenmundua@nazioenmundua.net).
Eguerdian, herri bazkaria izango da plazako pilotalekuan. Bazkaltzeko, txartela erosi behar da (15 euro), edaritegi hauetan: Troskaeta (Ataun); Antzizar eta Basakana (Beasain); Batzokia (Idiazabal); Alboka, Giroa, Herrikoa eta Zelata (Lazkao); Ordiziako Herrikoa; Elorripe (Segura); eta Joxepane (Zaldibia).
Bestetik, Lazkaoko Udaltzaingoak jakinarazi du, biharko jaialdia dela-eta, Euskadi enparantza ondoko aparkalekuaren zati bat itxita egongo dela. Autorik ezingo da eremu batean aparkatu, gaur arratsaldetik aurrera.
Egitaraua
‘Gure esku dago’ jaialdia, bihar, ekainak 9, Lazkaon
- 11:00. Erremonte jaialdia, Barandiaran kiroldegian. Gipuzkoako III. Kopako partida eta erakustaldikoa.
- 13:30. Kalejira, Lazkaotxiki musika eskolako trikitilariekin.
- 14:30. Herri bazkaria, plazako frontoian. Txartelak Goierrin barrena salgai.
- 18:00. ‘Eskuetan’ abestiarekin ‘flashmob’ dantza, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin.
- 19:30. Sagardo dastatzea, talo jana.
- 19:30. Asto kaka lehiaketa.
- 22:00. Kontzertua: Lauroba eta Esne Beltza.