Aitor Lealek irabazi du Ehunmiliak proba
Aitor Lealek irabazi du Ehunmiliak proba, helmugaratzen lehendabizikoa izan ondoren. Emakumeen artean Xari Adrian izan da garailea. Lealek gaua “zaila” izan dela esan du amaieran baina oso pozik agertu da. 23:26:55 denbora egin du, aurreikuspen guztiak hautsiz, izan ere antolatzaileek Txindokiko gaina ibilbidetik ateratzea erabaki dute, lasterketari kilometro bat eta erdi kenduz. Eguraldiak eragin du erabaki hau. Antolatzaileak eta bolondresak goraipatu ditu irabazleak. Esan duenez,”bidean inoiz ez zaude bakarrik. Markak falta ziren leku batean eta antolakuntzako bolondres batek lagundu dit tarte batean”. Eroriko bat izan duela eta mina hartu duela ere esan du, eta uztekotan egon dela, baina neska baten sendagaiari esker jarraitu duela. Biziki eskertu dio bere laguntza neska anonimo horri. Gizonen artean, Imanol Aleson bigarren helmugaratu da. 18:00ak inguruan. 24:05:35 denbora egin du azkoitiarrak. Emakumeen artean, Jone Urkizuk egin du bigarren.
Ehunmiliak proban 187 korrikalaritik 64 erretiratu egin direla esan dute antolakuntzakoek, gaur arratsaldeko lehen orduan.