Iker Zurutuza: "Zati batzuk oso arriskutsuak zeuden, bospasei aldiz erori naiz lurrera"
Iaz bezala, aurten ere, Luis Lasarekin batera heldu da helmugara Idiazabalgo Iker Zurutuza. “Lehertuta”, zaurituta iritsi da helmugara eta anbulatoriora eraman dute, zauriak sendatzera. Zurutuza izan da lehenengo goierritarra.
Zer moduzko lasterketa izan da gaurkoa?
Oso gogorra izan da euri asko egin du gauean. Zati batzuk oso arriskutsuak zeuden. Bost-sei aldiz erori naiz. Zauriz beteta nago, baina beroan jarraitu dut eta helmugara ondo iritsi naiz. Hoztu denean, orain komeriak. Ukolondoan eta buruan puntuak emango dizkidate.
Iaz ere parte hartu zenuen. Iaz eguzkia eta beroa izan zenuten eta aurten euria.
Aurten, iazkoa baino askoz ere gogorragoa izan da euriagatik. Zira goraino lotu eta guk zortea daukagu, bi lagun beti elkarrekin ibiltzen garela. Eta bi lagun joatea, bi frontal eta lau begi daude eta gaua hobeto pasatzen da. Elkarrekin hizketan, argi gehiago, laguntasuna…
Zein izan da gaurko Aralarko irudia?
Oso gogorra. Sirimiria atertu gabe, lokatza, bustia, momentu batzuetan ere dezente hoztu gara. Azkenean gelditu gabe etorri gara helmugaraino, hoztu gabe.