Iluntasunetik irten dira korrikalariak Lizarrustin
Goizeko laurak Lizarrustin.2 Handiak lasterketako korrikalariak pixkanaka kontrol gunea igaroz doaz. Behelainoa tarteka, euria eta hotza nabariagoak dira orain. Korrikalariak iluntasunetik agertzen dira, eta gainean daramatzaten linternen argiek gidatuta aurkitu behar dituzte zaleek. Nerea Amilibia korrikalaria herrenka iritsi da kontrol gunera eta lasterketatik irten da, berarekin zihoanari zorte ona opatuz. Zaleen artean jada ez da ikusten lehenagoko jendetza, baina Lizarrustiko aparkalekua ere txiki geratu da.
Sei t’erdiak. Korrikalari gehienak igaro dira eta zerua argituz doa. Txindokin igarotako hotza da mintzagai nagusia. Sekulako hotza egin omen du goikalde hartan. Euriak bustita, korrikalari asko dardaraz iritsi dira Lizarrustira. Arropa aldatzeko eta mokadu bat egiteko baliatu dute gehienek gunea, eta askok, baita erretiratzeko ere. 20 korrikalaritik gora autobusaren zain zeuden Lizarrustin, asko oheetan lo edo deskantsatzen. Aparkalekuan, orain bai, lekua soberan dago. Korrikalari batzuk harrituta komentatu dute nola Lizarrustira bidean kanpin dendetan zegoen jendea topatu duten. Kanpineko kremailera edi irekitik animatu dituztela diote.
Ehunmilak lasterketari dagokionez, Aitor Lealek jarraitzen du lasterketa buruan. Amezketan 12 ordu eta 16 minutuko denbora egin du, bigarrenak baino 20 minutu gutxiago.













