Alberto Frias, goi tentsioko argindar lineei buruz: “Etorkizun elektrokutatu samarra izango dugu Goierrin»
Autopista Elektrikorik Ez plataformaren aholkulari Alberto Friasek hitzaldia egingo du gaur Seguran (19:00etan, kultur etxean), Deikaztelutik Itsasora eraiki nahi duten goi tentsioko lineaz. Espainiako Gobernuaren oniritziaren faltan, Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko argindar linea (400.000 voltiokoa) geroz eta gertuago ikusten du Alberto Frias aholkulari gasteiztarrak. Uda honetan onartuko dutela uste du. Gueñes-Itsaso linea ere prozesuaren une berean dago, estatuko elektrika sektorearen plangintza berriaren arabera. Deikaztelu-Itsaso argindar linearen proiektuaz zer dakizue azkena? Azkena, zail dagoela. Hasierako egitasmoaren zain gaude. Egitasmoa 2011ko abuztuan aurkeztu, eta tartean Espainiako Gobernuak dekretu bat atera du, REE Red Electrica de España enpresari —adminitratzaile bakarra hura delako— argindar sektorea eta goi tentsioko lineak berriz planifikatzeko agintzen diona. Ekainaren 30era arteko epea zeukan. REEk sare hori eraikitzeko erabakia berretsi du plangintza berrian ere, plataformak berriki salatu duenez. Dakigunez, publikoki inolako albisterik atera ez duten arren, proiektua mantendu dute. Orain, Espainiako Gobernuak plangintza berria onartzen duen ala ez zain gaude. Horretarako eperik ez dago, gobernu honek gauza oso dibertigarriak egiten dituelako, guztiak errege-dekretu bidez, eta lege dekretuek ez dute behar tramitazio parlamentariorik. Ministroen Kontseiluak erabakiko du, eta kito. Itxura guztien arabera, REEren nahia aurrera egitea da, eta gobernuak onartu egingo du. Zergatik agindu zaio hasierako plangintza aldatzeko? Proiektua urteko %3 edo [...]
Autopista Elektrikorik Ez plataformaren aholkulari Alberto Friasek hitzaldia egingo du gaur Seguran (19:00etan, kultur etxean), Deikaztelutik Itsasora eraiki nahi duten goi tentsioko lineaz. Espainiako Gobernuaren oniritziaren faltan, Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko argindar linea (400.000 voltiokoa) geroz eta gertuago ikusten du Alberto Frias aholkulari gasteiztarrak. Uda honetan onartuko dutela uste du. Gueñes-Itsaso linea ere prozesuaren une berean dago, estatuko elektrika sektorearen plangintza berriaren arabera.
Deikaztelu-Itsaso argindar linearen proiektuaz zer dakizue azkena?
Azkena, zail dagoela. Hasierako egitasmoaren zain gaude. Egitasmoa 2011ko abuztuan aurkeztu, eta tartean Espainiako Gobernuak dekretu bat atera du, REE Red Electrica de España enpresari —adminitratzaile bakarra hura delako— argindar sektorea eta goi tentsioko lineak berriz planifikatzeko agintzen diona. Ekainaren 30era arteko epea zeukan.
REEk sare hori eraikitzeko erabakia berretsi du plangintza berrian ere, plataformak berriki salatu duenez.
Dakigunez, publikoki inolako albisterik atera ez duten arren, proiektua mantendu dute. Orain, Espainiako Gobernuak plangintza berria onartzen duen ala ez zain gaude. Horretarako eperik ez dago, gobernu honek gauza oso dibertigarriak egiten dituelako, guztiak errege-dekretu bidez, eta lege dekretuek ez dute behar tramitazio parlamentariorik. Ministroen Kontseiluak erabakiko du, eta kito. Itxura guztien arabera, REEren nahia aurrera egitea da, eta gobernuak onartu egingo du.
Zergatik agindu zaio hasierako plangintza aldatzeko?
Proiektua urteko %3 edo 4ko hazkunde ekonomikoaren neurrira eginda dago. Balio ekonomiko berriak eta oraingo energia gastua sartu behar izan ditu. Irailean zinpetu genuen helegitean hiru argumentuetako bat horixe zen, eta zehazki hor oinarritu da gobernuaren lege-dekretua, datu makroekonomiko berrien eta sektore elektrikoaren egoeran. Azpiegitura oinarritu duten datuak erabat atzeratuak daude, ez dira benetakoak.
Argindar sareak gehiegizko neurria duela ere salatu duzue. Dagoen eskarirako zabalegia?
Lineen interfuntzioa dagoela uste dugu. Behar direnak baino bi aldiz gehiago daude. Ezkio-Itsaso goi tentsioko lineen korapiloa da. Hain zuzen, autopista elektriko bat ez da zeharkatzen duen inguruetako beharrak asetzeko, horrek ez du justifikatzen. Proiektuak esaten duena bai da balizko ekoizpen instalazio berrien ebakuaziorako dela. Nafarroan, ia erabat monokultibo elektrikora igaro gara, energia eolikoaren garapen ospetsuaz aparte Castejongo zentral termikoa bikoiztu egin dute. Urteak daramagu Frantziako estatutik energia inportatzen dela entzunez. Duela lau urtetik penintsulako sistemak esportatu egiten du. Frantziara elektrizitate gehiago eramaten du ekartzen duena baino. Estatuan 100.000 megawatteko gaitasuna dago instalatuta, eta gehieneko kontsumo unea 44.000ra iristen da. Beraz, kontsumo maximoa baino bi aldiz potentzia gehiago dago.
Goi tentsioko linea gehiago eraikitzeko asmoak, beraz, esportazioarekin du zerikusia?
Guk esan izan dugu etxebizitzaren burbuilaren lekuan burbuila elektrikoa sortzen ari direla. Gertueneko adibidea jartzearren, Iberdrolaren akziodun nagusia ACS eraikuntza enpresa da. Zentzu horretan, Deikaztelu-Itsaso esportatzen jarraitzeko beharraren ondorio da. Azkenean, linea hau elektrikako multinazionalek instalatutako potentzia soberakinaren arazoa konpontzeko da, beste arrazoirik ez du. Kasu honetan frantziar estatura esportatuz, Ezkio-Itsason barrena.
Muru Artederretatik Gasteizerako linearen ordezkoa dela esan duzue Deikaztelu-Itsaso. Hura geratzeko giltzarria zein izan zen?
Asko dira, baina funtsezkoena izan zen eragingo zioten udalerriak aurka ipintzea lortu zela, orduan sortutako plataformatik. Eta gai batean arrazoia biluztu izana: instalakuntzaren berezko beharra. Zeren, gaur egun ere, instalakuntzak aseko lituzkeen beharretan sartzen gara gehiago, trazatu baten edo bestearen kalte partikularretan baino gehiago. Muru Artederreta – Gasteiz linea, ez da ahaztu behar, Josu Jon Imazek eskatu zuen Industria sailburu zen garaian. Kuriosoki, une honetan energiarekin zerikusia duen enpresa pribatu batean lan egiten du. Proiektuak zeintzuk diren, zerikusi handia baitago. Orduan lortu genuen linearen aurka ez udalerriak jartzea bakarrik, indar politikoek ere Legebiltzarrean mozioak onartzea. Proiektuaren burugabekeria eta trazatuaren kalteak hain handiak ziren, ezen hasieran babesten zuten alderdietako udalak ere aurka ipini baitziren. Ezin da ahaztu REE PSOEren gobernuak pribatizatutako enpresa dela, eta orain hilabete gutxi arte presidentea Industria ministro ohi bat zuela. Alderdien arteko interes gurutzatuetan egon daiteke, egiazki, honen guztiaren giltza.
Oraingo proiektua gerarazteko, ez dago orduko baldintzarik?
Erkidego autonomoko gobernuak ez du osaera bera. Enpresa pribatu bihurtu zuen alderdiarekin, kideak agintari izandakoak, eta Industria nahiz Ingurumen sailen erantzun guztiz lotsagarriekin topatu gara. Bioaniztasun departamentuko arduradunen ahotik entzun behar izan genuen herriren batek jasan beharko zuela kaltea. Linearen ezaugarriei buruz jakintza handirik zeukatenik ez genuen argi ikusi, baina bai defentsa zorrotza, aurreko gobernuaren proiektua dela, alderdi berekoak direla, eta horrenbestez gauzatu beharko dela defendituz.
Gueñes-Itsaso argindar linearen proiektua nola dago?
Deikaztelu-Itsasoren prozedura-egoera berdinean dago, ia urtebete lehenagokoa den arren. Biak Itsason bukatuko diren kasualitatea errepikatzen da, korapilo izaeragatik. Gobernu zentralak plangintza berria onartuko zain dago Gueñes-Itsaso ere. REEk esan duenagatik, iruditzen zaigu biak mantenduko dituela.
Goierri elektrizitate gune erraldoi bihurtuko da. Dagoeneko ez bada…
Kontuan hartuta Itsasora hiru linea iritsiko direla, 400.000 voltiokoa eta gaur egungo 200.000ko bi Sakanan barrena, eta goi tentsioko linea handien interkonexio korapilo horretan bilduko direnez guztiak, bada, grafikoki zerbait esatearren, etorkizun elektrokutatu samarra izango dugu.
Zein eragin ekar ditzake?
Mesederik, noski, ez. Autopista elektriko izena deskribatzeko baino gehiago da: 120 kilometro luzeko korridoreaz ari gara; 30-40 metro zabal, onenean. 400.000 voltio, munduan denik tentsio handieneko linea da. Bikoitza gainera, joan-etorrikoa, 16 harikoa. Kalteak besterik ez ditu. Lurralde bat sakrifikatzea esan nahi du, kasu honetan 24.000 milioi euroko tarifa-defizita daukan merkatu elektrikoa sendatzearen mesedetan.