Legazpiko udal gobernuak atez ateko sistemaren aldeko apustuari eutsi dio
Legazpiko udal gobernuak atez ateko zabor bilketaren aldeko jarrera mantentzen du. Hori ondorioztatu daiteke behintzat, aste honetan egin den osoko bilkuran EAJ alderdiak egindako galderei Bilduko ordezkariek emandako erantzunetatik. Pasa den astean, Legazpiko Birziklatzearen Aldeko eta Atez Atekoaren Aurkako Herri Plataformak egindako sinadura bilketaren emaitzak publiko egin zituen. Aurkezpenean adierazi zutenez legazpiarren %52k atez ateko bilketa sistemaren aurka sinatu zuen. Ordutik, udal gobernuak gaiaren inguruan emango duen erantzunaren zain dira plataformakoak. Hain zuzen, horren haritik atera zuen gaia Jabier Iraeta EAJko kideak, asteazkenean egin zen osoko bilkurako galdera eta erreguen tartean. Bi galdera luzatu zizkion Kepa Urtzelai alkateari: herri plataforma uztailaren 2an izandako bileratik zain zegoela eta erantzun bat noiz eman behar zuten, eta herrian bosgarren edukiontzia jartzeko asmorik bazuen ala ez. Alkateak erantzun zion lehenengo galderari. Zehaztu zuenez, udal gobernuak asteazkenean bertan bidali zion erantzuna plataformari. «Erantzuna beraiei iritsi baino lehen ez dugu hemen publiko egingo», gaineratu zuen. Igor Urrate ingurumen zinegotziak hartu zuen hitza, gero, bosgarren edukiontziaren gainean hitz egiteko. Bere hitzak zuzenak izan ziren eta ez zuten zalantzetarako tarterik utzi. «Ez dauka zentzurik bosgarren edukiontzia jartzeak, hemendik hilabete gutxi barru beste sistema baten aldeko apustua egin behar dugunean. Herritarrak nahastea litzateke», esan zuen. Iraeta ez zen bat [...]
Legazpiko udal gobernuak atez ateko zabor bilketaren aldeko jarrera mantentzen du. Hori ondorioztatu daiteke behintzat, aste honetan egin den osoko bilkuran EAJ alderdiak egindako galderei Bilduko ordezkariek emandako erantzunetatik.
Pasa den astean, Legazpiko Birziklatzearen Aldeko eta Atez Atekoaren Aurkako Herri Plataformak egindako sinadura bilketaren emaitzak publiko egin zituen. Aurkezpenean adierazi zutenez legazpiarren %52k atez ateko bilketa sistemaren aurka sinatu zuen. Ordutik, udal gobernuak gaiaren inguruan emango duen erantzunaren zain dira plataformakoak.
Hain zuzen, horren haritik atera zuen gaia Jabier Iraeta EAJko kideak, asteazkenean egin zen osoko bilkurako galdera eta erreguen tartean. Bi galdera luzatu zizkion Kepa Urtzelai alkateari: herri plataforma uztailaren 2an izandako bileratik zain zegoela eta erantzun bat noiz eman behar zuten, eta herrian bosgarren edukiontzia jartzeko asmorik bazuen ala ez.
Alkateak erantzun zion lehenengo galderari. Zehaztu zuenez, udal gobernuak asteazkenean bertan bidali zion erantzuna plataformari. «Erantzuna beraiei iritsi baino lehen ez dugu hemen publiko egingo», gaineratu zuen. Igor Urrate ingurumen zinegotziak hartu zuen hitza, gero, bosgarren edukiontziaren gainean hitz egiteko. Bere hitzak zuzenak izan ziren eta ez zuten zalantzetarako tarterik utzi. «Ez dauka zentzurik bosgarren edukiontzia jartzeak, hemendik hilabete gutxi barru beste sistema baten aldeko apustua egin behar dugunean. Herritarrak nahastea litzateke», esan zuen.
Iraeta ez zen bat etorri adierazpenarekin, eta herritarrak «sistema berriaren ezarpenarekin» nahastuko dituztela erantzun zion, hauek edukiontzien sistemara ohituta daudela gehituz. Alderdi bereko Ane Urkiolak, berriz, alkateari osoko bilkuran gairi buruz hitz egin nahi ez izatea leporatu zion.
Eztabaidak jarraitu zuen, eta Urratek, herritarrak mobilizatzeko, «jendeak aldaketari dion beldurra» erabiltzeaz leporatu zuen EAJ. Gaiarekin egiten ari diren erabilera politikoa «lotsagarria» dela gaineratuz.
PSE-EEko Oscar Valbuenak, bere aldetik, bosgarren edukiontzia eta atez ateko sistemez gain, beste batzuk ere badaudela gogorarazi zion udalbatzari. Jarraian, Legazpin udal gobernuak ezarri nahi zuen atez ateko sistemak edukiontziak izango zituen galdetu zuen. Ingurumen zinegotziak «zintzilikarioak ez direla helburu bakarra» erantzun zion.
Valbuenak «beti herritarren kontzientziazioaren alde» egon direla esanez jarraitu zuen, baina ez zutela Legazpirentzat aukeratutako sistema «gustuko». Dena den, udal gobernuak atez atekoa atzera botako balu «elkarlanean aritzeko prest» agertu ziren.
Amaitzeko, alkateak plataformak publiko egindako datuak aintzat hartu zituen, «dudarik ez genuen, legazpiarren gehiengoa birziklatzearen alde egon zela» esanez.