Udaltzainen garabi berria dagoeneko ari da lanean
Beasaingo udaltzainek ibilgailu berria dute hil honen hasieratik. Aurrekoa bezala, hau ere 4×4 motako autoa da, baina badu berezitasun bat; atzealdean garabia darama. Orain arte udaltzainek enpresa pribatu bati deitzen zioten ibilgailuren bat erretiratu behar zutenean, baina orain, beraiek eta momentuan egin ahal izango dute lan hori. Utzita edo abandonatuta dauden autoak erretiratzeko, edota garaje parean edo ezindu fisikoentzat gordetako tokietan aparkatzen dutenak kentzeko erabiliko dute. Hilario Urretabizkaia Beasaingo udaltzain buruak azaldu duenez, momentuz ez dute arau hausteren batengatik autorik erretiratu beharrik izan, eta probarako bakarrik erabili dute. «Bazegoen auto bat abandonatuta San Inazio kalean, eta nahita utzi genuen han garabia ekarri arte, iristen zenean, proba egiteko». Garabia zein kasutan erabili behar den zehazteko, «irizpide batzuk markatu» dituztela azaldu du Urretabizkaiak. «Behar denetan erabiliko da, jendeak ez dezala pentsatu orain garabia ekarri dugulako sekulako sarraskia egitera goazenik». Hala ere, garabia ikusteak, jendearengan efektua izango duela uste du; «kalean ikusten dutenean, kontu handiagoarekin ibiliko dira». Udaltzain buruak garbi utzi nahi du beraien helburua ez dela isunak jartzea. «Jendeak uste du gustatu egiten zaigula salaketak jartzea. Baina guk nahiago genuke bat bera ere jarri beharrik ez izatea. Jendeak gauzak beste era batera egingo balitu, salaketa horiek ekidin litezke». Erretiratzen dituzten autoak gordetzeko biltegi bat [...]
Beasaingo udaltzainek ibilgailu berria dute hil honen hasieratik. Aurrekoa bezala, hau ere 4×4 motako autoa da, baina badu berezitasun bat; atzealdean garabia darama. Orain arte udaltzainek enpresa pribatu bati deitzen zioten ibilgailuren bat erretiratu behar zutenean, baina orain, beraiek eta momentuan egin ahal izango dute lan hori. Utzita edo abandonatuta dauden autoak erretiratzeko, edota garaje parean edo ezindu fisikoentzat gordetako tokietan aparkatzen dutenak kentzeko erabiliko dute.
Hilario Urretabizkaia Beasaingo udaltzain buruak azaldu duenez, momentuz ez dute arau hausteren batengatik autorik erretiratu beharrik izan, eta probarako bakarrik erabili dute. «Bazegoen auto bat abandonatuta San Inazio kalean, eta nahita utzi genuen han garabia ekarri arte, iristen zenean, proba egiteko».
Garabia zein kasutan erabili behar den zehazteko, «irizpide batzuk markatu» dituztela azaldu du Urretabizkaiak. «Behar denetan erabiliko da, jendeak ez dezala pentsatu orain garabia ekarri dugulako sekulako sarraskia egitera goazenik». Hala ere, garabia ikusteak, jendearengan efektua izango duela uste du; «kalean ikusten dutenean, kontu handiagoarekin ibiliko dira».
Udaltzain buruak garbi utzi nahi du beraien helburua ez dela isunak jartzea. «Jendeak uste du gustatu egiten zaigula salaketak jartzea. Baina guk nahiago genuke bat bera ere jarri beharrik ez izatea. Jendeak gauzak beste era batera egingo balitu, salaketa horiek ekidin litezke».
Erretiratzen dituzten autoak gordetzeko biltegi bat ere jarri du udalak. Urretabizkaiaren arabera, «bi depositu mota egongo dira, epe luzekoa eta epe motzekoa». Abandonatutako kotxeak edo epe luzekoak, Ittolako industrialdean duten biltegian gordeko dituzte. Epe motzekoak berriz, gaizki aparkatuta zeudelako erretiratuak izan direnak, Urkiola jatetxearen pareko lokalean edukiko dituzte, erabiltzaileentzat ere bertara joatea erosoagoa izan dadin.
Bi funtzio dituen ibilgailua
Udalak erosi duen ibilgailu berriak, bi funtzio ditu; izan ere, garabi lanak egiteaz gain, patruilatzeko kotxea ere bada. Lehen zituzten bi autoetako bat erretiratu beharrean zeudela azaldu du Urretabizkaiak, «urte batzuk bazituelako eta arazoak ematen hasi zelako». Lehengoa bezala, 4×4 motako ibilgailu bat nahi zuten, neguan eta baserrietara joateko erabilgarriak direlako. «Merkatuan zer zegoen ikusten aritu ginen, eta konturatu ginen bazegoela aukera bi ezaugarri horiek zituen auto bat ekartzeko, alegia, 4×4 bat eta garabia, biak elkartuta».
Erosi aurretik, beste herri batzuetako esperientzia ezagutzeko aukera izan zuten. «Beste herri batzuetan badituzte antzeko ibilgailuak, Bergaran eta Elgoibarren adibidez». Kasu horiek ezagutzeaz gain, zinegotzi bat eta udaltzain burua ibilgailua eta haren funtzionamendua ezagutzen ere izan ziren. Bisita horretan, beraien beharretara «ondo egokitzen zela» ikusi zuten.