Almitzako hamar segalari Alemanian lehiatuko dira
Almitza segalari elkartearen hurrengo erronka Alemanian izango da, asteburu honetan. Murrhardt herrian lehiatuko dira, Baden-Württemberg estatuan —Stuttgart du hiriburu—, herrialdearen hegoaldean. Hango nekazaritza eta bertako produktuen enpresa batek urtero prestatzen duen saioan. Hamar segalariko taldea joango da Almitzaren izenean, horietatik hiru goierritarrak: Ikutz Garmendia beasaindarra, Igor Esnaola legorretarra eta Migel Mari Jauregi Altzo zaldibiarra. Lehiaketaren zati trinkoena larunbatean jokatuko da. Sega txikiarekin —ezpata 90 zentimetro baino txikiagoa— eta librean aritu beharko dute, bai hirunakako taldeetan, bai bakarka. Goierritarrez gain, Euskal Herriko segalari indartsuenak Murrhardten izango dira, Mitxelena, Gabilondo edo Astondoa aita-alabak, kasu. Bidaia, errepidez Europan saio bat baino gehiago egin ohi ditu Almitzak urtean. Alemaniara joateko garraiobidea aldatu beharko dute, ordea. Bi furgonetatan joango dira, ostegun gauean irtenda, hamabost-bat orduko bidaian. «Hegazkinean joateko lege berriak atera dituzte, eta erremintekin oso zorrotz jarri dira. Azkeneko bidaian ere arazoak jarri zizkiguten», azaldu du Altzok. Igandean jai giroko ekitaldiak izango dituzte. Artisau azoka, folklore erakustaldiak eta kirol ikuskizunak izango dira. Euskaldunek aizkoran egingo dute, eta Beasaingo dantzariek dantza egingo dute. Europako segalari elkarteekin harremanak sendotzeko balio dio Almitzari nazioarteko egonaldiek, Altzok dioenez. Baita kirol mailan nahiz antolamenduan ikasteko ere. Murrhardt inguruan, adibidez, sega eskola dago, lehiaketa antolatu duen enpresaren jabeak gidatua. Urriaren 7an [...]
Almitza segalari elkartearen hurrengo erronka Alemanian izango da, asteburu honetan. Murrhardt herrian lehiatuko dira, Baden-Württemberg estatuan —Stuttgart du hiriburu—, herrialdearen hegoaldean. Hango nekazaritza eta bertako produktuen enpresa batek urtero prestatzen duen saioan.
Hamar segalariko taldea joango da Almitzaren izenean, horietatik hiru goierritarrak: Ikutz Garmendia beasaindarra, Igor Esnaola legorretarra eta Migel Mari Jauregi Altzo zaldibiarra.
Lehiaketaren zati trinkoena larunbatean jokatuko da. Sega txikiarekin —ezpata 90 zentimetro baino txikiagoa— eta librean aritu beharko dute, bai hirunakako taldeetan, bai bakarka.
Goierritarrez gain, Euskal Herriko segalari indartsuenak Murrhardten izango dira, Mitxelena, Gabilondo edo Astondoa aita-alabak, kasu.
Bidaia, errepidez
Europan saio bat baino gehiago egin ohi ditu Almitzak urtean. Alemaniara joateko garraiobidea aldatu beharko dute, ordea. Bi furgonetatan joango dira, ostegun gauean irtenda, hamabost-bat orduko bidaian. «Hegazkinean joateko lege berriak atera dituzte, eta erremintekin oso zorrotz jarri dira. Azkeneko bidaian ere arazoak jarri zizkiguten», azaldu du Altzok.
Igandean jai giroko ekitaldiak izango dituzte. Artisau azoka, folklore erakustaldiak eta kirol ikuskizunak izango dira. Euskaldunek aizkoran egingo dute, eta Beasaingo dantzariek dantza egingo dute.
Europako segalari elkarteekin harremanak sendotzeko balio dio Almitzari nazioarteko egonaldiek, Altzok dioenez. Baita kirol mailan nahiz antolamenduan ikasteko ere. Murrhardt inguruan, adibidez, sega eskola dago, lehiaketa antolatu duen enpresaren jabeak gidatua.
Urriaren 7an suitzarrak hartuko dituzte Almitzakoek.