Euskal Herriko Itzulia prestatzeko garaia
Datorren urteko Euskal Herriko Itzulian toki berezia izango du Beasainek, etapa baten bukaera eta biharamuneko erlojupeko proba hartuko baititu. Loinatz Txirrindulari Elkartekoentzat, urtetako lanaren saria izan da Itzuliko bi etapa Beasainen bukatzea. Baina aldi berean, erantzukizun eta lan handia ere eskatzen du, eta aurrez hasi behar da gauzak lotzen, egun handirako dena prest egon dadin. Bihar egingo dute prestaketa lanetan hasteko aurreneko bilera, eta laguntzeko borondatea duten guztiei egin diete bertara agertzeko deia. Loinatz Txirrindulari Elkarteak 50. urteurrena beteko du 2013. urtean. Urtemuga borobil hori dela eta, Beasaingo Udalarekin eta Euskadiko Txirrindularitza Elkargoarekin egindako akordio bati esker, hurrengo edizioko bosgarren etaparen bukaera eta azken eguneko erlojupekoa bertan egingo dituzte. Hala jakinarazi zuten hiru aldeek, abuztuan Igartzan egindako agerraldian. Bi etapa, Goierrin barrena Apirilaren 5ean, Eibarren hasi eta Beasainen bukatuko den etapa jokatuko da. Jose Luis Arrieta itzuliko ibilbideen arduradunaren arabera, 150 bat kilometroko etapa izango dela aurreikusten dute. Mandubiako gainetik barrena sartuko dira txirrindulariak Goierrin. Ondoren egingo duten ibilbidea zehazteko dago oraindik, baina litekeena da Lazkaomendiko gaina eta beste mendateren bat ere pasatzea. Biharamunean berriz, apirilaren 6an, itzulia itxiko duen erlojupeko proba jokatuko da. Beasainen hasi eta bukatuko den 22 kilometroko ibilbidea egingo dute. Beasaindik abiatuta, Lierniko gaina igo beharko dute txirrindulariek. Mutiloara jaitsi eta handik Zeraina [...]

Sean Kelly, 1985eko itzulian, Erauskin auzoan bukatu zen etapako garaipena ospatzen. Argazkia: Juan Luis Eskisabel/Gure Gipuzkoa
Datorren urteko Euskal Herriko Itzulian toki berezia izango du Beasainek, etapa baten bukaera eta biharamuneko erlojupeko proba hartuko baititu. Loinatz Txirrindulari Elkartekoentzat, urtetako lanaren saria izan da Itzuliko bi etapa Beasainen bukatzea. Baina aldi berean, erantzukizun eta lan handia ere eskatzen du, eta aurrez hasi behar da gauzak lotzen, egun handirako dena prest egon dadin. Bihar egingo dute prestaketa lanetan hasteko aurreneko bilera, eta laguntzeko borondatea duten guztiei egin diete bertara agertzeko deia.
Loinatz Txirrindulari Elkarteak 50. urteurrena beteko du 2013. urtean. Urtemuga borobil hori dela eta, Beasaingo Udalarekin eta Euskadiko Txirrindularitza Elkargoarekin egindako akordio bati esker, hurrengo edizioko bosgarren etaparen bukaera eta azken eguneko erlojupekoa bertan egingo dituzte. Hala jakinarazi zuten hiru aldeek, abuztuan Igartzan egindako agerraldian.
Bi etapa, Goierrin barrena
Apirilaren 5ean, Eibarren hasi eta Beasainen bukatuko den etapa jokatuko da. Jose Luis Arrieta itzuliko ibilbideen arduradunaren arabera, 150 bat kilometroko etapa izango dela aurreikusten dute. Mandubiako gainetik barrena sartuko dira txirrindulariak Goierrin. Ondoren egingo duten ibilbidea zehazteko dago oraindik, baina litekeena da Lazkaomendiko gaina eta beste mendateren bat ere pasatzea.
Biharamunean berriz, apirilaren 6an, itzulia itxiko duen erlojupeko proba jokatuko da. Beasainen hasi eta bukatuko den 22 kilometroko ibilbidea egingo dute. Beasaindik abiatuta, Lierniko gaina igo beharko dute txirrindulariek. Mutiloara jaitsi eta handik Zeraina joango dira. Seguratik bueltan itzuliko dira Beasaina.
Aurreneko bilera, gaur
Bosgarren etaparen bukaera eta biharamuneko erlojupeko proba prestatzeko, aurretik lan handia egin behar dela azaldu dute Loinatz Txirrindulari Elkartekoek. Hori dela eta, antolaketa lanak prestatzen hasteko aurreneko bilera deitu dute gaurko. 20:00etan elkartuko dira, Loinatz elkarteak Beasaingo Zelaeta kaleko 3. zenbakian duen lokalean. Bilera horretara, laguntzeko «gogoa eta denbora duen edonor» gonbidatu dute.
Bestalde, elkarteak bere esker ona agertu nahi izan die «urtean zehar antolatutako lasterketetan lagundu duten guztiei; bai elkarteko bazkideei eta boluntario moduan aritu direnei ere». Izan ere, elkartekoek askotan jaso izan dituzte zorionak federazioko ordezkarien, taldeetako kideen eta epaileen partetik, baita udaltzainen eta ertzainen partetik ere, antolakuntza mailan egindako lan txukuna dela medio.
Laurogeiko hamarkadako itzuliak garaipenak gogoan
DEuskal Herriko Itzuliak sarritan zeharkatu izan ditu Goierriko errepideak azken urteetan; Beasaindik ere pasa izan da, baina etapa hasierei eta bukaerei dagokionean, 80ko hamarkada izan zen garairik oparoena. Egungo ibilbidea ikusita, batek baino gehiagok gogoan izango du 1985eko itzulia. Urte hartan ere, bosgarren etapako helmuga, eta itzuliari bukaera eman zion erlojupeko proba hartu zituen Beasainek. Askoren gogoan geldituko den etapa batean, Sean Kelly irlandarrak irabazi zuen Erauskin auzoan bukatzen zen krono-eskalada. Sailkapen nagusian, ordea, Peio Ruiz Cabestany izan zen nagusi, Greg Lemondi 29 segundo aterata. 1984an ere, Beasainen bukatzen zen beste etapa bat irabazi zuen Kellyk . Beasainek hartu duen azken etapa bukaera, 1988koa izan zen; Manuel Jorge Dominguezek irabazi zuen hura.













