Alkoholiko Anonimoak omendu dituzte Beasaingo Boluntario Egunean
Beasaingo XI. Boluntario Egunaren barruan, aitortza berezia egin diote gaur antolatzaileek Alkoholiko Anonimoak elkarteari. Oroigarria eman diete, “urtetan Beasainen eta eskualde osoan egiten ari diren lanagatik”. Lehenbiziko aldiz parte hartu du elkarte horrek ekitaldian, Beasainen gizarte arloan elkartasunez lanean ari diren taldeek lana plazaratzeko egunean.
Goizetik 14:00ak aldera arte hamasei elkartek jarri dituzte postuak Gernika Pasealekuan: Osasun Pastorala, Gurutze Gorria, Alkoholiko Anonimoak, Herriak Elkarlanean, Karitas, Minbiziaren Aurkako AECC elkartea, Odol Emaileak, Esku Batuak, Txilibutxof, Bategite, Txolarre, Asmube, Taupadak, Haurralde Fundazioa, Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkartea, eta Nagusilan.
Egiten duten lana, garatu nahi dituzte egitasmoak eta arlo bakoitzeko egoera islatu dituzte, kalean zebiltzanei eta bertara bildu direnei informazioa emanez. Guztiek, boluntariotzaren garrantzia baloratu dute.
Beasaingo Asmube emakume elkarteak ere lehenbiziko aldiz parte hartu du, gaur. Bien bitartean, patata-tortilla lehiaketa ere irabazi dute.
Azaroko ‘Aldameneko familia’ ekimenerako deia
Etorkinen bilgune den Bategite elkarteak azaroaren 18rako deialdia zabaltzeko baliatu du ekitaldia. Gipuzkoa Solidarioa ekimenaren hirugarren aldia ospatuko da egun horretan. ‘Bizilagunak Alboko Familia’ ekimena burutuko dute, eta asmoa bertako familiek etorkin bat edo gehiago bazkaltzera gonbidatzea da, etxera nahiz soziedaderen batera.
Gauza bera egingo dute Europa osoko herrialde askotan, Eslovakian, Italian, Hungarian, Maltan eta Belgikan, esate baterako.
Herriak Elkarlanean erakundearen erakusmahaian, bestetik, bidezko merkataritzako produktuak zituzten salgai. “Bazkarian egongo dira bertako familia bat, familia atzerritar bat, eta laguntza ematera joango den dinamizatzaile batek”, aurreratu dute. Parte hartzeko deia zabaldu diete goierritarrei, eta interesatuek telefonoz hots egin dezakete (637 71 97 09).
Herriak Elkarlanean, proiektu gehiagorekin
Goierriko Herriak Elkarlanean erakundeak bidezko merkataritzako produktuak zituen salgai bere erakusmahaian. Horrez gain, Benineko Manta herrian datorren urtean haurrentzat barnetegi bat eraikitzeko babes bila dabiltzala gaineratu dute.
Erakunde horrek, bestetik, III. Beasain Elkarlanean festa egingo du gaur arratsaldean, Loinazko San Martin plazaren azpian. Afari solidarioa izango da ekitaldi izarra —eguerdian dagoeneko prestatzen ari ziren—, baina ez bakarra. 16:30ean zeramika tailerra egingo dute, raku teknika lantzeko. 18:30ean buruhandiak eta musika eskolako trikitilariak irtengo dira kalejiran; 19:00etan Beasaingo dantza taldeen desfilea eta saioak izango dira; eta 21:00etan elkartasun afaria hasiko da. Herriko elkarte gastronomikoek eta Pulpalia talde galiziarrak atonduko dute menua. Bildutako dirua Beninera bideratuko dute, barnetegi proiektua gauzatzeko.
Afal ondoren ikuskizunak izango dira, plazapean. Gorka Lariz eta Mari Sol Carvero aktoreen Maneras de ligar esketxak, keimada galizarra, eta Aitor Furundarena soinu-jotzailearekin kantu-festa egingo dute.