Taldekako edoskitzea egin dute Beasainen
Beasaingo plazan edoskitze naturalaren onurak azaltzeko elkartu dira, gaur goizean, hainbat lagun. Haurrari bularra ematea “naturala eta ohikoa” dela aldarrikatu nahi izan dute. Plazaren erdian eseri, eta aldi berean edoski dute haurtxoek.
Zailtasunak aipatu dituzte, amaren lanarekin kontziliatzeko garaian, nahiz “ezjakintasunak” eraginda, azaldu du Ainhoa Ibañezek. Haurrari bularra ematen jarraitzeko “oztopoen” artean, amatasun bajaren iraupena legoke. “Hamasei aste dira, Osasunaren Mundu Erakundeak dio umearentzat onena sei hilabete arte dela edoskitzea soilik. Hor zailtasun bat sortzen da, hasiera-hasieratik”.
Bestetik, aurreiritziak ere aipatu dituzte. “Sei hilabetetik aurrera ez dago ondo ikusia titia ematea, iruditzen da janariarekin asetzen direla umearen beharra. Titia ez da elikadura bakarrik, goxotasuna eta maitasuna ere bada. Umeak hortzak dituenean pentsatzen da jada ezin dela titia eman”, dio Oihana Ortegak.
Gomendioa bi urtera arte titia ematea dela azaldu dute; “hortik aurrera, amak nahi duen arte”.
Herrialde ugaritan ari dira egiten Edoskitzearen Asteak, eta horiekin bat egin dute Beasainen. Beasaingo Osasun Zentroko laktantzia taldea izan dute guztiek abiapuntu, gaurko topaketa antolatu aurretik. “Informazioa trukatzen dugu amen artean, esperientziak ezagutu. Azken batean, laguntza bat da. Gauzak hasieratik ondo joaten badira, oso ondo, baina zerbait okertuz gero oso erraza da titia ematen uztea. Zailtasunak oso erraz gainditu litezke laguntza pixka batekin”.