Julio Herreros: «Bake prozesuan pausoak eman behar dituztenak terroristak dira»
Julio Herreros (Beasain 1948) alderdi popularreko hautagaia da igandean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. PPren Gipuzkoako zerrendetan hamabigarren dago Herreros. Politika alorrean, bestalde, bost legealdi daramatza Beasaingo Udalean zinegotzi lanetan.
Bereziak al dira hauteskunde hauek alderdi popularrarentzat?
Bai, bereziak direla suposatzen da. Bereziak, krisialdi ekonomiko batean murgildurik gaudelako eta Euskadi gobernatuko duenak ideiak argi eduki beharko dituelako, beharrezko neurriak hartu behar direlako egoera honetatik ateratzeko. Gainera, independismoa egoeraz aprobetxatzen ari dela dirudi, aldarrikapen soberanistak indar gehiagorekin oihukatzeko.
Zein lehentasun ditu zure alderdiak datozen legealdirako?
Alderdi popularrak duen lehentasuna krisialdi ekonomikotik ateratzea da. Horretarako egin beharreko garrantzitsuena eta nagusiena lanpostuak berreskura- tzeko baldintza egokiak sortzea da; honek, era berean, botere publikoari baliabideak emango dizkio, honekin gure gizarte ongizatea bultzatu ahal izateko.
Zer ekarriko du PPren politikak Goierrira?
Goierrira, gainerako Gipuzkoako eta Euskadiko eskualdeetara bezala, egonkortasuna eta lasaitasuna ekarriko dizkiogu. Gure ekarpen nagusia ekonomia bultzatzea eta Goierriko industriaren pultsoa berreskuratzea izango dira datorren legealdian.
Bizi dugun egoera ekonomikoari dagokionean, zein proposamen egiten dituzue?
Krisiak utzi digun egoera ekonomikoak, eta aurrez egon diren gobernuek, Espainiako estatua hondamenaren ertzera eraman dute, gastu neurrigabearen eta zor ekonomiko itogarriaren ondorioz. Gastu publikoa txikitu behar da, gerora errekurtsoak edukitzeko eta gauzak errazago ipintzeko ekintzaileei eta gure ekonomiaren motore diren enpresariei, lanpostu kopurua hazteko eta errekurtsoak sortzeko.
Nola ikusten duzu bake prozesua? Zer puntutan dagoela iruditzen zaizu, eta zer pauso uste duzu eman beharko liratekela aurrerantzean?
Bake prozesuan pausoak eman behar dituztenak terroristak dira, dudarik gabe: mehatxatzen aritu direlako, erailtzen aritu direlako eta gure gizarteari xantaia egiten aritu direlako azken urteotan. Euren ahultasunaren eta Zuzenbide-Estatuak egindako presioari esker erailtzeari uztea erabaki badute, eta azaltzen ari diren asmoak egiazkoak badira, orain egin behar dutenak terroristak eta armak entregatzea da.
Zer hizkuntza politika defendatzen du zure alderdiak?
Guk dugun hizkuntza politika bakarra da: bakoitzari nahi duen hizkuntzan libre hitz egiten uztea, bakoitzak nahi duen bezala. Gure ustez bakoitzak erabaki behar du bere seme-alabak nola nahi dituen hezi. Gure alderdiak euskara norgehiagoka politikotik ateratzea nahi du.
Erabakitze eskubidea, independentzia… Azken aldian indar handia hartzen ari diren aldarrikapenak dira. Zer iritzi duzu zuk?
XXI. mendeko garai hauetara iritsita, bai independentismoaren eta bai autodeterminazioaren ideiak dezente zaharkituta daudela iruditzen zait. Ideia horiek gaur egungoak baino, XIX. eta XX. mendeko ideiak direla iruditzen zait. Egungo joera, bai ekonomikoki eta baita politikoki ere, elkartzearen aldekoa dela uste dugu, eta ez banatzearen aldekoa.
Hauteskunde hauetako kanpainan erabiltzen ari zareten goiburua ‘zu gabe haiek irabazten dute’ da. Zergatik goiburu hori? Zer esan nahi duzue «haiek» diozuenean?
Benetako demokratak hautestontzietara gerturatzen ez badira, izan desilusioagatik, izan nagikeriagatik edota izan atzetzeagatik, azkenean irabazten amaitzen dutenak totalitarioak dira, beraien ideologia inposatu nahi duten horiek; azken batean, demokraziaren, askatasunaren eta eskubideen aurka dauden horiek guztiak. Horregatik joan behar da igandean bozka ematera: demokraziaren, askatasunaren eta eskubideen alde egin nahi dugulako. Horregatik da garrantzitsua guri bozkatzea.
Azken galdeketen arabera,EAJ-PNV eta EH Bildu izango dira ordezkari gehien lortuko dituzten alderdiak datozen hauteskundeotan. Inkestek diotena beteko dela uste duzu?
Urriaren 21ean ikusi beharko da hori, orduan izango baita benetako galdeketa. Inkestek diotena alde batetara utzita, guk Euskadi askoz ere anitzagoa dela uste dugu, askoz ere sentsibilitate gehiago dituela eta ez dela nazionalistek agertu nahi duten bezain monotonoa. Aniztasuna gure lurrak duen aberastasunetako bat da eta, datorren igandeko emaitzetan Euskadik duen aniztasun hori islatzea espero dugu, inkestek diotena diotela ere.