Alderdien hauteskundeetako balorazioak
Gotzon Aranburuk Urretxuko eta Zumarragako EH Bilduko, PSE-EEko eta EAJko ordezkarien hauteskundeetako balorazioak bideoz jaso ditu.
• Goierriko emaitzen taula
• Mikel Aranak dimititu egin du
• EAEko datu orokorrak [berria.info]
Bozketa biharamuneko balorazioak
Garbiñe Mendizabal • EAJ Garbiñe Mendizabal zaldibiarra Gasteizko Eusko Legebiltzarrean eseriko da datorren legealdian. «Sekulako ardura etorri zaigu gainera» esan du jeltzaleak EAJk hauteskundeak irabazi eta gero. Garaipenaren faktoreak hiru direla nabarmendu du: lidergoa eta hautagaitza sendoa, ondo zentratutako programa eta barrutik oso sendo dagoen alderdia. «Herritarrek gure mezua ondo hartu eta ulertu dutelakoan nago. EAJk segurtasuna eman die eta gure mezuarekin erdigunean jarri gara». PSE-EEren eta PPren gobernuari egindako «eguneroko oposizioak» lagundu diela gehitu du. Egoera ekonomikotik harago, «Euskal Herriak bere bidea egiteko garaia da, hori eskatu digute herritarrek. Ardatzak elkarbizitza eta Euskal Herriaren egitura berria dira». Bilduri buruz esan duenez, «Gipuzkoako Foru Aldundian egindako kudeaketarekin lotuta egon daitezke lurralde honetako emaitzak. Hausnarketa egin beharko lukete». Goierrira ekarrita, «emaitzek jeltzaleek ezker abertzalearekiko distantzia laburtu dutela erakutsi dute», esan du. Aurrera begira, EAJk bakarrik gobernatuko duela diote lehenengo albisteek, baina «gai askotan adostasunak bilatu beharko ditugu. Denen beharra izango dugu, gureek ere hala eskatu digute» esan du Mendizabalek. Juanjo Agirrezabala • EH Bildu EH Bildu koalizioa bigarren indarra izan da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Juanjo Agirrezabala hautagai legazpiarraren arabera emaitzek «euskal herritarren gehiengoa abertzalea dela erakutsi dute». Legebiltzarraren bi heren abertzaleak izango direla gogoratu du, bide batez. EH Bilduren emaitzak «oso onak» izan direla esan du. «Mugarria izan dira. Aurreneko aldia da koalizio soberanista eta ezkertiar bat Legebiltzarrean horrelako indarrarekin sartzen dela». EH Bilduren hautesleek koalizioak proposatutako aldaketaren alde egin dute Agirrezabalaren ustez: «krisi ekonomikoari, politika egiteko moduari eta eskubide politikoei eta zibilei dagokienean». Gipuzkoako emaitzen «letra txikia» irakurri behar dela gehitu du. «Irakurketa orokorra ere egin behar da. Gipuzkoako lehenengo indarra izanda ere, hainbat herritan gertatu dena gertatzeko arrazoiak zeintzuk izan diren aztertu beharko dugu. Ez gara autokritikaren beldur». Aste honetan, hausnarketa hori egitea izango da EH Bilduko kideen eginkizun nagusiena, Agirrezabalaren arabera. Fernando Fariñas • PSE-EE Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara indar guztiak aurkeztu izana, «normaltasun seinale» gisa ikusi du Fernando Fariñas PSE-EEko hautagai zumarragarrak emaitzen balorazioa egiterakoan. Hautesleen parte-hartzea «baxua izan den arren, ez da oso-oso baxua izan», adierazi du. Alderdi sozialistak lortu dituen emaitzei dagokienez, Fariñasek dio: «Ordezkaritza zabalagoa lortu nahi genuen, are gehiago, Patxi Lopez lehendakariaren kudeaketa ona izan denean». Emaitzak «onartzeko prest» agertu da, halere. «Galdeketek gure alderdiarentzat emaitza okerragoak aurreikusten zituzten, eta ez dira hain latzak izan azkenean». Zumarragan lehenengo indarra izan da PSE-EE, nahiz eta EAJ 200 botoren aldearekin soilik utzi duen atzean. «Nabarmenena da, nire ustez, EAJk EH Bilduri irabazi diola Goierriko hiru herri handitan: Beasainen, Urretxun eta Legazpin. Zerbait gertatu da, Bilduko hautesleen konfiantza urratu egin delakoan nago». Zumarragan emaitzak hobeak izatea nahi zutela onartu du. EAJk bakarrik gobernatzen saiatuko dela uste du Fariñasek, «behin behineko itunak eginda. Gobernuari egonkortasuna emango dioten itunen alde gaude, beti ere, gure marra gorriak errespetatzen badituzte: gizarte gaietan murrizketarik ez eta erabakitzeko eskubiderik ez». Julio Herreros • PP Julio Herreros PPko zerrendakide beasaindarraren ustez, hiru eserlekuren jaitsiera «ez da ona». Popularrak 13 izatetik 10 izatera pasa dira. «EH Bilduren parte-hartzearekin emaitzak okerragoak izan zitezkeen, baina hala eta guztiz ere, eutsi diogu». Herrerosek jaitsieraren arrazoien artean ondokoak aipatu ditu: PPren politika Espainian, abstentzioa eta herenegungo eguraldi txarra. Goierriri dagokionez, boto jaitsiera «nabarmena» izan dela dio. Nolanahi ere, «PSE-EEren jaitsiera askoz handiagoa izan da» esan du. Herrerosek Galiziako hauteskundeen emaitzak gogora ekarri ditu, «murrizketak-murrizketa igo egin gara han. Hemen kontrakoa gertatu da, eta egia esateko, ez dugu ulertzen zergatik. Hauteskunde ondoreneko itunen harira, Herrerosek Basagoiti lehendakari gai popularrak esandakoari jarraiki, «Bilduri tokia kentzeko bada, EAJrekin akordioak egiteko prest egongo gara» esan du. Mikel Arana • Ezker Anitza Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen eguneko albistea izan zen Mikel Arana Ezker Anitzako lehendakari gai ordiziarraren dimisioa. Gaur ezinezkoa izan da zuzeneko emaitzen balorazioa lortzea, lehendakari gaiak ez baitu telefonoa hartu, ezta alderdiko prentsa arduradunak ere. Aranak emaitzak jakitearekin batera eman zuen herenegun dimisioa. «Atomizazioak guztiori eragin digu. Gure emaitzak oso txarrak izan dira», esan zuen Aranak herenegungo agerraldian. «Horrelako emaitza txarrak direnean, bakoitzak bere erantzukizunari heldu behar dio. Ezker Anitzako koordinatzaile bezala dimititzen dut». Datozen hamabost egunetan alderdiko kontseilua bildu egingo dela aurreratu zuen Aranak, eta koordinatzaile berriaren aukeraketa martxan jarriko dutela, «datozen bozetan egoteko».
Erlazionatutako edukiaGoierrin EH Bildu izan da alderdi bozkatuena 12.967 botorekin