Herri barruko autobusak hirigunea eta auzoak gerturatuko ditu
Martxan da gaurtik Junetorri herri barruko autobus zerbitzu berria Legazpin. Inma Hernandez udaleko Agenda 21eko teknikariak azaldu zituen aurkezpenean autobusaren ezaugarriak atzo arratsaldean Lau Bide auzoan egin zen aurkezpenean. Barrualdean «24 bat pertsona sartuko dira», azaldu zuen. Sarrerako atearen alboan gurpildun aulkientzako edo haurren orgentzako ere lekua dago, «hutsik dagoenean 4 edo 5 pertsona gehiago sartu litezke», argitu zuen. Gas kutsagarri gutxiago aireratzen duen autobusa da Legazpikoa, «ekologikoki hobetua». Zerbitzua eskainiko duen enpresari ingurumen-plangintza bat eskatu dio udalak, «ISO 14.001 ziurtagiria du, eta gidariek gidaritza eraginkorraren ikastaroa egin dute», azaldu zuen teknikariak. Autobus ekologikoa Hiru ibilbide ezberdin egingo ditu autobusak. Motzena «Urtatza eta hirigunea batuko dituena» da. Ordu erdian egingo du joan-etorria. Telleriarte auzoraino joango da bigarrena «bost aldiz joango da eguneko, eta 45 minutuko ibilbidea egingo du». Azkena, Brinkolaraino joango da, «hiru aldiz egingo du joan-etorria, ordu beteko bidaian». Lehendabiziko hilabetean zerbitzua doakoa izango da; gero, 20 zentimo ordaindu beharko da bidaiako. Bidaia-txartela ateratzeko aukera ere egongo da autobusean bertan, 3 euroko fidantza jarrita. Autobusa 07:10ean jarriko da martxan egunero, eta 21:00ak arte ibiliko da. 13:00ak eta 17:00ak bitartean geldi egongo da. Astelehenetik ostiralera emango du zerbitzua, urte guztian zehar, abuztuan izan ezik. Autobus zerbitzua lehiaketa publikora atera eta [...]
Martxan da gaurtik Junetorri herri barruko autobus zerbitzu berria Legazpin. Inma Hernandez udaleko Agenda 21eko teknikariak azaldu zituen aurkezpenean autobusaren ezaugarriak atzo arratsaldean Lau Bide auzoan egin zen aurkezpenean. Barrualdean «24 bat pertsona sartuko dira», azaldu zuen. Sarrerako atearen alboan gurpildun aulkientzako edo haurren orgentzako ere lekua dago, «hutsik dagoenean 4 edo 5 pertsona gehiago sartu litezke», argitu zuen.
Gas kutsagarri gutxiago aireratzen duen autobusa da Legazpikoa, «ekologikoki hobetua». Zerbitzua eskainiko duen enpresari ingurumen-plangintza bat eskatu dio udalak, «ISO 14.001 ziurtagiria du, eta gidariek gidaritza eraginkorraren ikastaroa egin dute», azaldu zuen teknikariak.
Autobus ekologikoa
Hiru ibilbide ezberdin egingo ditu autobusak. Motzena «Urtatza eta hirigunea batuko dituena» da. Ordu erdian egingo du joan-etorria. Telleriarte auzoraino joango da bigarrena «bost aldiz joango da eguneko, eta 45 minutuko ibilbidea egingo du». Azkena, Brinkolaraino joango da, «hiru aldiz egingo du joan-etorria, ordu beteko bidaian».
Lehendabiziko hilabetean zerbitzua doakoa izango da; gero, 20 zentimo ordaindu beharko da bidaiako. Bidaia-txartela ateratzeko aukera ere egongo da autobusean bertan, 3 euroko fidantza jarrita. Autobusa 07:10ean jarriko da martxan egunero, eta 21:00ak arte ibiliko da. 13:00ak eta 17:00ak bitartean geldi egongo da. Astelehenetik ostiralera emango du zerbitzua, urte guztian zehar, abuztuan izan ezik.
Autobus zerbitzua lehiaketa publikora atera eta gero, Cuadra Bus enpresari esleitu zitzaion honen kudeaketa, «hamar urterako», Kepa Urtzelai alkateak esan zuenez. Zerbitzua 82.000 euro kostako zaio dirutan udaletxeari urteko. Lehenengo urtean «Gipuzkoako Foru Aldundiak 40.381 euroko diru laguntza eman dio proiektuari. Eusko Jaurlaritzari ere egin diogu eskaera, baina erantzunaren zain gaude momentuz», esan zuen Urtzelaik.
Hasita daude, autobusak eskainiko duen zerbitzuaren gaineko informazioa etxeetan banatzen. Zalantzak argitzeko telefono bat herritarren eskura dago jada: 902 210 215. Web gune bat ere izango du autobusak junetorri.com helbidean, «datorren asterako izango da martxan». Hiru astetan zehaztuko dituzte behin betiko seinaleztapenak geralekuetan». Bi gidari arituko dira lanean Ibon Etxeberria eta Jose Mari Perez, «biak legazpiarrak dira, eta euskaldunak», esan zuen alkateak.