Etxean konposta egiteko aukera zabalduko du Sasietak Goierrin
Sasieta Mankomunitateak konposta egiteko aukera zabaldu nahi du Goierrin. Urteak dira eskualdeko zenbait etxeetan konposta egiten dutela. Orain, konpostatzearen filosofia etxe gehiagotara hedatu nahi dute, eta auzo konpostaia bezalako ekimenak martxan jarri.
Goierri garaian 2005ean jarri zuen martxan Sasietak etxeetan konposta egiteko kanpaina. Orduan, 800dik gora konpostagailu banatu ziren Legazpi, Urretxu eta Zumarraga artean. Orain, Enrike Enparantza Sasieta Mankomunitateko teknikariak azaldu duenez, jarraipen bat eman nahi zaio orduan hasitakoari. Dagoeneko konposta egiten duten pertsonekin harremanetan jarri dira «jarraipen bat egin eta aholkularitza zerbitzua eskaintzeko».
Organikotik konpostara
Sasietako teknikariek konposta egiten duten horiei aholkuak emango dizkiete. «Bisitak egin ditugu etxeetara, konpostaren kalitatea neurtu eta izan diren arazoei irtenbideak emateko». Jarraipenari dagokionez, «emaitza oso ona da, %70ak jarraitzen baitu etxean konposta egiten», azaldu du Enparantzak.
Unai Badiola Urretxuko zinegotziak Sasietak eskualdeko udaletxeekin batera konposta egiteko aukera zabaltzeko duen asmoaren berri eman zuen. «600 gutun bidali ditugu berdeguneren bat duten etxe guztietara, auto-konpostaiaren filosofiara batu daitezen», azaldu zuen. Etxean berdegunerik ez duten horiei ere emango zaie aukera, «senideren baten baratzean konposta egiteko, adibidez». Izena ematen duten guztiek ikastaro bat egingo dute aurrera, eta konpostagailua emango zaie ondoren.
Igor Urrate Legazpiko Udaleko ordezkariak auzo konpostaiaz ere hitz egin zuen. «Herrietako berdeguneak aprobetxatu nahi ditugu konposta egiteko», argitu zuen. Komunitate mailako konpostagailu baten bitartez familia ezberdinen parte hartzearekin egiten da konposta kasu honetan. «Legazpin laster jarriko dugu martxan proba piloto bat. Urte amaierara arte egongo da indarrean». Emaitza onak ematen baditu, eredu hori herriko beste gune batzuetara zabaltzea da helburua.
Amaitzeko, etxean konposta egiteko prozesua zein den azaldu zuen Enparatzak. Hondakin organikoa konpostagailuan bildu behar da. Nahasketa horrek erreakzio mikrobiologiko bat eragiten du, «onddoek eta mikrobioek materia organikoa desegiten dute, deskonposizioa sortuz». Sei edo zortzi hilabete irauten du prozesuak eta emaitza, are ilun itxurako materia bat da. Honi esker lurra modu naturalean ontzen da, eta baldintzak hobetzen ditu.