Josetxo Zufiaurre: «Astigarretako jendeak, nahiz eta kanpoan bizi, asko maite du herria»
Beasaingo Paperak bildumako XX. zenbakia aurkeztuko du gaur Josetxo Zufiaurre (Beasain, 1935) ikerlariak. Ander Iurrita ormaiztegiarraren laguntzarekin, Astigarreta auzoaren historia eta argazkiak bildu dituzte, eta gaurtik aurrera, salgai izango da liburua, udaletxean eta Beasaingo liburu dendetan. Aurkezpena Igartza jauregian izango da, 19:00etan, eta joaten direnek ere izango dute liburua hartzeko aukera. Astigarreta auzoaren historia bildu duzu liburuan. Noizkoa da Astigarretari buruzko lehen aipamena? Agian lehenagokoren bat izango da, baina nik aurkitu dudan agiririk zaharrena 1384. urtekoa da. Astigarreta, Seguraren auzokide egin zen, beste herri batzuekin batera: Zerain, Zegama, Mutiloa, Legazpi, Ezkio eta ingurukoak. Ataun, Lazkao, Beasain, Zaldibia eta horiek berriz, Ordiziarekin auzokidetu ziren. Garai hartan bi gune edo hiribildu nagusi zeuden Goierrin: Segura eta Ordizia. Gaztelako Alfontso VIII. erregeak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia inbaditu ondoren, Frantziara joateko hemendik pasatzen zen, eta bidaia horietan bertan gelditzeko eraiki arazi zituen gotorlekuak ziren, hotel moduan, lapurrengandik babesteko; hortik Villa Segura eta Villa Franca izenak. Segurako auzo izatetik herri izatera pasa zen gero, ordea. Kontua da XIV. mendean, Villa izendapena zuten herriei, ahalik eta auzotar gehien izatea komeni zitzaiela, bideak, zubiak eta antzeko lanak egiteko Batzar Nagusien dirulaguntza jaso ahal izateko. Inguruko auzo hauek guztiak hartu zituzten; baina zer gertatu zen gero? Ba lortzen zuten diru guztia, [...]
Beasaingo Paperak bildumako XX. zenbakia aurkeztuko du gaur Josetxo Zufiaurre (Beasain, 1935) ikerlariak. Ander Iurrita ormaiztegiarraren laguntzarekin, Astigarreta auzoaren historia eta argazkiak bildu dituzte, eta gaurtik aurrera, salgai izango da liburua, udaletxean eta Beasaingo liburu dendetan. Aurkezpena Igartza jauregian izango da, 19:00etan, eta joaten direnek ere izango dute liburua hartzeko aukera.
Astigarreta auzoaren historia bildu duzu liburuan. Noizkoa da Astigarretari buruzko lehen aipamena?
Agian lehenagokoren bat izango da, baina nik aurkitu dudan agiririk zaharrena 1384. urtekoa da. Astigarreta, Seguraren auzokide egin zen, beste herri batzuekin batera: Zerain, Zegama, Mutiloa, Legazpi, Ezkio eta ingurukoak. Ataun, Lazkao, Beasain, Zaldibia eta horiek berriz, Ordiziarekin auzokidetu ziren. Garai hartan bi gune edo hiribildu nagusi zeuden Goierrin: Segura eta Ordizia. Gaztelako Alfontso VIII. erregeak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia inbaditu ondoren, Frantziara joateko hemendik pasatzen zen, eta bidaia horietan bertan gelditzeko eraiki arazi zituen gotorlekuak ziren, hotel moduan, lapurrengandik babesteko; hortik Villa Segura eta Villa Franca izenak.
Segurako auzo izatetik herri izatera pasa zen gero, ordea.
Kontua da XIV. mendean, Villa izendapena zuten herriei, ahalik eta auzotar gehien izatea komeni zitzaiela, bideak, zubiak eta antzeko lanak egiteko Batzar Nagusien dirulaguntza jaso ahal izateko. Inguruko auzo hauek guztiak hartu zituzten; baina zer gertatu zen gero? Ba lortzen zuten diru guztia, Ordiziako edo Segurako zubiak eta bideak konpontzeko zela, eta auzoetara ez zela ezer iristen. Gainera nahikoa zerga gogorrak jarri zizkieten. Eta auzo haiek, kexuka hasi ziren, hiribildu haietatik banandu eta udalerri izatera pasatu nahian. Garai hartan erregearen hazienda ere lur jota zegoen, eta interesatzen zitzaien udalerriak sortu eta haietako bakoitzari kobratzea. Hala lortu zuten udalerri izendapena, diru bat ordainduta, noski; aurrenekoa Legazpi izan zen, 1610. urtean, eta gainontzekoak 1615ean etorri ziren, tartean Astigarreta.
Ia 400 urte pasa dira harrezkero. Astigarreta bera ere asko aldatuko zen denbora horretan.
Dudarik gabe. Bada bilduma bat, 1918. urtekoa, Geografía del País Vasco-Navarro izenekoa. Sei tomo ditu, eta Gipuzkoari dagokiona, Serapio Mujika ormaiztegiarrak idatzi zuen. Bertan dio, Astigarreta Seguratik banandu zenean, 40 baserri zituela, 82 familiarekin; alegia, herri dezentea zela garai hartarako. Gaur, ordea, erdi hutsik dago. Zergatik? Ba industriatik dirua errazago irabazten delako baserritik baino. Aurrena bizikletan etortzen hasi ziren, baina gaztetatik fabrikan hasten zirenak, bizilekua lantegien inguruan hartzen hasi ziren. Horregatik hustu dira baserriak.
Hori azken 50 urteetako kontua izango da.
Hori da. Guk geuk ezagutu genuen aldaketa hori. Gogoan dut Astigarretan, Pentekosteko pazko bigarrenean, San Gregorion egiten zen erromeri hura; dotorea zen gero! Herri dezentea zen, bai. Garin eta Matxinbenta betidanik Beasain izan diren bezala, Astigarreta eta Arriaran ez. Arriaran bat eginda zegoen Itsasorekin; gero banandu eta Beasainekin bat egin zuen. Gudugarreta ere herria zen, baina 1.897an auzokidetu zen Beasainekin. Besteak geroago etorri ziren, Arriaran 1927an eta Astigarreta 1929an. Ordutik dira auzo.
Itsasorekin harreman berezia izan zuten beraz, bai Arriaranek eta bai Astigarretak.
Bai. Liburuko azken atalean, Itsasoko baserri batzuk sartu ditut, Itsasoko lurretan egonagatik, betidanik harreman gehiago izan dutelako Astigarretarekin, Itsasorekin baino. Umeak ere Astigarretara joaten ziren eskolara.
Astigarretan eskola, eulea eta ikazkinak ere ba omen ziren.
Bai bai. Herri bakoitzean bazen eule bat. Eta nola baserri guztietan lihoa jotzen zen, eta etxean harilkatzen zen, hari multzoak euleari eramaten zitzaizkion. Eta Astigarretan, beste herrietan bezala, eulea zegoen, Borda esaten dioten etxe batean. XIX. gizaldiaren erdi aldera, Ingalaterratik oihal berriak etortzen hasi ziren, koloretakoak, eta emakumeei haiek gustatu! Horrela, poliki poliki, lihoa egiteari uzten joan ziren baserritarrak, eta euleek lanik ez. Baina garai hartantxe hasi ziren trenbidea egiten. Han lanik ez zegoela ikusita, Astigarretako euleak eta haren emazteak, Gabiriako lurretan baserri bat errentan hartu zuten, trenbidetik gertu, eta andreak kantina bat jarri zuen. Gizonak berriz, langile koadrilla bat osatu zuen. Aberastu egin ziren biak.
Gainontzean,baserriko lana eta ikatza izango ziren bizibide.
Bai. Egur ikatz asko behar zen garai hartan, Legazpin eta inguruetan zeharrola eta ferreria asko zirelako. Basomutilak aste santuaren ondoren igotzen ziren eta urrira arte han egoten ziren mendian, egur ikatza egiten.
Auzoaren beheraldia beraz, azken mende erdian etorri da, eta egun lauzpabost familia bizi direla diozu. Ze etorkizun du Astigarreta bezalako auzo txiki batek?
Bertako lau familia daude, baina Bikario etxean hiru edo lau gazte jarri dira bizitzen. Ermentari etxea berriz, Alemaniako senar-emazte batzuek dute hartuta, eta udan ez ezik, gehiagotan ere etortzen dira. Ordiziako mutil batek landetxe bat egin du elizatik beheraxeago, baserri zahar bat zegoen tokian. Nahiz eta jende gutxi bizi, mugimendua badago.
Baina orain kanpoan bizi izanagatik jatorria bertan dutenak asko izango dira, ezta?
Bai, eta azpimarratu behar da Astigarretako jendeak, nahiz eta kanpoan bizi, asko maite duela bere herria. Horren froga da eliza berritu behar izan zutenean bildu zuten diru kopurua. Aurten, San Martinetan dira festak, eta eliza bete egingo da. Eta garai batean eskolak ziren tokian, Astauzel dago, Astigarretako auzotarren elkartea, eta han ere berrogeita hamar bat lagun bilduko dira bazkaltzen; eta etorri ezin dutenak… Lotura hori mantentzen dute.
Liburua egiterakoan Ander Iurritaren laguntza izan duzu.
Bai. Baserriz baserri argazki zaharrak bildu ditu, ez baserrienak, baizik eta baserritarrenak, bertako jendearenak. Eta argazkietako jendea izendatu ere egin du. Lan polita egin du, eta argazki dezente sartu ditugu. Horrek asko jazten du liburua.
Beasaingo Paperak bildumaren XX. zenbakia izango da hau. Baina hurrengoarekin ere lanean hasita omen zaude dagoeneko.
Bai, jo ta ke ari gara lanean, eta oso polita geldituko da, gainera. Goierri marrazkitan izango du izena. Han ere beste laguntzaile bat izan dut, Julen Zabaleta, 91 urte ditu eta elgoibartarra da, nahiz eta Eibarren bizi den. Txinatar tintarekin margolan zoragarriak egiten ditu, eta Euskal Herri osoko 5.000 marrazkitik gora ditu eginak. Beasainen ere baditu 60 bat marrazki, baita Zeraingoak eta Ataungoak ere. Orduan pentsatu nuen, Goierri marrazkitan liburua egitea Julenekin; udalari proposatu eta baietz, egiteko esan zidaten. Hasieran 18 herritakoak egiteko asmoa nuen, baina garai hartan, GoiBerri aldizkariaren lehen zenbakian, elkarrizketa egin zidaten. Asier Zaldua kazetariak argazki bat atera zigun legazpiar bati eta bioi, Zerainen, Legazpi eta Segura erakusten dituen seinale baten ondoan. Ni beti egon naiz goiko lau herri horiek ere Goierri direlakoan. Horiek Goierri ez badira, zein izango da ba? Hortik aurrera pentxatu nuen 22 herrirekin egitea.
Hainbeste liburu eta ikerlan eginda gero, oraindik gelditzen al zaizu zer ikertua?
Egia esan gustora aritzen naiz, baina ideiak ere gastatzen ari zaizkit jada. Jakinmin hori betidanik izan dut ordea. Aitak jakin nahi handia zuen, eta hark sartu zidan hazi hori. Gero Joxemielekin [Barandiaran] hogei urte egin nituen, eta lezio garrantzitsuak eman zizkidan. Hark esan zidan, «herritik jasotzen dena ezin da norberarentzat gorde, landu eta atzera herriari itzuli behar zaio jakinduria hori». Jota utzi ninduen. Hura izan zen bere lehendabiziko lezioa. Gero hogei urte egin nituen astero-astero harekin elkartzen; hura izan zen nire benetako unibertsitatea.