Milagrosak jasoko du Ordiziako gaztetxe berria
Gaur aurkeztu dute Ordiziako Gazte Asanbladak eta Udalak gaztetxe berria izango dena: Milagrosa eskola ohia. Gaztetxe zaharra itxi, eta gogoeta prozesu baten ondoren hartutako erabakia da, lehenago bizilagunekin eta zahar egoitzako kideekin kontrastatu dutena. Uztailean itxi zuten Filipineta kaleko gaztetxea, eraikinaren egoera txarra zela medio. Ikerketa batzuk egin zituzten arren, ordurako gazteek erabakia hartuta zuten, eta gaztetxearen erabilera mugatuta zuten, arrisku egoerak ekidin asmoz. Ikerketaren emaitzak eskuan izanda, gaztetxe osoa hustu zuten, erabiltzaileentzako arriskutsua izan zitekeelako. Prozesuan “arduraz” jokatu dutela nabarmendu du gaur Igor Eguren Ordiziako alkateak. Egurenek azaldu duenez, «badakigu eraikina zaharkitua dagoela, baina hori ere bada Gazte Asanbladak eta Udalak abiatu dugun elkarlanaren funtsetako bat; hilzorian dagoen espazioari bizia ematea». Abiatu duten bide horretan «sinesten» dutela azaldu du Egurenek eta gazteei, aurrerantzean ere «bidelagun» izango dituztela hitz eman die. Esan duenez, «udalari ezinbestekoa iruditzen zaio Ordiziako gazteriak espazio propiok izatea, eta zentzu horretan, gaztetxea gazteentzako alternatibak sortzeko eta garatzeko espazioa dela ulertzen dugu. Gazte Asanbladak Ordiziako dinamizazioan egiten duen lana geure egiten dugu, eta ahalegin horretan jarraitzeko eskaera egiten diogu». Gazteek, euren aldetik, beraien ametsa «betiko gaztetxea mantentzea» dela adierazi dute, eta hori dela eta, Filipinar kaleko eraikina bertan mantentzeko eskatu dute, asanblada aukera desberdinak aztertzen ari delako. [...]
Gaur aurkeztu dute Ordiziako Gazte Asanbladak eta Udalak gaztetxe berria izango dena: Milagrosa eskola ohia. Gaztetxe zaharra itxi, eta gogoeta prozesu baten ondoren hartutako erabakia da, lehenago bizilagunekin eta zahar egoitzako kideekin kontrastatu dutena.
Uztailean itxi zuten Filipineta kaleko gaztetxea, eraikinaren egoera txarra zela medio. Ikerketa batzuk egin zituzten arren, ordurako gazteek erabakia hartuta zuten, eta gaztetxearen erabilera mugatuta zuten, arrisku egoerak ekidin asmoz. Ikerketaren emaitzak eskuan izanda, gaztetxe osoa hustu zuten, erabiltzaileentzako arriskutsua izan zitekeelako. Prozesuan “arduraz” jokatu dutela nabarmendu du gaur Igor Eguren Ordiziako alkateak.
Egurenek azaldu duenez, «badakigu eraikina zaharkitua dagoela, baina hori ere bada Gazte Asanbladak eta Udalak abiatu dugun elkarlanaren funtsetako bat; hilzorian dagoen espazioari bizia ematea». Abiatu duten bide horretan «sinesten» dutela azaldu du Egurenek eta gazteei, aurrerantzean ere «bidelagun» izango dituztela hitz eman die. Esan duenez, «udalari ezinbestekoa iruditzen zaio Ordiziako gazteriak espazio propiok izatea, eta zentzu horretan, gaztetxea gazteentzako alternatibak sortzeko eta garatzeko espazioa dela ulertzen dugu. Gazte Asanbladak Ordiziako dinamizazioan egiten duen lana geure egiten dugu, eta ahalegin horretan jarraitzeko eskaera egiten diogu».
Gazteek, euren aldetik, beraien ametsa «betiko gaztetxea mantentzea» dela adierazi dute, eta hori dela eta, Filipinar kaleko eraikina bertan mantentzeko eskatu dute, asanblada aukera desberdinak aztertzen ari delako. Hala ere, gune berrira lanerako gogoz iritsi dira. «Herritik herriarentzat sortutako gaztetxe bat» nahi dutela esan dute agerraldian, eta hori lortu asmoz, herritar guztiak animatu dituzte gaztetxe berrira hurbiltzera: «zuen guztion parte hartzea ezinbestekoa zaigu, izan haur, gazte edo heldu» esanez.
Ikusi gaztetxea barrutik Ordiziako Ahotsaren webgunean: www.ordiziakoahotsa.net