Atez ateko sistemaren inguruko bideragarritasun azterketa aurkeztuko dute
Legazpin atez ateko sistema ezartzeko egin den bideragarritasun planaren emaitzak publiko egingo dituzte datorren astean Sasieta Mankomunitateak eta Legazpiko udal gobernuak adierazi dutenez. Datorren azaroaren 21ean Sasietaren egoitzan egingo duten bi...
Legazpin atez ateko sistema ezartzeko egin den bideragarritasun planaren emaitzak publiko egingo dituzte datorren astean Sasieta Mankomunitateak eta Legazpiko udal gobernuak adierazi dutenez. Datorren azaroaren 21ean Sasietaren egoitzan egingo duten bilera itxian aurkeztuko dizkiete emaitzak Legazpiko alderdi politiko guztietako ordezkariei.
Legazpin atez ateko sistema ezartzeko udal gobernuak hartutako erabakiak hautsak harrotu ditu azkenaldian. Kontrako eta aldeko jarrerak sortu dira batzuen eta besteen artean. Orain, datu errealak eskuan atez ateko sistemaren ezarpenean aurrera begirako pausoak eman nahi ditu Legazpiko Udalak. Enrike Enparantza Sasieta Mankomunitateko teknikariak azaldu duenez, bideragarritasun azterketa Spora enpresa katalanak eraman du aurrera. «Adituak dira hondakinak biltzeko sisteman ezartzen, bai bosgarren edukiontzia, baita atez atekoa ere», esan du.
Datorren asteko aurkezpenean herrian atez ateko sistema ezartzea «teknikoki eta ekonomikoki bideragarria den ala ez zehaztuko da datu errealetan oinarrituta», argitu du Enparantzak. Bide batez, Legazpira egokitutako atez ateko bilketa eredu bat ere proposatuko du Sporak. Baina, «bilketa nola egingo den zehaztea herritar guztion artean erabakiko da», zehaztu du Urratek.
Behin, politikoei azterketaren berri eman eta gero, herriaren txanda izango da. Behin herritarrei eman beharreko informazioa emanda, parte hartze prozesua jarriko da martxan atez ateko bilketa sistema nolakoa izango den legazpiarrek beraiek erabaki dezaten.