Jendea paseatzen eta greba orokorreko paperak Beasaingo Gernika pasealekuan
Normaltasuna da nagusi Goierriko herrietan. CCOO eta UGT sindikatuek deitutako greba orokorraren zantzu handirik ez dago, salbuespenak-salbuespen. Modesto Martinez Gipuzkoako UGTko ordezkaria da, eta Goierrin duten ordezkaritza txikia dela jakinda, “erantzun hau espero” zutela esan du. Enrique Baratta CCOOko Goierriko industria ordezkariak Europako sindikatu elkarteak deitutako greba dela gogoratu du, “Grezian eta Goierrin dauden arazoak oso antzekoak dira, une honetan Europan hartzen ari baitira erabakiak”. Barattaren arabera, ELA eta LAB euskal sindikatuak “erratu dira greba orokor honetara batu ez direnean”.
Goierriko enpresa eta erakundeetan izandako jarraipenaren datu zehatz gutxi dago ordu honetan. Olga Doiz Goierriko eta Urola Erdiko Osasun Zerbitzu Integratuaren pertsonal arduradunak emandako datuaren arabera, Goierriko ospitaletik hasi, osasun zentroak eta kontsultategietaraino grebaren jarraipena %2,11 izan da, “500 langiletik 11k egin du greba goizeko txandan eta arratsaldean portzentajeak behera egin dezake”.
Zumarragako ArcelorMittal enpresan CCOO sindikatuak gehiengoa duen arren, ez da lantegia geratu. “Afiliatuei greba egiteko gonbitea egin zaie eta langileen %50a atera da”, adierazi du Barattak. Olaberriako lantegiko daturik ez dituzten CCOOko nahiz UGTko ordezkariek. CAF enpresan 100 botorengatik ez dutela greba egin azpimarratu dute bi ordezkari sindikalek. Goierriko beste enpresei dagokienez, ordezkaritza duten enpresetan, batzarrak deitu dituzten %30ek greba egin dute Barattaren arabera.
Bestela, orokorrean, Goierriko eskolak, lan eta zerbitzu publikoak, ostalaritza eta zerbitzuak martxan ari dira gaur.