Murumendiko sekretuak, agerian
Mito eta legenda ugariren sorlekua izan da Murumendiko gaina. Duela gutxira arte, ez da askorik ikertu, ordea. Suhar arkeologia elkartea hasi zen lan horretan, han interes handiko aztarnak egon zitezkeela sinistuta. Hiru urtez jarraian, abuztuan kanpaina bana egin dute, eta baita aurkikuntza ugari egin ere. Gizateriaren aro berriaren hasierako bizitokia izan litekeena aurkitu dute, baina baita harrezkero bertan bizi izandako gizaldien erakinak eta aztarnak ere. Urtarrila aldera, han egindako aurkikuntzekin erakusketa egiteko asmoa dute. Suhar taldeko Ander Arresek dioenez, «beti jakin izan da hor zerbait egon zela. Aireko argazkiren bat ikusiz gero, segituan igartzen dira bi harresiak». Bertatik ere, «nabarmena da egitura batzuk badaudela. Bi pista daude amildegira ematen dutenak, eta hor zerbait dagoela agerikoa da». Egitura horien nondik norakoak ikusita, aurtengo udan egin duten kanpainaren helburua, «hor dagoen bizitoki gune horrek zer egitura zuen definitzea» izan da. Hala, indusketen eremua zabaldu eta «espero genuen moduan, habitat inguru bat topatu dugu, txabola ondo bat, baina eraikin aztarnekin; adobe zatiak, esku errotak, eta abar». Arresek azaldu duenez, bi espazio daude, goiko harresia eta behekoa. «Guk interpretatu duguna da goiko harresiak babesten duen tontorra bizitzeko habitat moduan erabiltzen zutela da, eta bi harresien arteko espazioa, ganaduarentzako edo beste erabilera batzuetarako». Beheko harresian, dorre [...]
Mito eta legenda ugariren sorlekua izan da Murumendiko gaina. Duela gutxira arte, ez da askorik ikertu, ordea. Suhar arkeologia elkartea hasi zen lan horretan, han interes handiko aztarnak egon zitezkeela sinistuta. Hiru urtez jarraian, abuztuan kanpaina bana egin dute, eta baita aurkikuntza ugari egin ere. Gizateriaren aro berriaren hasierako bizitokia izan litekeena aurkitu dute, baina baita harrezkero bertan bizi izandako gizaldien erakinak eta aztarnak ere. Urtarrila aldera, han egindako aurkikuntzekin erakusketa egiteko asmoa dute.
Suhar taldeko Ander Arresek dioenez, «beti jakin izan da hor zerbait egon zela. Aireko argazkiren bat ikusiz gero, segituan igartzen dira bi harresiak». Bertatik ere, «nabarmena da egitura batzuk badaudela. Bi pista daude amildegira ematen dutenak, eta hor zerbait dagoela agerikoa da». Egitura horien nondik norakoak ikusita, aurtengo udan egin duten kanpainaren helburua, «hor dagoen bizitoki gune horrek zer egitura zuen definitzea» izan da. Hala, indusketen eremua zabaldu eta «espero genuen moduan, habitat inguru bat topatu dugu, txabola ondo bat, baina eraikin aztarnekin; adobe zatiak, esku errotak, eta abar».
Arresek azaldu duenez, bi espazio daude, goiko harresia eta behekoa. «Guk interpretatu duguna da goiko harresiak babesten duen tontorra bizitzeko habitat moduan erabiltzen zutela da, eta bi harresien arteko espazioa, ganaduarentzako edo beste erabilera batzuetarako». Beheko harresian, dorre baten aztarnak ere aurkitu dituzte, nahikoa egoera onean kontserbatuta, gainera.
Suhar elkartekoek egindako datazioak, «nahiz eta erabat zehatza ez izan, ante quem bat ematen digu, alegia zein urte baino zaharragoa den, eta badakigu I. mendetik atzerakoa dela. Beraz aro aldaketaren garai hortakoa edo oraindik zaharragoa da». Hala, 0 urtearen inguruan kokatu dituzte aztarnak. Tipologia aztertuta, berriz, Oria bailaran dauden beste kastro batzuen antza duela uste du Arresek, baina batez ere, Buruntza mendian dagoenarena.
Arresek azaldu duenez, kanpaina honen helburua «eraikin hori, harresia eta txabola hori noizkoak ziren» zehaztea izan da. Harresiei dagokionean, ordea, «zailagoa da jakitea kanpokoa eta barrukoa garai berekoak diren, baina garai zaharretako materiala bi harresietan aurkitu dugu; goikoan burdin aroan eskuz egindako zeramika zatiak, eta behekoan errota harri zatiak. Baina behekoan oso espazio txikian egin dugu indusketa, eta ez dugu datazio zehatzik lortu».
Aurkikuntzarik zaharrenak I. mendearen aurrekoak badira ere, «oso garai ezberdinetako aztarnak» aurkitu dituzte Murumendin. Tartean gerra zibileko balak, harrobi bat eta karea eramateko leraren arrastoak. Baita 1870 inguruan lurperatutako txakur baten gorpua ere. Arreseren ustez, «horrek guztiak esan nahi du toki horrek izan duen erabilera oso konstantea izan dela».
Bizitokia mendi tontorrean egitearen arrazoiaz galdetuta, Arresek bere teoria azaldu du. «Garai hura, tentsio handiko garaia zen. Bigarren Burdin aroan, duela 1500-2000 urte, hasi ziren komunitateak mendi puntetara igo eta bizitokiak harresitzen. Giro gatazkatsua zen eta defentsak sortzen hasi ziren; Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban fenomeno berdina gertatzen da, Nafarroan ere bai, baina Iparraldean batez ere». Gipuzkoan, Oria bailaran, antzeko lau kasu ezagutzen dira. «Laurak ere, mendi tontorrera igo eta harresitu egiten diren komunitateak dira, estrategikoak direlako eta babesteko errazak direlako. Baina interpretatzea zein modelo jokatzen zuten gizarte hartan, edo garai berdinekoak ziren esatea, ez da hain erraza». Arreseren ustez, «babestutako nekazal guneak» dira, baina «garbi dago jendea tontor horietara babes bila igotzen dela, tentsio egoera bat dagoelako».
Hurrengo pausoak
Behin indusketak bukatu eta egindako aurkikuntzak aztertutakoan, hurrengo pausoa, egindako lana gizarteratzea izaten da. Arreseren ustez, «ikerketa bat egin eta guretzako gelditzen bada, horrek ez du ezertarako balio». Horregatik, aurten egindako indusketen eta jasotako emaitzekin erakusketa bat jartzeko asmoa dute; «seguru asko urtarrilean izango da, Igartzan».
Arkeologia bera ere gizarteratzen saiatzen dira, eta horretarako, zenbait ikastaro eta tailer ere egiten dituzte, harriekin sua egiten, erremintak lantzen edo lantza jaurtitzen erakusteko.