
CCOO eta UGT sindikatuek deitutako greba orokorraren zantzu handirik ez da egon Goierrin, salbuespenak-salbuespen. Orokorrean, Goierriko eskolak, lan eta zerbitzu publikoak, ostalaritza eta zerbitzuak martxan izan dira.
Olga Doiz Goierriko eta Urola Erdiko Osasun Zerbitzu Integratuaren pertsonal arduradunaren arabera, Goierriko ospitalean, osasun zentroetan eta kontsultategietan grebaren jarraipena %2,11 izan zen atzo. «500 langiletik 11k egin du greba goizeko txandan eta arratsaldean portzentajeak behera egingo duela uste dugu, zerbitzu gutxiago dagoelako», zehaztu zuen atzo goizean.
Zumarragako ArcelorMittal enpresan CCOO sindikatuak gehiengoa duen arren, ez zen lantegia geratu. «Afiliatuei greba egiteko gonbitea egin zaie eta langileen %50a atera da», adierazi zuen Enrique Baratta Goierriko CCOOko industria arduradunak. Olaberriako lantegiko daturik ez zituzten CCOOko eta UGTko ordezkariek. Hala ere, «zati handi batean geratu» zela esan zuen Modesto Martinez Gipuzkoako UGT sindikatuko ordezkariak.
CAF enpresan 100 botorengatik ez zutela greba egin azpimarratu zuten bi ordezkari sindikalek. Goierriko beste enpresei dagokienez, bi sindikatu hauek ordezkaritza duten enpresetan, «batzarrak deitu dituzten %30ek greba egin zuten» Barattaren arabera. Oro har, grebaren eraginik handiena industriaren sektorean nabaritu zela adierazi zuten sindikatuetako ordezkariek.
Garraioetan Eusko Jaurlaritzak %30eko zerbitzu minimoak ezarri zituen, eta UGTko Modesto Martinezek esan zuenez, «goizean goizetik grebaren eragina sumatu zen Gipuzkoan».
Martinezek adierazi duenez, «Goierrin dugun ordezkaritza txikia dela jakinda, erantzun hau espero genuen». CCOOko Enrique Barattak Europako sindikatu elkarteak deitutako greba zela gogoratu zuen: «Grezian eta Goierrin dauden arazoak oso antzekoak dira, erabakiak Europan hartzen baitira». Barattaren arabera, ELA eta LAB euskal sindikatuak «erratu egin dira greba orokor honetara batu ez direnean». Biek Goierrin grebarekin lotutako inolako liskarrik ez zela egon nabarmendu zuten.
Manifestazioak hiriburuetan
Atzokoa urteko hirugarren greba orokorra izan zen Hego Euskal Herrian. Sindikatu abertzaleek deialdia egin ez izanak jarraipena murriztu zuen. Nolanahi ere, hiriburuetan eguerdian egindako manifestazioetan jendetza bildu zen.