Ehunmiliak proban izena emateko epea zabaldu dute
Dagoeneko zabaldu dute 2013ko Ehunmiliak eta G2H mendi lasterketetan izena emateko epea. Antolatzaileek urrian jakinarazi zuten antolatzaileek bi proba horiek datorren urtean ere egingo direla. Eta atzo, izena emateko epearen berri eman zuten. Ekaina...
Dagoeneko zabaldu dute 2013ko Ehunmiliak eta G2H mendi lasterketetan izena emateko epea. Antolatzaileek urrian jakinarazi zuten antolatzaileek bi proba horiek datorren urtean ere egingo direla. Eta atzo, izena emateko epearen berri eman zuten. Ekainaren 13ra bitartean eman ahal izango da izena probetan.
Ehunmiliak ultratrail proba ezagunak laugarren edizioa izango du 2013koa, eta uztailaren 12, 13 eta 14 egunetan jokatuko dute. Aurreko urteetan probak izan duen harrera onarekin gustura agertu dira antolatzaileak, eta datorren edizioan ere, «hiru urteotan lortu duen onespena eta goraipamena indartzen» jarraituko duela uste dute.
600 laguneko muga
Izena emateko, aurreko urteetan bezala, lasterketaren webgune ofizialera jo beharko da. Aurten, proba bakoitzean 600 laguneko gehienezko muga jarri dute. Gaurtik otsailaren 15era izena ematen duenak, 130 euro ordaindu beharko du Ehunmiliak probaren kasuan, eta 80 G2H probarako. Azken unera arte uzten duenak berriz, 165 (EHM) edo 95 (G2H) euro ordaindu beharko du izen-ematea.
Informazio gehiago nahi duenak, webgunera jo edo ehunmilakultratrail@gmail.com helbidera posta elektroniko bat bidal dezake. Twitter eta Facebook sare sozialetan ere badaude.
Ehunmiliak proba, bi parke natural babestu zeharkatzen dituen proba bakarretakoa da, Enirio-Aralar eta Aizkorri-Aratz parkeak. Gipuzkoako bost eskualde zeharkatzen ditu eta 1.000 boluntariotik gora aritzen dira antolakuntza lanetan.