‘Gu itsasoa’ erakusketa zabaldu dute Igartzan
Itsasoa ez da kostaldekoen kontua bakarrik. Askok uste baino lotura gehiago izan du barrualdeak itsasoko bizimoduarekin. Batez ere, Euskal Herriak «lehen mailako itsas industria» izan zuenean. Itsasontziak egiteko material eta lehengaiak barrualdeko baso eta burdinoletatik eramaten zituzten. Gu itsasoa erakusketak, harreman horretan sakontzen du, itsasoa denona dela agerraraziz. Gu itsasoa ekimena, Albaola itsas kultur erakundeak, Zerain Dezagun fundazioak eta Igartubeiti baserri museoak elkarlanean sortutako ekimena da. Albaola elkarteko Xabier Agotek azaldu duenez, «erakusketa hau egitasmo zabalago baten zatia da, lehendabiziko urratsa. Gu itsasoa, filosofia bat da, herri ikuspegi berri bat, aintzindaria eta iraultzailea gure ustez». Izan ere, ekimen hau izan da itsasoaren mundua lehorrean landu duen lehena. Albaola elkartea Pasaian sortu zen, itsas ondarea lantzeko eta ezagutarazteko asmoz. Agoteren arabera, «gaia sakontzen ari ginen heinean, konturatu ginen bide guztiek Gipuzkoako eta Euskal Herriko barnealdera eramaten gintuztela. Modu natural batean». Izan ere, kostaldean beharzituzten baliabideak lehorrean zeuden, bai meategiak, bai burdinolak eta baita basoak ere. Agoteren arabera, XVI. mendean, «gure herri txiki hau munduko itsas naziorik indartsuenetakoa» izan zen, eta hori, «herri oso baten inplikazioarekin» lortu zen. Hori da «erakusketa honen bidez eta Gu itsasoa egitasmoaren bidez aldarrikatu nahi duguna, gure iragan aberats hori ez baitugu ezagutzen». Igartubeiti museoko Kizkitza Igarteburuk, «Igartza jauregia erakusketa hau [...]
Itsasoa ez da kostaldekoen kontua bakarrik. Askok uste baino lotura gehiago izan du barrualdeak itsasoko bizimoduarekin. Batez ere, Euskal Herriak «lehen mailako itsas industria» izan zuenean. Itsasontziak egiteko material eta lehengaiak barrualdeko baso eta burdinoletatik eramaten zituzten. Gu itsasoa erakusketak, harreman horretan sakontzen du, itsasoa denona dela agerraraziz.
Gu itsasoa ekimena, Albaola itsas kultur erakundeak, Zerain Dezagun fundazioak eta Igartubeiti baserri museoak elkarlanean sortutako ekimena da. Albaola elkarteko Xabier Agotek azaldu duenez, «erakusketa hau egitasmo zabalago baten zatia da, lehendabiziko urratsa. Gu itsasoa, filosofia bat da, herri ikuspegi berri bat, aintzindaria eta iraultzailea gure ustez». Izan ere, ekimen hau izan da itsasoaren mundua lehorrean landu duen lehena.
Albaola elkartea Pasaian sortu zen, itsas ondarea lantzeko eta ezagutarazteko asmoz. Agoteren arabera, «gaia sakontzen ari ginen heinean, konturatu ginen bide guztiek Gipuzkoako eta Euskal Herriko barnealdera eramaten gintuztela. Modu natural batean». Izan ere, kostaldean beharzituzten baliabideak lehorrean zeuden, bai meategiak, bai burdinolak eta baita basoak ere.
Agoteren arabera, XVI. mendean, «gure herri txiki hau munduko itsas naziorik indartsuenetakoa» izan zen, eta hori, «herri oso baten inplikazioarekin» lortu zen. Hori da «erakusketa honen bidez eta Gu itsasoa egitasmoaren bidez aldarrikatu nahi duguna, gure iragan aberats hori ez baitugu ezagutzen».
Igartubeiti museoko Kizkitza Igarteburuk, «Igartza jauregia erakusketa hau jartzeko oso toki aproposa» dela azaldu zuen. «Hemen bazen burdinola bat, eta seguru asko garai hartan aingurak, kateak eta iltzeak hemen eta inguruko burdinoletan egingo zituzten. Dolarea ere bazen, Igartubeitin bezala. Eta erakusketan ikus daitekeen moduan, Ternuara joaten ziren arrantzaleek, kanpaina bakoitzean 50.000 litro sagardo eramaten zituzten».
Erakusketa, abenduaren 30era bitartean egongo da ikusgai, Igartza jauregian. Larunbatetan eta jai egunetan bisitatu ahal izango da, goizez (12:00-14:00) eta arratsaldez (17:00-20:00).