Ordiziako PSE-EEk Bildu kritikatu du Sasietarako aholkulari bat kontratatzeko erabakiagatik
Ordiziako PSE-EEk Bildu kritikatu du, Azeari Andonegi Sasieta Mankomunitateko lehendakariarentzako aholkulari bat kontratatzeko erabakiagatik. Horrez gain, Ordiziako udal aurrekontuan kontratazio horrek ekar ditzakeen gastuetarako diru-partidarik ez bi...
Ordiziako PSE-EEk Bildu kritikatu du, Azeari Andonegi Sasieta Mankomunitateko lehendakariarentzako aholkulari bat kontratatzeko erabakiagatik. Horrez gain, Ordiziako udal aurrekontuan kontratazio horrek ekar ditzakeen gastuetarako diru-partidarik ez bideratzea eskatu du.
Iñaki Dubreuil sozialistak azaldu duenez, PSE-EEk mozio bat sartu du Ordiziako udaletxean, hurrengo Osoko Bilkuran eztabaidatu dadin. Mozioak, aholkularia 52.000 euroan ez kontratatzeko iritzia “garbi” adierazten duela esan du Dubreuilek: “Sasieta osatzen duten udaletxeek hain egoera ekonomiko delikatua bizi dutenean, ez dugu erabaki hori justifikatzen duen pisuzko arrazoirik topatzen”.
Bilduren jokabidea “kuriosoa” dela esan dute sozialistek: “politika egiteko moduak aldatu nahi dituela esaten du publikoki, euren ustez besteon egiteko moduak zentsuragarriak direlako. Instituzioetara iritsi zenean, politika ez profesionalizatzea eskatzen zuen soldatak eta dieta gastuak ekiditeko, baina boterea ukitu, eta soldatak banatzen, igotzen eta postuak sortzen hasi dira. Instituzioetan txiringitoak eta konfiantzazko postuak sortzen dituen politika formetan ikasle aurreratua da ezker abertzalea” esan dute ohar batean.













