Harkaitz Cano, Euskadi saria besapean, Lazkaon izan da
Harkaitz Cano idazle lasartearrak irakurleekin solasaldia egin zuen, herenegun, Lazkaoko Gerriko Txokoan. Gerriko kultur elkartearen Liluratura saioan izan zen, 25 bat irakurlerekin, Twist eleberri sarituaren berri emateko eta herritarren iritziak jasotzeko. Hain zuzen, asteartean ordu beretsuan narratibako Euskadi Saria jasoa zen Cano. Lazkaoko solasaldiaren aurretik, Goierriko Hitza-rekin hizketan aritu zen Harkaitz Cano. Hona elkarrizketa: «Apustu erradikala egin nuen» Aurten narratibako Euskadi, Beterriko Liburua eta kritikaren sariak jaso dituen Twist eleberriaz jardun da Harkaitz Cano Lazkaon, EAEko sari gorena jaso eta 24 ordura. Herri txikia izatearen abantaila da Harkaitz Canorentzat (Lasarte, 1975) egun baten tartean sari garrantzitsu bat jasotzea eta irakurleekin zuzenean hitz egitea. Gerriko Txokoan xehetu du, irakurleekin, eleberri saritua. Zer bilatzen duzu irakurleengan Gerrikokoa bezalako solasaldiekin? Batez ere jaso egiten dut. Liburu honekin, hain zuzen, konturatu naiz jendeak gauza asko jartzen dituela liburuan ez daudenak: garaiari buruzkoak, gertaeraren oroitzapenak… Osatzera dator jendearen bertsioa, liburuak garai horri buruzko ateak irekiko balizkio bezala, eta orduan bakoitzak bere oroitzapenak ematen ditu. Norbere susmoak baieztatzeko modu bat ere bada, zer gustatu den eta zer ez. Dozena erdi bat saio egin direnean, konstante batzuk errepikatzen hasten dira. Zer irudipen jaso duzu orain artekoetan, orokorrean? Bi irakurle mota daude, oro har. Lehenengo kapitulua asko [...]
Harkaitz Cano idazle lasartearrak irakurleekin solasaldia egin zuen, herenegun, Lazkaoko Gerriko Txokoan. Gerriko kultur elkartearen Liluratura saioan izan zen, 25 bat irakurlerekin, Twist eleberri sarituaren berri emateko eta herritarren iritziak jasotzeko. Hain zuzen, asteartean ordu beretsuan narratibako Euskadi Saria jasoa zen Cano.

Harkaitz Cano irakurleekin solasean, asteazkenean, Gerriko Txokoan. /Aimar Maiz
Lazkaoko solasaldiaren aurretik, Goierriko Hitza-rekin hizketan aritu zen Harkaitz Cano. Hona elkarrizketa:
«Apustu erradikala egin nuen»
Aurten narratibako Euskadi, Beterriko Liburua eta kritikaren sariak jaso dituen Twist eleberriaz jardun da Harkaitz Cano Lazkaon, EAEko sari gorena jaso eta 24 ordura. Herri txikia izatearen abantaila da Harkaitz Canorentzat (Lasarte, 1975) egun baten tartean sari garrantzitsu bat jasotzea eta irakurleekin zuzenean hitz egitea. Gerriko Txokoan xehetu du, irakurleekin, eleberri saritua.
Zer bilatzen duzu irakurleengan Gerrikokoa bezalako solasaldiekin?
Batez ere jaso egiten dut. Liburu honekin, hain zuzen, konturatu naiz jendeak gauza asko jartzen dituela liburuan ez daudenak: garaiari buruzkoak, gertaeraren oroitzapenak… Osatzera dator jendearen bertsioa, liburuak garai horri buruzko ateak irekiko balizkio bezala, eta orduan bakoitzak bere oroitzapenak ematen ditu. Norbere susmoak baieztatzeko modu bat ere bada, zer gustatu den eta zer ez. Dozena erdi bat saio egin direnean, konstante batzuk errepikatzen hasten dira.
Zer irudipen jaso duzu orain artekoetan, orokorrean?
Bi irakurle mota daude, oro har. Lehenengo kapitulua asko gustatu zaion jendea, eta hortik aurrera nobela konbentzional bat irakurri duena, gusturago edo ez. Eta, lehenengo kapituluan jo eta liburua bertan behera utzi duena. Hori ere egon da, eta ulertzen dut. Arrisku hori hartu nuen hasieratik, kapitulua berezia delako. Asko hitz egiten da lehenengo kapituluari buruz, eta baita atzean egon den errealitate-ispilu horri buruz ere. Beste hainbat pasarte, arteari edo teatroari dagozkionak, isilago pasatzen dira.
‘Twist’-en lehenengo kapitulua euskal literaturako antologiatzat jo du kritikak. Hainbesterainokoa da?
Hor apustu erradikal bat egin nuen. Lurpetik ateratzen den pertsona baten historia da, eta alde horretatik tonu aldetik ere ez da errealista; ez da amesgaizto baten antzekoa, ez dakigu zeinek kontatzen duen, arrantzalea den edo pertsonaia bera. Bere burua lurpetik atera ahala gogoratu egiten du zer pasa zen; ez da ondo gogoratzen, halako amnesia bat du. Hori dena modu nahiko gordinean dago kontatuta, lurpetik ateratzea bera gordina delako. Horrek irakurketa zaildu egiten du; batzuei asko gustatu zaie literarioki, beste batzuei ez.
Beraz, kontaera da haustailea?
Bai. Bere burua ezagutzen ez duen norbaiten barne bakarrizketa bezala kontatuta dago. Bere buruaren bila, eta aldi berean garai bat —1980ko hamarkada— eta gertaera batzuk gogoratuz. Samalda batean dago kontatuta. Oldeka idatzita dago, bi edo hiru eserialditan. Badu gehiegikeria zentzu hori.

Harkaitz Cano. /Aimar Maiz
Bezperan jaso duzu Euskadi Saria. 24 ordu geroago, irakurleekin zaude zuzenean. Euskal literaturaren mundua ez da hain handia, ezta?
Bai, oso txikia da. Saria jasotzerakoan, gainera, esaten nuen herri txiki batek badituela abantailak eta desabantailak, batzuetan berberak. Desabantaila da nagiak pixka bat kentzen hasterako mapatik atera egiten zarela. Baina hori abantaila ere bada. Gure artean posible da giza eskala batean funtzionatzea, irakurle eta idazleen arteko harreman bat, beste komunitate batzuetan posible ez dena, ez behintzat jarraikortasun edo gertutasun horrekin. Txiki izateak zer abantaila dituen ere ikusi behar dugu. Elkar ezagutu egiten dugu, eta ez bakarrik idazleek beste idazleak, baizik idazleak irakurleak; ezagutzen ditugu bertsolariak, musikariak… Gure artean elkar ekintza handia dago, eta hori beste komunitate handiagoetan ez da hain erraz ematen.
Memoriaz eta kontakizun historikoez hainbeste hitz egiten den garaiotan, zure idazlana saritu izanak eduki dezake esanahi berezirik?
Aitortu behar dut pixka bat gainezkatu nauela. Ez dakit zer espero nuen liburu hau atera nuenean, baina hau ez. Sariena politena da hiru talde diferentetatik izan direla. Batetik, Beterrikoa irakurleen saria izan da; Euskadi kolegen saria izan da, esan dezakegu; eta Kritikaren saria jaso zuen. Polita da ikustea hiru gremio edo talde horiei, bakoitza bere maniekin eta bere zaletasunekin, gustatu zaiela. Orain, benetako saria bidean topatu dudan hainbat jende izan da. Hain zuzen Lasa eta Zabalaren kasua atzean egonik, liburua argitaratu ondoren ezagutu ditut haien familiako hainbat jende. Beraiek egin duten irakurketa izan da niretzat saririk onena, zeren fikzioarekin egin dudan joko hori ulertu dute. Oso irakurketa eskuzabala izan da beraien partetik eta alde horretatik. Hunkitu nauen zerbait izan da.













