Sasietaren proposamena hondakinak gaika eta egunka biltzeko
Sasieta Mankomunitateak aste honetan Itsasondon, Legorretan eta Zaldibian kaleka, eremuka edo etxebizitza blokeka bilerak egiten hasiko direla gogoratu du, atez ateko hondakin bilketaren eredua fintzeko eta hitzartzeko. Sistema jartzeko proposamena aur...
Sasieta Mankomunitateak aste honetan Itsasondon, Legorretan eta Zaldibian kaleka, eremuka edo etxebizitza blokeka bilerak egiten hasiko direla gogoratu du, atez ateko hondakin bilketaren eredua fintzeko eta hitzartzeko. Sistema jartzeko proposamena aurreko astean aurkeztu zuen hiru herrietan, batzar irekiak antolatuta. «Hitza orain herritarrek» dutela esan du Sasietak, gaur. «Besteak beste ontzien erabileraren, zintzilikarioen eta ordutegien gainean proposamenak egin eta erabakiak hartu ahalko dituzte herritarrek», zehaztu du.
«Sasietak proposatzen duen eredua ez da itxia, eta hurrengo egunetan hainbat bilera egingo dira herri bakoitzean herritarren nahiak eta ekarpenak kontuan hartuz behin betiko modeloa zehazteko», dio oharrak.
Oinarrizko proposamenaren arabera, herri kaskoan papera, ontzi arinak, materia organikoa eta errefusa mankomunitateak banatutako kuboetan aterako dira. Beira, olioa, pilak eta arropa, berriz, orain arte bezala jasoko dira. Landa gunean, «birziklagune komunitarioak» jarri dira. Hondakinak kopuru handian sortzen dituztenei konponbide pertsonalizatuak eskainiko dizkiete.
Bilketa ereduari dagokionez, organikoa astean hiru egunetan (asteartea, ostirala, igandea) biltzea proposatu du; ontziak astelehenean eta ostegunean; papera-kartoia asteazkenean, errefusa larunbatean, beira asteartean, eta pardelak-konpresak egunero. Ordutegia 20:00etatik 22:00etara litzateke, beti.
Aurreko asteko batzar irekietan, Legorretan 90 lagun, Zaldibian 110 eta Itsasondon 80 izan zirela jakinarazi du Sasietak.