Atez atekoa «atzeko atetik» iritsi da Goierrira, oposizioko bi taldek gaitzetsi dutenez
Legorretako eta Zaldibiako Udaletako oposizioko taldeek atez ateko hondakin bilketa sistema euren herrietara iritsi izana salatu dute. Legorreta Bizirikek eta Zaldibian Herrigintzanek prentsaurreko bateratuan azaldu dute «egunkari bidez» jakin dutela atez atekoa Legorretan eta Zaldibian jarriko zela. Goierrira «atzeko atetik» iritsi dela nabarmendu zuten, plenoetan edo udal batzordeetan ez dela eztabaidatu esanez. Zaldibian Herrigintzaneko Aitor Olano zinegotziak ostiralean azaldu zuenez, Sasietak agindu zuen azterketan atez atekoa «proposatu» egiten du. «Azaroaren 7an bilera bat izango zela, zaborren gaineko azterketaren aurkezpena egin behar zigutela eta zinegotziak gonbidatuta geundela adierazi ziguten. Datuak aurkeztu eta gero Kataluniako enpresa bateko bi ordezkarik adierazi ziguten atez ateko sistema proposatzen zigutela. Pentsatzen genuen hurrengo komisioren batean gaiaz eztabaidatzeko aukera izango genuela. Harrituta geratu ginen, bilera hori egin eta hurrengo egunean komunikabideetan hiru herrietako –Itsasondo, Legorreta eta Zaldibia– alkateen prentsaurrekoaren berri izan genuenean. Parte hartzeko deia egin dute, baina erabakia hartuta dago», gaitzetsi du, bi taldeen izenean. Parte-hartze prozesua «sistemari aldaketak, hobekuntzak edo iruzkinak egiteko bakarrik» dela salatu dute; «ez kontra gaudela esateko edo beste moduren bat proposatzeko». Bi talde politikoen «apustua beti» bosgarren edukiontzia, gai organikoarena, jartzea izan da, Olanok irakurri zuen oharraren arabera. «Zaldibiari, adibidez, 2011ko apirilean bosgarren edukiontzia jartzeko eskaintza egin zitzaion Sasietako Mankomunitatetik, baina ez [...]
Zaldibian Herrigintzaneko Aitor Olano zinegotziak ostiralean azaldu zuenez, Sasietak agindu zuen azterketan atez atekoa «proposatu» egiten du. «Azaroaren 7an bilera bat izango zela, zaborren gaineko azterketaren aurkezpena egin behar zigutela eta zinegotziak gonbidatuta geundela adierazi ziguten. Datuak aurkeztu eta gero Kataluniako enpresa bateko bi ordezkarik adierazi ziguten atez ateko sistema proposatzen zigutela. Pentsatzen genuen hurrengo komisioren batean gaiaz eztabaidatzeko aukera izango genuela. Harrituta geratu ginen, bilera hori egin eta hurrengo egunean komunikabideetan hiru herrietako –Itsasondo, Legorreta eta Zaldibia– alkateen prentsaurrekoaren berri izan genuenean. Parte hartzeko deia egin dute, baina erabakia hartuta dago», gaitzetsi du, bi taldeen izenean.
Parte-hartze prozesua «sistemari aldaketak, hobekuntzak edo iruzkinak egiteko bakarrik» dela salatu dute; «ez kontra gaudela esateko edo beste moduren bat proposatzeko». Bi talde politikoen «apustua beti» bosgarren edukiontzia, gai organikoarena, jartzea izan da, Olanok irakurri zuen oharraren arabera. «Zaldibiari, adibidez, 2011ko apirilean bosgarren edukiontzia jartzeko eskaintza egin zitzaion Sasietako Mankomunitatetik, baina ez zen onartu».
Bilduk gobernatzen dituen beste herri batzuetan edukiontzi bidezko bilketa-kopuruak «asko» hazi direla gaineratu dute: «Urretxun %50, Zarautzen zabor zatia %20 jaitsi da, eta Urnietan Bildu bosgarren edukiontziaren alde agertu da. Zergatik ez ezarri Itsasondon, Zaldibian eta Legorretan?», galdetu dute.
Atez atekoa bezalako erabakirik «zuzenean pairatzen duten herritarren oniritzirik gabe» ezin da hartu, Legorreta Biziriken eta Zaldibian Herrigintzanen aburuz; «ezta botoen zilegitasuna duten zinegotziek ezer jakin gabe ere. Hori inposatzea da».
Legorretan sinadura bilketa
Atez atekoa ea «herri handienetatik» zergatik ez den hasi ere galdetu dute, «zabor gehiena sortzen dutenak» direlako. Bestetik, Bilduk 2011n aldarrikatutako «politika modu berriaren» ordez «herritarren iritziarekiko mespretxua eta inposaketa besterik ez» dutela ikusi esan dute.
Ostiraleko prentsaurrekoan, Legorretako zinegotzi batek aurreratu zuen sinadura bilketa egingo dutela atez ateko sistema jartzearen aurka. Legorreta Garbia ekimena sortu dute, eta ostiralean 19:00etan informazio bilera antolatu dute. Sinadurak ere bilduko dituzte, Birziklapena bai, atez atekorik ez lelopean.
Sasieta: «Herritarrek dute orain hitza»
Sasieta Mankomunitateak, bere aldetik, atez ateko bilketa sistema jartzeko proposamena behin aurkeztuta, «hitza orain herritarrek» dutela esan zuen, atzo. Egunotan Itsasondon, Legorretan eta Zaldibian kaleka, eremuka edo etxebizitza blokeka bilerak egiten hasiko direla gogoratu du, baita ere. «Besteak beste ontzien erabileraren, zintzilikarioen eta ordutegien gainean proposamenak egin eta erabakiak hartu ahalko dituzte herritarrek», zehaztu du.
«Sasietak proposatzen duen eredua ez da itxia, eta hurrengo egunetan hainbat bilera egingo dira herri bakoitzean herritarren nahiak eta ekarpenak kontuan hartuz behin betiko modeloa zehazteko».
Oinarrizko proposamenaren arabera, herri kaskoan papera, ontzi arinak, materia organikoa eta errefusa mankomunitateak banatutako kuboetan aterako dira. Beira, olioa, pilak eta arropa, berriz, orain arte bezala jasoko dira. Landa gunean, «birziklagune komunitarioak» jarri dira. Hondakinak kopuru handian sortzen dituztenei konponbide pertsonalizatuak eskainiko dizkiete.
Bilketa ereduari dagokionez, organikoa astean hiru egunetan (asteartea, ostirala, igandea) biltzea proposatu du; ontziak astelehenean eta ostegunean; papera-kartoia asteazkenean, errefusa larunbatean, beira asteartean, eta pardelak-konpresak egunero. Ordutegia 20:00etatik 22:00etara litzateke, beti.
Aurreko asteko batzar irekietan, Legorretan 90 lagun, Zaldibian 110 eta Itsasondon 80 izan zirela jakinarazi du Sasietak.














