Domarda elkartean 50. urteurrena ospatuko dute gaur
Bazkideen arteko afariarekin ospatuko dute, gaur 21:00etan, Lazkaoko Domarda elkartekoek 50. urteko historia. Orain kide diren 125 ingurutik asko joango dira; tartean, duela 50 urte soziedadea eratzeko lanean eta unean ere han ziren bost lagun: Tomas Arratibel, Angelo Eztala, eta Joxe, Migel eta Luis Aldasoro anaiak. Horiek dira hasieratik bazkide diren bakarrak, eta elkarteko kideek omenduko dituzte. Domardaren eratze estatutuak 1962ko azaroaren 18an onartu zizkieten. Bigarren ahaleginean izan zen, herriko alkateak aurrena ez ziela lagunduko esan, eta ondoren Garikano Goñi gobernadore zibilak ez zielako lehen estatutua onartu. «Debekatu egin zizkiguten, eta berriz egin behar izan genituen. Inaugurazioa sei hilabete atzeratu behar izan genuen horregatik. Gerora, zuzendaritzako kide batzuk ere aldarazten zizkiguten, batzuk ‘no aptos’ zirela argudiatuta», diote. Ordiziako Legorburu abokatua izan zuten gidari eratze prozesuan. «Kultura aldetik joz gero errazago edukiko genuela esan zigun. Hala, Sociedad Cultural Recreativa Domarda izenarekin aurkeztu genuen. Irakurtzeko tokia eta biblioteka jartzera behartu gintuzten. Ez zuen kristorik irakurtzen, baina jarri bai», dio batek. «Nik denak irakurri nituen, bada», zuzendu dio besteak. Soziedadea 1963an ireki zuten, Aresoko ukuilu birmoldatu batean. Duela sei urte arte, gaur egungo lokal berria erosi eta 2006an hara aldatu arte, alokairuan egon ziren «soziedade zaharrean», bost beteranoenek deitzen dioten bezala. «Kontratua hiru [...]
Bazkideen arteko afariarekin ospatuko dute, gaur 21:00etan, Lazkaoko Domarda elkartekoek 50. urteko historia. Orain kide diren 125 ingurutik asko joango dira; tartean, duela 50 urte soziedadea eratzeko lanean eta unean ere han ziren bost lagun: Tomas Arratibel, Angelo Eztala, eta Joxe, Migel eta Luis Aldasoro anaiak. Horiek dira hasieratik bazkide diren bakarrak, eta elkarteko kideek omenduko dituzte.
Domardaren eratze estatutuak 1962ko azaroaren 18an onartu zizkieten. Bigarren ahaleginean izan zen, herriko alkateak aurrena ez ziela lagunduko esan, eta ondoren Garikano Goñi gobernadore zibilak ez zielako lehen estatutua onartu. «Debekatu egin zizkiguten, eta berriz egin behar izan genituen. Inaugurazioa sei hilabete atzeratu behar izan genuen horregatik. Gerora, zuzendaritzako kide batzuk ere aldarazten zizkiguten, batzuk ‘no aptos’ zirela argudiatuta», diote.

Domardan hasieratik bazkide diren bost lagunak./Aimar Maiz
Ordiziako Legorburu abokatua izan zuten gidari eratze prozesuan. «Kultura aldetik joz gero errazago edukiko genuela esan zigun. Hala, Sociedad Cultural Recreativa Domarda izenarekin aurkeztu genuen. Irakurtzeko tokia eta biblioteka jartzera behartu gintuzten. Ez zuen kristorik irakurtzen, baina jarri bai», dio batek. «Nik denak irakurri nituen, bada», zuzendu dio besteak.
Soziedadea 1963an ireki zuten, Aresoko ukuilu birmoldatu batean. Duela sei urte arte, gaur egungo lokal berria erosi eta 2006an hara aldatu arte, alokairuan egon ziren «soziedade zaharrean», bost beteranoenek deitzen dioten bezala. «Kontratua hiru urtean behin igotzen zigun nagusiak, baina CAFeko soldaten igoeraren arabera hazten zuen errenta, ez KPIarena».
Hiru kuadrilla sorburuan
Lazkaoko hiru kuadrillaren artean ondu zuten Domarda 1962an, herriko lehenagoko soziedade bakarrean, Esparrun, sartzeko modurik ez zegoela eta. Hurrengo urteko asanbladan gehitu zen laugarren taldea. 20-30 urte arteko gazteak ziren. Hasieran 60 bat lagun ziren, denak mutilak. Hilean «bost duro» (gaur 0,15 euro) jartzen zuen bakoitzak kuota.
Gogoan dituzte lehenagoko mus txapelketa jendetsuak. Baita enbaxada estatubatuarretik edo frantziarretik bidaltzen zizkieten dokumentalen emanaldiak ere. «Enbaxadetara eskatu, postaz jaso eta jartzen genituen. Hamaika pelikula eder bai: Caravelle hegazkin frantziarren fabrikazioa, itsasontzi handien birabarkiena…». Urtainen boxeo borrokaldiak ere bai, «argi guztiak itzali eta soziedadea lepo» zela. Baita gizakia ilargira iritsi zeneko unea ere, «goizeko seietan. Gure ama-eta ez dakit ez ote ziren ikusten».
Baina giroa noiznahi egoten zen elkarte zaharrean. «Aste egunetan, lanetik atera, etxean ogitartekoa hartu, eta soziedadean egundoko taldea elkartzen ginen. Bertan egoten ginen, poteorik ere egin gabe. Giro polita izaten zen».
Izena ere ez zioten edozein ipini. Agauntza ibaiak Errota Txiki ondoko bihurgunean zeukan hondartza naturalaren izena zen Domarda. Umetan nahikoa jolas gozo egindako lekuaren oroitzapena 50 urte gehiago luzatu dute, gerora, Domarda elkartean.

Solasaldiaren une batean./Aimar Maiz
Lazkao Txiki urteko bertso bazkarira bidean atxilotu zutenekoa
Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolariaren bizitzan «estuasun handiko» pasarte batek Domardarekin badu, nolabait, zerikusia. Elkartean urtean behin bazkaria egin ohi zuten, ekainean. 1969koan Lazkao Txiki eta Xalbador ziren.
Goizean Txabi Etxebarrietaren aldeko meza zegoen, fraideetan. Guardia zibilak elizan sartu ziren. «Asaltoko komandoa ziruditen. Irainka, garrasika guri. Irtendakoan nahaspila sortu zen , eta Lazkaomenditik oinez zetorren Lazkao Txiki atxilotu zuten, ezer ez zekiela».
Xalbadorrek Arrue abokatuari deitu, eta arratsaldean askatu zuten. Domardara joan eta bertsotan bukatu zuen eguna.