2013ko aurrekontuaren %48 gastu sozialera bideratuko du Aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak 661 milioi euroko aurrekontu propioa izango du 2013. urterako. Aurten bezala, egoera ekonomikoak baldintzatutako kontuak izango dira, eta sarrerak jaitsi egin direnez, gastuak ere tentu handiz neurtu nahi izan dituzte. Aurrekontua eskualdez eskualde aurkezteko Herritarrekin ekimenaren barruan, Larraitz Ugarte mugikortasun eta azpiegitura diputatua eta Jon Peli Uriguen, Landa garapen, berrikuntza eta turismo arloko diputatua Beasainen izan ziren atzo, diru kontuen berri emateko.
Aldundiaren aurrekontu propioak %2,67ko jaitsiera izango du 2013an, baina jaitsiera hori «ahalik eta gutxien nabaritzea» lortu nahi izan dute. Hala, diru sarrerak bermatzea eta gastu sozialari eustea izan dute helburu. Sarrerak bermatzeko, erreforma fiskalen bidetik jarraitzeko asmoa agertu dute. Gastu sozialari dagokionean berriz, aldundiaren aurrekontuaren ia erdia (%48) arlo horretara bideratuko dute.
Mugikortasunaren eta azpiegituren saila izan da aurrekontu igoera izan duen bakarra; 117 milioi euro bideratuko dituzte, zatirik handiena errepideen mantenu lanetara eta berriak eraikitzera. Hala, Beasain eta Durango arteko autobidearen Deskargako zatia «lehentasunezkoa» izango dela azaldu zuten.
Gizarte politiken aurrekontua 323 milioitik 318ra jaitsi bada ere, pisu handia izango du aldundiaren kontuetan. Diru sail horren erdia, elbarriei eta adinekoei zuzendutako azpiegitura eta zerbitzuetara bideratuko dute. Prestazio ekonomikoen atalak ere badu tokia; Mendekotasun Legean jasotako laguntzetara, esaterako, 36,8 milioi euro joango dira. Pobreziaren kontrako laguntzen diru saila bikoiztu egin dute (2,4 milioi) eta desjabetzeek kaltetutako herritarrei laguntzeko partida bat ere jarri dute.
Aurtengoaren balantzea
Datorren urteko kontuak aurkezteaz gain, aurtengoaren balantze ekonomikoa egin zuten aldundiko ordezkariek. Larraitz Ugarteren esanetan, «urtebete honetan lan handia egin dugu, eta aldaketa asko izan dira; Foru Aldundiaren norabidea aldatu dugu, eta erakutsi dugu posible dela beste politika batzuk egitea, ezkerreko politikak, politika progresiboak».
Aurten egindako lorpen nagusien artean, erreforma fiskala aipatu zuen Ugartek. Hala, ondarearen gaineko zerga martxan jarri eta jabetza handien gaineko eztabaida sortu dutela azaldu zuen. Horrekin batera, ordea, Espainiako Gobernuak ezarritako murrizketei aurre egiteko neurriak hartu dituela esan zuen. Hala, menpeko- tasun legeako murrizketak ez dituztela aplikatu, eta gainera, diru sarrerak bermatzeko laguntza eman dutela azaldu zuen.