Elur-kotak eta prezipitazioek behera egingo dute datozen orduetan
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenez, iparraldeko denboralea gainean dugu. Horren eraginez, datozen egunetan, udazkena izan arren, neguko giroa nagusituko da, eta prezipitazio ugari izango dira. Prezipitazio horiek elur forma hartuko dute gailurretan.
Euskalmeten iragarpenen arabera, aire hotza eta hezea sartuko da, eta, horren eraginez, prezipitazio ugari izango dira. Tenperaturak nabarmen jaitsiko dira, eta iparraldetik haize gogorra iritsiko da.
Elur-kota 1.000 metro inguruan kokatuko da astearen lehenengo erdian, eta beherantz egingo du astearen bigarren erdian. Bihar jada prezipitazioak ez dira hain ugariak izango. Iragarpenen arabera, asteburuan ez du ia euririk egingo, baina hotzak jarraitu egingo du.
Gaur 800 metroko altueran kokatu dute elur-kota eta bihar 600 metroan egongo dela iragarri dute, baina prezipitazio kopurua jaitsi egingo dela ere esan dute.
Gaur zerua oso hodeitsu egongo da. Euri txiki-ertaina egingo du; prezipitazioa ugaria izango da. Trumoi-ekaitza izateko eta txingorra egiteko probabilitatea txikia da, bereziki egunaren lehenengo partean. Ipar/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, egunaren bukaeran indarra galduko duena.