
Guraso foroa hilean behin elkartzen da Gainzuri ikastetxean. 15 lagunez osatutako talde guztiz anitza da.
Gutxitutako edozein hizkuntza berreskuratzeko edo normalizatzeko ezinbestekoa da ez dakitenek ikastea. Are garrantzitsuagoa da, ordea, dakitenek erabiltzea, eta horretarako beharrezkoa da aukerak eta espazioak sortzea eta bermatzea. Hain zuzen, euskaraz mintzatzeko eremu askeak bilatzeko, eta elkar eragiteko zubiak eraikitzeko sortu zen orain ia hiru urte guraso foroa Urretxuko Gainzuri ikastetxean.
2010-2011 ikasturtean euskararen erabileraren inguruan egindako azterketatik ateratako emaitzak kezkatuta sortu zen guraso foroa. «Zenbaitetan gurasoek haurrekin euskaraz hitz egiten zuten arren, beste gurasoekin gaztelaniaz egiten zutela ohartu ginen», dio Elixabete Segurola Gainzuri ikastetxeko irakasleak. Gurasoak hortaz ohartaraztea eta euskaraz mintzatzeko ohiturak sortzea garrantzitsua iruditu zitzaien orduan. Baita, norbera hiztun gisa aberasteko eta eskola komunitatean eragiteko bitartekoak jartzea ere.
Ikastetxeak bultzatutako ekimena den arren, guraso foroa autonomoa izateko jaio zen. Hilean behin biltzen da 15 lagunez osatutako taldea orain bi urtetik hona, «erabileraren inguruan eztabaidatzeko, hausnartzeko, bizipenak partekatzeko eta egin daitezkeen ekimenen inguruan hitz egiteko».
Gune askeak sortzea helburu
Guraso foroak martxan jarritako lehenengo ekimenetako bat izan zen Mintzalagunarena. Pasa den ikasturtean bi eta sei lagunez osatutako lau talde aritu ziren. Helburua euskaraz hitz egiteko gune askeak sortzea da, «haurrekin parkean, kafe baten bueltan edo bidegorrian elkartzen gara», azaldu du Iñakik. Gurasoak zentzu honetan egiten ari diren ahalegina goraipatu nahi izan dute ikastetxetik.
Mintzalagunean parte hartzen duten guztiak gurasoak dira, euskaldun berriak edo euskaldun zaharrak. Bi urte daramatzate, eta zenbait kasutan «aurrerapena ikaragarria» izan dela dio Argitxuk. Orain, kide bakoitzaren bizipenetatik abiatuta lanketak egiten ari dira foroan «talde kohesioa lantzeko eta kontzientzia hartzeko». Bizipenetatik ateratakoa «esperientzia benetan polita» izaten ari dela diote guztiek. Euskaraz mintzatzea aukera kontzientea den aldetik euskaldun zaharrei gaiaren inguruan kontzientzia hartzeko, eta beste errealitate batzuk badaudela ohartzeko balio izan die esperientziak.
Hori da Nerearen kasua. «Amatasunak euskararekiko jarrera aldatzen» duela ikasi du foroan, eta horren adibide garbia dira, adibidez, Monica eta Ana euskaldun berriak. Guraso foroko kideak dira eta biak ala biak euskaraz bizitzeko hautua egin dute seme alabengatik. «Etorkizunean askorako balioko die egiten ari garen ahaleginak», azpimarratu dute. Guraso foroa eragingarri garrantzitsua da bientzat, izan ere, ingurune erdalduna dute biek. «Euskaraz mintzatzeko guneak bilatu behar izaten ditugu, eta sarri nekeza bihurtzen da», aitortu dute.
Baina ikastetxean gertatzen dena gizartearen isla dela argi dute Gainzurikoek. Horregatik, eta euskaraz bizitzeak merezi duela uste dutelako, kanpora begirako zubiak eraikitzearen garrantziaz ere ohartuta daude. «Hitzaldiak eta ikastaroak antolatu nahi ditugu, eta euskaltegiarekin eta beste eragile batzuekin hartu eman zuzena dugu».
Euskaraz askatasunez hitz egiteko esparruak eta aukerak sortzea dute helburu. Guraso foroak ikastetxean egiten duen lana kanpora ateratzea nahi du orain. Beraiena beste batzuentzako adibide izan daitekeelako, eta guztien artean zubiak eraikiz etorkizunean euskaraz bizitzeko aukera errealitate izan daitekeelako.
Euskararen erabilera bultzatzeko Mintzodromoak antolatu dituzte
Datorren abenduaren 3an, astelehena, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Ez dira gutxi horren aitzakian Goierrin antolatu dituzten ekimenak. Tartean, aipatzekoak dira Zumarragan eta Beasainen bigarren urtez egingo dituzten Mintzodromoak.
Mintzodromoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez egin zen lehenengo aldiz iaz. Aurten, zenbait herritan euren kasa ekimenari jarraipena emateko erabakia hartu dute. Goierrin adibidez, Zumarragan eta Beasainen antolatuko dituzte Mintzodromoak, larunbatean eta astelehenean.
Ekimenaren helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da, euskara erabiltzen dutenen sarea zabalduz. Euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak batuko dira Mintzodromoan, eta lauko taldeetan banatuta gai ezberdinen inguruan euskaraz hitz egiteko aukera izango dute mahai baten bueltan eserita. Hiru gai ezberdin proposatuko dituzte guztira, eta mintzalagun gehiagorekin aritzeko helburuarekin mahaiez aldatuko dira 15 minutuan behin.
Zumarragan larunbat goizean egongo da Mintzodromoan parte hartzeko aukera. Zelai Arizti kultur etxean egingo dute 12:00etatik 13:00etara. Ekitaldia irekia da, eta parte hartzeko aipatutako egun eta orduan bertan agertzea baino ez da behar.
Beasainen, aldiz, euskararen egunarekin bat egingo du Mintzodromoak astelehenean. Loinazko San Martin plazaren azpian bilduko dira19:00etatik 20:00etara. Parte hartzeko izena eman daiteke bihar arte udaleko kultura edo euskara zerbitzuetan, AEKn edo udal euskaltegian.
Euskararen Nazioarteko Eguna
Ekitaldiak
Segura. Gaur, 19:00, Ure berri on amona filma, kultur etxean. Bihar, 15:30ean, Euskara eskolatik plazara, ondoren txokolate beroa; 17:00etan buruhandiak; 18:00etan, musika.
Ordizia. Astelehenean, 19:00, Julian Iantziren hitzaldia. Barrenan.
Itsasondo. Bihar, kantu afaria Kuxkuxturekin, 21:00, Arbelaitz elkartean. Etzi, talo festa, 19:30, plazan. Astelehenean, goizean, dantza eta antzerkia; arratsaldean, triki- poteoa eta Gazta zati bat.
Zegama. Etzi, 17:00, haurrentzako jolasak. 18:00, buruhandiak. Plazan.
Legazpi. Astelehenean, 13:30, merkatarien elkartean euskara sustatzeko antolatutako lehiaketako sari banaketa eta zozketa. Bikuña jauregian.