Haitira eta Beninera laguntza bidaltzeko merkatu txikia egingo dute larunbatean
Alkartasuna Lizeoak eta Herriak Elkarlanean erakundeak antolatuta, merkatu txikia egingo dute bihar. Iaz «oso emaitza onak» lortu zituztela azaldu dute, eta Haitiko haurrei 122 eguzki lanpara bidaltzea lortu zutela. Aurten ere, lanpara horiek Haitira eta Beninera bidaltzeko erabiliko dute azokan lortutako dirua. Lizeoko ikasleek aurkeztu zuten ekimena, prentsaren aurrean. Haiti, «Ameriketako lurralderik txiroena» dela eta 2010. urtean «lurrikara bortitza» jasan zuela azaldu zuten. Benin berriz, Afrika mendebaldean dago, eta han ere «bizi baldintzak ez dira oso egokiak». Etxe bakoitzera bina lanpara bidaliko dituzte, bat umeek ikasteko eta bestea familia osoaren eguneroko beharretarako. Merkatu txikian, mota guztietako jostailu eta jokoak jarriko dituzte salgai. Horretarako, ikasleen artean material bilketa egin dute; batzuk herrialde horietara bidaltzeko izango dira, baina gehiengoak salgai jarriko dituzte. Azoka Loinazko San Martin plaza azpian jarriko dute bihar, goizez (11:00-14:00) eta arratsaldez (17:00-20:00). Herritar guztiei egin diete bertara joateko deia. Elkartasuna lantzen Biharko merkatu txikia, Alkartasuna Lizeoa eta Guraso Elkartea lantzen ari diren urte osoko proiektu baten parte da. Elkartasuna, berrerabilpena eta kontsumo arduratsua bultzatzea da helburu nagusia, eta ikasleek, salmentan ez ezik, kartelak egiten edo informazioa bidaltzen parte hartu dute.