Hondakinen kudeaketaren eztabaida nagusitu da berriro ere osoko bilkuran
Ohikoa bihurtu da azken aldian atez ateko sistemaren inguruko eztabaida sortzea Legazpiko udaleko osoko bilkuretan. Nahiz eta hondakinen kudeaketa gai zerrendan ez agertu, galdera eta erantzunen tartea baliatzen dute alderdi politikoek, herri plataformako kideek eta herritarrek gaiari heltzeko. Azkeneko bilkura, azarokoa, ez da salbuespena izan zentzu horretan. PSE-EE alderdiko Oscar Valbuena izan zen herenegun galdera eta erantzunen tartean gaia atera zuena. Udal gobernuak atez ateko sistema ezartzeko lehen aipamena egin zuenetik gaur arteko ibilbidearen laburpena egin zuen aurrena; ondoren, udal gobernuari bi galdera luzatzeko. Gaia kudeatzerako orduan hanka sartu duen ala ez, eta herritarren gehiengoaren iritzia aintzat hartuta erabakia aldatuko duen ala ez galdetu zion alkateari. Eztabaida betiko bidetik Kepa Urtzelai alkateak, «hasieratik egindako apustuari» eutsiko diotela esan zuen. Hanka sartu duten ala ez galderari «ez dakit» batekin erantzun zion Urtzelaik «gure nahia beti herritarrak informatuta mantentzea» izan dela gehituz. Bitartean, pasa den astean Sasietak aurkeztu zien bideragarritasunaren azterketaren emaitzen zain egin direla ere esan zuen. Horren harira, Igor Urrate ingurumen zinegotziak «azterketa hori esku artean izan arte» ez zutela atez ateko sistema ezartzeko asmorik argitu zuen. Urrateren adierazpen horrek harridura sortu zuen EAJ alderdiko kideengan Javier Iraeta bozeramaleak esan zuenez. Alderdi bereko Ane Urkiola zehatzagoa izan zen gai honi [...]
Ohikoa bihurtu da azken aldian atez ateko sistemaren inguruko eztabaida sortzea Legazpiko udaleko osoko bilkuretan. Nahiz eta hondakinen kudeaketa gai zerrendan ez agertu, galdera eta erantzunen tartea baliatzen dute alderdi politikoek, herri plataformako kideek eta herritarrek gaiari heltzeko. Azkeneko bilkura, azarokoa, ez da salbuespena izan zentzu horretan.
PSE-EE alderdiko Oscar Valbuena izan zen herenegun galdera eta erantzunen tartean gaia atera zuena. Udal gobernuak atez ateko sistema ezartzeko lehen aipamena egin zuenetik gaur arteko ibilbidearen laburpena egin zuen aurrena; ondoren, udal gobernuari bi galdera luzatzeko. Gaia kudeatzerako orduan hanka sartu duen ala ez, eta herritarren gehiengoaren iritzia aintzat hartuta erabakia aldatuko duen ala ez galdetu zion alkateari.
Eztabaida betiko bidetik
Kepa Urtzelai alkateak, «hasieratik egindako apustuari» eutsiko diotela esan zuen. Hanka sartu duten ala ez galderari «ez dakit» batekin erantzun zion Urtzelaik «gure nahia beti herritarrak informatuta mantentzea» izan dela gehituz. Bitartean, pasa den astean Sasietak aurkeztu zien bideragarritasunaren azterketaren emaitzen zain egin direla ere esan zuen. Horren harira, Igor Urrate ingurumen zinegotziak «azterketa hori esku artean izan arte» ez zutela atez ateko sistema ezartzeko asmorik argitu zuen.
Urrateren adierazpen horrek harridura sortu zuen EAJ alderdiko kideengan Javier Iraeta bozeramaleak esan zuenez. Alderdi bereko Ane Urkiola zehatzagoa izan zen gai honi dagokionez. «Ez duzue azterketa eskua artean izan arte itxaron. Erabakia aurretik hartuta zenuten. Azterketari atez ateko sistema nola ezarri jakiteko itxaron diozue», esan zuen.
Bi herritarrek ere hartu zuten hitza gairi buruz iritzia emateko. Lehenengoak atez ateko sistema azaltzeko egin diren hitzaldiak «herri plataformak antolatu dituenak ez bezala», ez direla errespetatu esan zuen, Legazpin errauskailurik ez duela nahi gehituz. Beste herritar batek atez atekoaren aurkako manifestazioaz kartelak jartzen duena ez dela egia gaineratu zuen. «Guztiok dakigu bosgarren edukiontziaren emaitzak zeintzuk diren». Herritarrak informatzeko lanean jarraitzera animatu zuen udal gobernua.
Javier Urcelayk hitz egin zuen herri plataformaren izenean eta alkateari manifestazioaren gaineko balorazio bat eskatu zion. Manifestazioan «herriko eta kanpoko» hainbeste jende ikustea gaiak kezka sortzen duenaren seinale dela erantzun zion alkateak. Gainerakoan, arduraz jokatzen ari direla uste du Urtzelaik, «atez atekoa birziklatze tasa handienak ematen dituen sistema delako eta Sporaren azterketaren arabera, baita ekonomikoki merkeena ere».
Adostasuna gainerakoan
Aizkorri kalean udalak berriki jarri duen auzo-konpostagailuak ere alderdien arteko ezadostasuna agerian utzi zuen. Oposizioko alderdiak bat etorri ziren konpostatzearen alde zeudela, baina udalaren egiteko moduarekin bat ez zetozela esaterakoan.
Gain zerrendan aztertu ziren gaiak, aldiz, alderdi guztien aldeko botoekin onartu ziren. Familiei zuzendutako giza hezitzaileen programa eta nerabeentzako zerbitzua Lorratz enpresari esleitu zitzaion eta EAJk eta Bilduk emakumeen aurkako indarkeria salatzeko aurkeztutako mozioa onartu zuten, besteak beste.