Txirrindu Egunarekin hasi dute Olaberrian Eskola Txikien festaren aurretiko egitaraua
Ekainaren 9an dago kokatuta helmuga, egun horretan ospatuko delako Gipuzkoako Eskola Txikien festa Olaberrian. Eta, bertako ikastetxeko haurren eta gurasoen tropelak ekin dio lasterketari. Jardunaldi bakarreko ospakizunera mugatu beharrean, urte erdiko...
Ekainaren 9an dago kokatuta helmuga, egun horretan ospatuko delako Gipuzkoako Eskola Txikien festa Olaberrian. Eta, bertako ikastetxeko haurren eta gurasoen tropelak ekin dio lasterketari. Jardunaldi bakarreko ospakizunera mugatu beharrean, urte erdiko ibili luzean barreiatuko dute eskola txikien izaera, lana eta beharrezkotasuna.
Aurreneko jarduera bezala, igandean Txirrindu Eguna izan zuten Olaberrian. Ormaiztegiko festetatik urrunduta, euripean iritsi ziren Gorka eta Ion Izagirre, Euskalteleko txirrindulariak.
Bi anaiekin, eta ziklismo egokituan jarduten den Guillermo Prieto olaberritarrarekin ibilbide bat osatu zuten haurrek, baita aita-amek eta irakasleek ere. Eta ez bertakoak bakarrik; Ikaztegieta, Zizurkil nahiz Errezilgo eskoletatik etorritakoak ere batu zitzaizkien.
Solasaldia eta txangoa
Lehenbizi udaletxean galdera-sorta mardula egin zieten haurrek Izagirretarrei eta Prietori. Aterialdia baliatuz, jarraian bizikletan txangoak egin zituzten, Ormaiztegiko bi izarren ondoan pedalkada ibiltzearen zoramenarekin. Prietori «bereziki» babesa eman zioten herrikideek.
Amaieran, opariak zotz egin eta banatu zituzten txirrindulari gonbidatuek. Danel Silva eta Mara Naldaiz suertatu ziren zortedunak. Sarituak, berriz, denak.
Eguneko ekitaldien argazkiak (Egilea: Kuttun guraso elkartea):