Abenduak 3: Euskararen Eguna
Gaur Euskararen Eguna ospatuko da Goierrin. Hainbat ekintza antolatu dituzte egun hau ospatu eta euskararen erabilera aldarrikatzeko.
Beasainen, Mintzodromoa ekimena egingo dute 19:00etan, Loinazko San Martin plaza azpian.
Legazpin, Bikuña jauregian, 13:30ean, merkataritzan euskara sustatzeko planaren barruan antolatutako lehiaketaren sari banaketa egingo dute. Besteak beste, Sagrario Etxabek (Udaleko euskararen zerbitzu burua), Oihane Zabaletak (Mankomunitateko presidentea) eta ZingiZango eta Zintzo Mintzo euskara elkarteetako kideek hartuko dute parte.
Latxartegi aretoan, 19:00etan, Legazpin eta Urretxun grabatutako LipDub eta Flashmobak eskainiko dira.
Itsasondon, 10:00etan ikasleek dantza egin dute herrian zehar. Latirili taldeak Haurtxoaren zopa antzezlana egingo du eskolako aterpean, 14:30ean. Arratsaldean, 18:00etan poteoa hasiko da, trikitilariekin. 19:00etan Gazta zati bat dokumentala emango dute, dohainik, Gaztelekuan.
Ordiziako Urdaneta ikastetxean, Jakintza Ikastolan eta Oianguren institutuan egun osoan landuko dute euskararen gaia hainbat ekimen eginez. Jubilatueneko euskara ikasleek jolasak egingo dituzte (16:45), eta Hitzarok gaztaina jana egingo du Nikolas Lekuona plazan, 17:00etan. Ordu berean, haurrentzako jokoak izango dira Plaza Nagusian, gaztetxeak antolatuta. Iluntzean, berriz, Julian Iantzik euskara erabilera sustatzeko hitzaldia egingo du Barrenan, 19:00etan.
Olaberrian arratsalde osoko egitaraua prestatu dute udalak, Kuttun guraso elkarteak, Kometa ludotekak eta Zeba abesbatzak. 15:00etan, Iñaki Murua eta Aitzol Barandiaran bertsolariek saioa egingo dute Olaberriko herri eskolan, “bi belaunalditako” ordezkari gisa. 17:00etan, Olaberriko eta Lazkaoko pilota eskoletako haurren partidak izango dira. 17:45ean Olaberrian euskaraz saioa egingo dute, udaletxean, Zeba koruko eta herriko haurrekin eta gaztetxoekin. Ondoren pintxoak banatuko dituzte Arkupe elkartean. Ekitaldietara joateko garraio zerbitzua jarriko du udalak; Ihurreko plazan 16:50ean abiatuko da joanekoa, eta 19:15ean Olaberriko plazan itzulikoa.