CAFeko langileek lanuzteekin jarraituko dute datozen egunetan
CAF enpresako langileek lanuzteekin jarraitzea erabaki dute, gaur egin duten batzarrean. Aurreko astean bi egunez egin zituzten launa orduko lanuzteak, eta gaur zuten hirugarren protesta eguna. Bertan erabaki dute beste lau egunez geldialdiak egitea. Gehiengo osoz hartu dute erabakia, aldeko 1.261 botorekin; kontrakoak 48 besterik ez dira izan. Launa orduko lanuzte horiek, bihartik ostegunera, eta datorren astelehenean izango dira. Gainera, asteazkenean manifestazioa egingo dute, 09:30ean, Beasaindik Ordiziara. Ostegunean berriz, Donostiara joango dira, han ere protesta egitera. Mobilizazio horien helburua, “enpresak EREa aplikatzeko hartu duen alde bakarreko erabakian atzera egitea eta sortu den egoerari irtenbidea bilatzeko komitearekin eser dadila” eskatzea da, sindikatuetako ordezkarien arabera.
