
Azkeneko bi urteetan, 2011ko urtarriletik 2012ko azaroaren 28ra, Goierri behean ehun etxe kaleratze inguru gertatu dira, eskualdean sortu den Desjabetzeak Stop plataformak jakitera eman duenez. Horietatik 65 Ordizian eta Beasainen izan dira, eta gainontzekoak inguruko herri ertain eta txikietan. Alokairua ordaindu ezinik etxerik gabe geratu direnen herritarren kopuru zehatzik ez dute eman. Egoera ikusita, plataforma bat martxan jartzea erabaki dute, etxe kaleratzeen eta horren bueltan sortzen diren arazoei buruz hitz egin, eta «denon artean egoera hau aldatzeko bidea eraiki nahian».
Ordiziako Barrena kultur etxean egin zuten atzo arratsaldean plataformaren aurkezpena Goierriko taldea osatzen duten kide batzuk eta baita Donostia aldetik babesa ematera etorritako beste kide batzuk ere. Aurkezpenaren ondoren plataformak Gipuzkoa mailan egiten duen lanaren berri ematen zuten hitzaldi batean.
Elkartasuna eta laguntza
Amaia Eganak Barakaldoko etxetik bere burua bota ondoren, eta heriotza hark eragindako «haserre biziaren erantzun moduan», Ordiziako Plaza Nagusian bilkura bat egin zuen herritar talde batek azaroaren 11n. «Banketxeek darabiltzaten ekintza tamalgarriei, gaur egungo gizarte prekarietate eta langabezia egoera gordina gehitu behar zaie. Amaia honen guztiaren beste biktima bat izan da. Ondorioz, argi eta garbi salatu behar dugu: gu ez gara arduradunak», adierazi du Ana Uranga taldeko kideak.
Bilkura hartan izan zirenek ikusi zuten egoera larrian bizi diren familiei elkartasuna eta laguntasuna eskaini behar zietela, eta horregatik erabaki dute taldea sortzea. «Badakigu gure ekintzek ez dutela behar adinako oihartzunik izaten banketxe, politikari eta gobernuko jardueretan, baina arrazoi horiei lotuta erabaki dugu taldea sortzea».
Gizartean ikusgarri egin
Plataforma kideen arabera, familia askoren etxe kaleratzeak azalarazten duen «lana indartu» nahi du talde sortu berriak, desjabetuak izan diren familien errealitatearen berri emanez, eta pertsona horiei guztiei taldearen esku dauden laguntza eta baliabideak eskainiz.
Plataformako kideen esanetan, askotariko errealitateak daude Goierriko herrietan. «Gazte ugari langabezian daude, familia askotan dago langabeturen bat, eta bikote batzuen kasuan biak daude langabezian. Orain arte barregarria zen 1.000 euroko soldata lortu ezinik dabil jendea. Gaur egungo gizartearen errealitate gordinaren ispilu da hau». Kasu asko familiaren babesari esker gainditzen direla diote, baina ikusgarri egin behar direla, egoera «lazgarri» honen jabe egiteko.
Krisiari eta etxe kaleratzeei aurre egiteko ados jarri da udalbatza
Adierazpen instituzionalak eta mozioak ziren joan den ostegunean Ordiziako Udalbatzak esku artean zituen gai nagusiak, eta guztien artean, bi izan ziren nabarmenenak. Bilduk eta PSE-EEk etxe kaleratzeei aurre egiteko mozio bana sartuak zituzten osoko bilkurarako, eta bai bi alderdiok, zein EAJ, bilkura horretara testu adostu batekin joan ziren, eta horixe izan zen aho batez onartu zena. Krisiari aurre egiteko plana eguneratzea eskatzen zuen mozioa ere udaleko talde guztiek babestu zuten, aurrez hiruren artean adostu ondoren.
Azken bi bilkuretako aktak onartu ondoren, Frankismoaren Krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformaren mozioa onartu zen. Bilduk soilik babestu zuen, EAJ eta PSE-EE abstenitu egin baitziren. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunari buruzko adierazpen instituzionala, berriz, gai zerrendatik atera zen.
Etxe kaleratzeen inguruko mozio adostuak bederatzi puntu ditu. Lehenengo bietan etxe kaleratze denak –baita alokairu egoerakoak ere– bertan behera uzteko eskatzen da. Hirugarrenean, mailegu bitartekaritza hobetzeko eskatzen dio udalbatzak Eusko Jaurlaritzari. Laugarrenean, etxe kaleratzeen inguruan duten jarreraren arabera kreditu entitateekin duen harreman instituzional eta ekonomikoa berrikusteko aukera gordetzen du udalak. Bosgarrenean herritarrei informazio zehatza emateko konpromisoa hartzen du, eta seigarrenean, etxe kaleratzeak jasan dituen edo jasan ditzakeen herritarren eskura telefono zenbaki bat eta e-mail jartzea erabaki du udalak.
Krisiari buruzko mozio adostuan, aurrez zegoen plana eguneratzea erabaki zuen udalbatzak. Herritarren Foro bat sortzeko konpromisoa hartu zen, udalak herritarrekin hitz egin, hausnartu eta ildo berri bat finka dezan.
Sasietako mozioa, atzera
Zahartzaro aktiboaren inguruan PSE-EEk aurkeztutako mozioa ere aho batez onartu zen, eta baita Upabi eremuan eman beharreko arau subsidiarioen aldaketari buruzkoa ere. Kreditu transferentzien espedientea ere onartu zen, Bilduren aldeko botoekin.
Onartu ez zena Sasieta Mankomunitateak aholkulari bat kontratatzearen aurka PSE-EEk aurkeztutako mozioa izan zen. Bilduren zazpi botoek bota zuten atzera mozioa. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu baitzuten.