Gabon irudien lehiaketan parte hartzeko epea irekita dago
Arkatza elkarteak eta Legazpiko Udalak antolatuta, martxan da Gabon irudien lehiaketa. Lehen Hezkuntzako (LH) ikasleei zuzendutako ekimena da, 1. mailatik hasi eta 6. mailara arte. Lanak kultur etxean aurkeztu beharko dira, abenduaren 14ko arratsaldeko...
Arkatza elkarteak eta Legazpiko Udalak antolatuta, martxan da Gabon irudien lehiaketa. Lehen Hezkuntzako (LH) ikasleei zuzendutako ekimena da, 1. mailatik hasi eta 6. mailara arte. Lanak kultur etxean aurkeztu beharko dira, abenduaren 14ko arratsaldeko 19:00ak baino lehen.
Gabon irudien lehiaketako oinarriak publiko egin dituzte dagoeneko antolatzaileek. Horien arabera, gaia Gabonak izango da. Erabili beharreko teknikari dagokionez, aldiz, marrazkia edo margoak izan beharko dute. Lan guztiak Din-A4 formatuan aurkeztu beharko dira eta egile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango ditu.
Erakusketa egingo dute
Lehiaketa hiru kategoriatan banatuta egongo da. A mailan LHko 1. eta 2. maila, B mailan LHko 3. eta 4. maila eta D mailan LHko 5. eta 6. maila. Maila edo kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dira.
Lanak egilea nor den adierazi dezakeen inolako daturik gabe aurkeztu beharko dira. Atzeko aldean lanaren leloa edo zenbakia eta maila adierazi beharko dira, ez besterik. Lanarekin batera eta gutun itxi batean egilearen datu guztiak adieraziko dira: telefonoa, ikastetxea, maila eta lanaren leloa.
Epaimahaia Arakatza elkarteko kideek osatuko dute eta sari banaketa abenduaren 20an egingo da, 19:00etan kultur etxean. Ondoren, lan guztiekin erakusketa antolatuko dute, abenduaren 21etik urtarrilaren 5era arte.













