Haurrek eta Olentzerok hitzordua dute burdinolan
Gabon garaiarekin batera, Olentzerok menditik beherako bidea hasi du, datozen asteetako egin beharrak prestatzeko. Beste zenbait gauzen artean, Legazpiko Mirandaolako burdinolara joan beharko du bertako Olagizonei ikatza eramatera. Bisita hori aprobetx...
Gabon garaiarekin batera, Olentzerok menditik beherako bidea hasi du, datozen asteetako egin beharrak prestatzeko. Beste zenbait gauzen artean, Legazpiko Mirandaolako burdinolara joan beharko du bertako Olagizonei ikatza eramatera. Bisita hori aprobetxatu nahi dute Lenbur fundazioko kideek eta horregatik hilaren 9an eta 16an bertara biltzen diren haurrek Olentzero ezagutzeko aukera izango dute.
Momentuz, bi saio antolatu dituzte, «3 eta 9 urte arteko haurrei zuzenduta». Hala ere, gazteenentzako txoko bat antolatuko dute «marrazkiak egin eta jolastu daitezen», azaldu du Olatz Conde Lenburreko kideak. Mirandaolako burdin museoan emango diote hasiera ordu eta erdiko saioari. «Ipuin bat kontatuko diegu haurrei lehenengo eta ondoren, Olentzeroren lanbidearekin lotutako jolasak egingo ditugu». Horretan dabiltzala olagizon bat agertuko da museoan Olentzeroz galdezka, eta kanpora irtenda berarekin topo egingo dute haurrek. «Handik burdinolara joango gara eta Olentzerok ikatza nola egiten duen azalduko die», jarraitu du.
Hiru saio egingo dituzte goizez bakarrik, «10:30ean, 11:30ean eta 12:30ean, hain zuzen». Dagoeneko jende askok eman du izena eta asko kanpokoak direla jakinarazi dute Lenburretik. Parte hartu nahi dutenek 943 73 04 28 telefonora deituta egin beharko dute erreserba. Sao bakoitzeko 3 euro ordaindu beharko da.













