Itsasondon ziklo-kros proban 400 bat txirrindularik parte hartuko dute
Itsasondoko XIII. Ziklo-Krosak inoizko partaidetza jendetsuena eta onena izango du. Larunbatean, abenduak 8, dira lasterketak, 09:00etatik aurrera. Espainiako I. Superprestigio lehiaketarako baliagarria da, eta estatuko ziklo-kroslarien begi-puntuan jarri du horrek Itsasondo. Asteasuko —gaur— eta Igorreko —igandean— proben tartean egoteak ere lagundu dio Euskal Herriko eta estatuko ziklo-kroslari onenak erakartzen. Antolatzaileek «350-400 partaide» espero dituzte denera, Ijitu elkarteko Gorka Telleriak atzo zioenez. Aurreinskripzio zerrendan 354 lagun zeuden izena emanda atzo eguerdian. Gaur 20:00etan itxiko dute epea. Master mailetakoak dira asko, baina Euskal Herriko nahiz estatuko ziklo-kroslari onenek ere ez dute huts egingo. Superprestigio espainiarreko bosgarren proba puntuagarria da Itsasondo, azken aurrekoa. Lehen edizioa du torneoak, eta orain arteko Espainiako Koparen ondorengoa da, «estatuko ziklo-kros egutegiaren ardatza». Lehiaketa abenduaren 29an bukatuko da, Asturiasen. Egoitz Murgoitio da lider (90 puntu), Aitor Hernandez (86) oso gertutik duela. Bi bizkaitarren arteko lehia estua izatea espero da Itsasondon ere. Bina proba irabazi dituzte orain arte Superprestigioan; Murgoitiok Ibiasen eta Muskizen, eta Hernandezek Laudion eta Elorrion. Itsasondon ere iaz Murgoitiok irabazi zuen, eta Hernandez (2010eko txapelduna) bigarren izan zen. Horiez gain, Javier Ruiz de Larrinaga, Erlantz Uriarte, Aketza Peña, Zigor Urain, Isaac Suarez edo Tino Zaballa ere partaide izango dira, batzuk aipatzearren. Eliteko gizonen karrerarako berrogei txirrindulari [...]
Itsasondoko XIII. Ziklo-Krosak inoizko partaidetza jendetsuena eta onena izango du. Larunbatean, abenduak 8, dira lasterketak, 09:00etatik aurrera. Espainiako I. Superprestigio lehiaketarako baliagarria da, eta estatuko ziklo-kroslarien begi-puntuan jarri du horrek Itsasondo. Asteasuko —gaur— eta Igorreko —igandean— proben tartean egoteak ere lagundu dio Euskal Herriko eta estatuko ziklo-kroslari onenak erakartzen.
Antolatzaileek «350-400 partaide» espero dituzte denera, Ijitu elkarteko Gorka Telleriak atzo zioenez. Aurreinskripzio zerrendan 354 lagun zeuden izena emanda atzo eguerdian. Gaur 20:00etan itxiko dute epea. Master mailetakoak dira asko, baina Euskal Herriko nahiz estatuko ziklo-kroslari onenek ere ez dute huts egingo.
Superprestigio espainiarreko bosgarren proba puntuagarria da Itsasondo, azken aurrekoa. Lehen edizioa du torneoak, eta orain arteko Espainiako Koparen ondorengoa da, «estatuko ziklo-kros egutegiaren ardatza». Lehiaketa abenduaren 29an bukatuko da, Asturiasen. Egoitz Murgoitio da lider (90 puntu), Aitor Hernandez (86) oso gertutik duela. Bi bizkaitarren arteko lehia estua izatea espero da Itsasondon ere. Bina proba irabazi dituzte orain arte Superprestigioan; Murgoitiok Ibiasen eta Muskizen, eta Hernandezek Laudion eta Elorrion. Itsasondon ere iaz Murgoitiok irabazi zuen, eta Hernandez (2010eko txapelduna) bigarren izan zen.

Itsasondoko ziklo-krosean, iaz, Egoitz Murgoitio eta Aitor Hernandez./Aimar Maiz
Horiez gain, Javier Ruiz de Larrinaga, Erlantz Uriarte, Aketza Peña, Zigor Urain, Isaac Suarez edo Tino Zaballa ere partaide izango dira, batzuk aipatzearren. Eliteko gizonen karrerarako berrogei txirrindulari daude izena emanda.
Emakumezkoen elitean, Rocio Gamonal, Olatz Odriozola iazko garailea, Maite Murgia lazkaotarra edo Aida Nuño izango dira, hamabiko kopurua pasatzeraino.
Ohiko zirkuitua mugatuko du Ijitu kirol elkarteak. Indarra eskatzen duen trenbide aldeko belardi ordeka, herriaren goialderaino igoera leherkorra, eta eliza alboko jaitsiera teknikoa tartekatuko dituzte, beste behin.
Jokin Mujika atzera ziklo-krosean
Txirrinduzaleentzat eta ziklo-krosaren maitaleentzat ezusteko atsegina ere ekarriko du Itsasondoko ziklo-kros lasterketak. Jokin Mujika lehiaketara itzuliko da. «Herriko proban parte hartuko ote zuen galdetu genion. Orain arte mendiko bizikletarekin ibili izan da, eta ziklo-krosera itzultzera animatu da. Eriko Mujika ilobarekin ari da entrenatzen», jakinarazi du Telleriak.
Ziklo-krosean, Mujika jubeniletan munduko txapeldunorde izan zen, 1980an, Suitzan, Simunek-en atzetik. Profesionaletan Euskal Herriko bi txapela (1994, 95) eta Espainiako hiru (1993, 94, 96) ditu. Txirrindularitza profesionala 1996an utzi zuen. Sorterrian, etzi,Master 50 sailean ariko da; aurten bete ditu 50 urte.
LASTERKETEN ORDUTEGIA
Itsasondoko XIII. Ziklo-Kros proba. Abenduak 8, larunbata.
- 09:00. Master 40, 50 eta 60.
- 10:00. Master 30.
- 11:00. Kadeteak, mutilak zein neskak.
- 12:15. Juniorrak (mutilak zein neskak) eta elite emakumezkoak.
- 13:15. Elite eta 23 urtepekoak.













