San Nikolas zaindariaren omenez kantu eskean atera dira umeak
Mendeetako ohitura zaharrari jarraituz, San Nikolas umeen zaindariaren omenez, kantu eskean atera dira gaur goizean Seguran. Ehundik gora ume atera dira goizetik, eta etxez etxe joan dira, San Nikolas txikia buru zutela. Trukean, gozokiak bota dizkiete etxeetako balkoietatik. Laureano Telleria segurarra da bere herriko kontu zaharrak gehien ezagutzen dituenetako bat. San Nikolas egunaren inguruan dokumentazio askorik ez badago ere, «gurasoek eta aiton-amonek esandakoaren arabera, duela 300 urte» ere eskean ateratzen zirela azaldu du. Teoria hori laguntzen duen beste datu esanguratsu bat ere badago. Izan ere, «Segurako elizan bada San Nikolasi eskainitako aldare bat, 1712. urtean egindakoa. Hortik ikusten da ordurako ere bazela zerbait. Aspaldiko ohitura da». Nikolas santuaren historia Asiatik badator ere, umeen inguruan egindako lanak eta mirariek mundu osoan zabaldu zuten haren izena, eta egun, umeen patroi edo zaindari moduan hartzen da. Haren omenez, urtero ateratzen dira Seguran, Zegaman eta Legazpin kantuan. San Nikolas txikiaren koplak abesten dituzte, trukean gozokiak edo dirua jasotzeko. Garai batean, oso bestelako jakiak ematen zituzten, ordea. Telleriak azaldu duenez, «gehienetan garaiko fruituak izaten ziren, intxaurrak eta urrak, eta batzutan baita sagarrak eta mandarinak ere. Gozoki gutxi. Gaur egun berriz, gehiena gozokia botatzen dute, eta etxe batzutan diru pixka bat ere bai». Seguran, San Nikolas egunean bertan egiten dute ospakizuna. Goizetik ehunka ume [...]
Mendeetako ohitura zaharrari jarraituz, San Nikolas umeen zaindariaren omenez, kantu eskean atera dira gaur goizean Seguran. Ehundik gora ume atera dira goizetik, eta etxez etxe joan dira, San Nikolas txikia buru zutela. Trukean, gozokiak bota dizkiete etxeetako balkoietatik.
Laureano Telleria segurarra da bere herriko kontu zaharrak gehien ezagutzen dituenetako bat. San Nikolas egunaren inguruan dokumentazio askorik ez badago ere, «gurasoek eta aiton-amonek esandakoaren arabera, duela 300 urte» ere eskean ateratzen zirela azaldu du. Teoria hori laguntzen duen beste datu esanguratsu bat ere badago. Izan ere, «Segurako elizan bada San Nikolasi eskainitako aldare bat, 1712. urtean egindakoa. Hortik ikusten da ordurako ere bazela zerbait. Aspaldiko ohitura da».
Nikolas santuaren historia Asiatik badator ere, umeen inguruan egindako lanak eta mirariek mundu osoan zabaldu zuten haren izena, eta egun, umeen patroi edo zaindari moduan hartzen da. Haren omenez, urtero ateratzen dira Seguran, Zegaman eta Legazpin kantuan. San Nikolas txikiaren koplak abesten dituzte, trukean gozokiak edo dirua jasotzeko.
Garai batean, oso bestelako jakiak ematen zituzten, ordea. Telleriak azaldu duenez, «gehienetan garaiko fruituak izaten ziren, intxaurrak eta urrak, eta batzutan baita sagarrak eta mandarinak ere. Gozoki gutxi. Gaur egun berriz, gehiena gozokia botatzen dute, eta etxe batzutan diru pixka bat ere bai».
Seguran, San Nikolas egunean bertan egiten dute ospakizuna. Goizetik ehunka ume ateratzen dira kalera, San Nikolas txikia aurretik eta pottoka baten gainean dutela.
Zegaman eta Legazpin, bezperan
Zegaman eta Legazpin berriz, bezperan egiten dute erronda edo eskea. Aitxuri herri eskolakoak goizean goiz atera ziren atzo, urtero bezala, ekimen solidario baterako dirua biltzeko asmoz. Aurten, tximeleta azala deitutako gaiza duen Markel Lopez Urretxuko umearentzat egin dute bilketa.
Legazpin berriz, arratsalde partean egin zuten erronda Domingo Agirre, Haztegi eta Olazabal ikastetxeetako ikasleek. Doinua musika eskolakoek lagunduta, San Nikolas Laubidetik Eus- kal Herria plazaraino joan ziren.













