Elurra kentzeko makinak, Etxegaraten.
Aurreneko elurrek zuritu dituzte dagoeneko Goierriko gainak, nahiz eta errepideetan eraginik izan ez duten. Hori gertatu aurretik, ordea, aldundiak eta udalek dena prest izaten dute, elurra hasten denean, errepideak eta kaleak ahal bezain azkar garbitu eta txukun mantentzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak elurra kentzeko 78 makina, 14 makina arin eta 6.000 tona gatz prestatu ditu, sare nagusiko errepideen irisgarritasuna bermatzeko neguko planaren barruan. Aldundiaz gain, udalek ere hartzen dituzte elurrari aurre egiteko neurriak; besteak beste, gatza banatu eta traktoreak erabiltzen dituzte herriko bideak garbitzeko.
Aldundiak, beste erakunde batzuekin elkarlanean, neguko bidelanen plana martxan jartzen du urtero, azaroaren erditik apirilera bitartean. Joseba Altube aldundiko bide azpiegituren zuzendariak azaldu duenez, plan horren helburua «elurra eta izotza agertzen denean gidariak ahalik eta erosoen eta seguruen ibiltzea da». Aldi berean, «errepideen irisgarritasuna bermatu behar dugu, bakoitza bere lantokira iristeko eta eguneroko bizimoduak normaltasunez jarrai dezan».
Kanpainak irauten duen bitartean, «baliabide guztiak prest eta edozein momentutan martxan jartzeko moduan» egon behar direla dio. Aldundiaz gain, Bidegik, Gipuzkoako suhiltzaileek eta udalek ere parte hartzen dute planean. «Hau guztia ondo koordinatuta egon behar da, dena ondo joan dadin». Koordinazio lan hori, Miramonen dagoen Errepideen Kudeaketarako Kontrol Gunetik egiten dute. «Ibilgailu guztiak GPS bidez geo-lokalizatuta daude eta uneoro jakin dezakegu non dauden, zer abiadura duten edo gatza botatzen ari diren edo ez».
Plan horrek dituen baliabideen artean, elurra kentzeko 78 makina, 4×4 motako 14 ibilgailu arin eta 6.450 tona gatz hartzen dituzten 38 silo edo biltegi dituzte, Gipuzkoan zehar banatuta. Aldundiaren errepide sarean 48 kamioi eta 4 ibilgailu arin daude. Bidegik beste 22 kamioi jartzen ditu, eta suhiltzaileek beste 8. Suhiltzaileek eskualdeka banatzen dituzte ekipoak, eta kamioi eta ibilgailu arin bana izaten dituzte.
Baliabide horietako asko hartzen dituen errepideetako bat da N-1a, batez ere, Etxegarate parean. Kamioi horiek, arrisku faseen arabera antolatzen dira. Hala, elur kota 0 metrora jaisten denean, Etxegaraten 4 kamioi aritzen dira lanean, eta beste 4 N-1 errepidean, Goierri eta Tolosa artean. Horiez gain, bi eskualde horietako gainontzeko puntuetarako (Deskarga, Udana, Lizarrusti, Larraitz…) beste sei kamioi bideratzen dituzte. Ertzaintarekin elkarlanean jartzen dituzten kontrol guneetako bat ere, N-1 errepidean egoten da.
Bai kamioiek eta bai ibilgailu arinek, elurra kentzeko xafla eta gatza eramateko ontzia eramaten dituzte. Joseba Altubek azaldu duenez, kamioi horiek, 30 kilometroko autonomia dute elurteetan gatza botatzen ari direnean, eta 60 prebentzio lanean aritzerakoan. Gatzak errepidean kalte handiak eragiten dituela eta, «metro koadroko 10 gramo» bota behar direla dio Altubek; «garrantzitsua da neurri hori errespetatzea; abusatzeko ohitura handia dago, baina gehiegi bota ezkero bidea kaltetu egiten da».
Traktorea Gabirian, bidea garbitzen.
Herrietan ere prest
Foru Aldundiak errepide sare nagusiaren gaineko ardura badu ere, sare nagusitik kanpoko errepideak, kaleak eta baserri bideak garbitzeaz udalak arduratzen dira. Udal handienek beraien makinak ere izaten dituzte, eta udal langileek gatza botatzen dute kaleetan, irristaketak ekiditeko. Udal txikienek berriz, baserritarrekin antolatzen dute zerbitzua; traktorea duten herritarrei ordaintzen diete baserri bideak garbitzeko. Askok, auzoetan gatz zakuak ere uzten dituzte, norberak bere etxe inguruan botatzeko.
Goierriko herririk altuena da Gaintza; itsasoaren mailatik 436 metrora dago herrigunea. Udalerri txikia izanik, ez dute baliabide ekonomiko handirik; hala ere, elurteen aurrean hainbat neurri hartzen dituztela azaldu du Joxe Mari Garmendia alkateak. «Guk traktore handi bat daukagu, herriarena. Foru Aldundiak emandako pala berri bat daukagu, eta hura jartzen diogu aurrean, eta atzean gatza partitzeko makina». Traktore hori herriko aguazilak erabiltzen du, batez ere, herrigunea eta baserri bideak garbitzeko. «Herritik behera, Ordizia aldera dihoan bidea diputazioarena da eta haiek garbitzen dute; momentu jakinetan, beharra ikusi eta asko kostatzen bazaie etortzea guk geuk garbitzen dugu, baina printzipioz errepide nagusia aldundiak garbitzen du eta guk baserri bideak, herriko traktorearekin». Gauzak aldez aurretik ondo prestatuta izanez gero, aparteko arazorik ez dutela izaten azaldu du Gaintzako alkateak.
Goierriko herririk hazienen artean, berriz, Legazpi da itsasoko mailatik altuen dagoena, 400 metrora. Elurra egiten duenean gehien zuritzen duen herrietako bat da, eta horrek, aurretik prestatuta egotea eskatzen die udal arduradunei. Kepa Urzelai alkateak azaldu duenez, elurra edo izotza egiten duen egunetan, «udaleko brigadetako langile guztiak lan horretan aritzen dira», kaleak garbitzen eta gatza banatzen. Udalaren kamioiari ere gatza banatzeko makina jartzen diote, herriguneko kale nagusietan botatzeko. Puntu jakinen batzuetan, gatz zakuak ere jartzen dituzte «herritar batzuk auzolanean» ere aritzen baitira.
Herrigunetik kanpo, ordea, herri txikietako antzeko sistema erabiltzen dute. «Hiruzpalau baserritarrekin hitzarmena egina daukagu, traktoreekin baserri bideak eta pistak garbitzeko». Haietako batek, herriko zenbait auzo ere garbitzen ditu. Gainontzeko errepideak, Urretxu aldera doana eta Udanakoa, aldundiaren ardurakoak dira.
Azken asteetan mendi tontorrak eta gainak zuritu ditu, eta elur kota ez da 1.000 metrotik behera jaitsi, eta ez dirudi datozen egunetan ere jaitsiko denik. Negua luzea da, ordea, eta aldundiak eta udalek, baliabide guztiak prest dituzte elurra eta izotza errepideetara iristen direnerako.