Beasainek bana berdindu du Laudiorekin, eztabaidarako jokaldi bat tarteko dela
Beasain eta berdinketa binomioa gehiegitan errepikatzen ari da dagoeneko, denboraldi honetan. Hamasei jardunaldi jokatu dituzte eta hamabigarrenez berdindu du Iker Lasak zuzentzen duen taldeak. Etxeko garaipenaren ondoren, arerio sendoa zuten parean, l...
Beasain eta berdinketa binomioa gehiegitan errepikatzen ari da dagoeneko, denboraldi honetan. Hamasei jardunaldi jokatu dituzte eta hamabigarrenez berdindu du Iker Lasak zuzentzen duen taldeak. Etxeko garaipenaren ondoren, arerio sendoa zuten parean, lidertzarako borrokan dabilen Laudio; baina partidaren nondik norakoak ikusita, Beasainek hiru puntuak lortzeko aukera izan zuen.
Aurreneko minutuetan indartsu atera ziren arabarrak, eta 12. minutuan aurrea hartu zuten markagailuan, Beltranek egindako gol batekin. Handik aurrera, ordea, hasierako indar hori galtzen joan ziren pixkanaka; beasaindarrek berriz, behetik gora egin zuten. 30. minutuan, epaileak penaltia adierazi zuen, eta Gorka Brittek, banakoa egin zuen.
Bigarren zatian Beasainek hobeto jokatu bazuen ere, ez zuen bigarren gola egiten asmatu. 80. minutuan iritsi zen zeresan gehien eman zuen jokaldia. Laudioko atezainak penaltia egin zuen, ustez, eta hala adierazi zuen hasiera batean epaileak; baina marrazainarekin hitz egin eta gero, falta area kanpoan izan zela erabaki zuten.
Beste berdinketa bat Beasainentzat. Sailkapeneko 13. postuan daude orain, 18 punturekin. Datorren asteburuan etxean jokatuko dute, Bermeoren kontra.













