CAFeko zuzendaritzak lan erregulazio espedientea erretiratu du
Berria.info- CAFeko zuzendaritzak gaur goizean langile batzordeari jakinarazi dio atzera bota duela datorren urteko lehen sei hilebeteetako lana erregulatzeko espedientea. Langile batzordea langileekin bildu da gaur goizeko 07:30ean, Beasaingo lantegian, eta erabakiaren berri eman die. Gaur ordu bateko lanuztea egin dute langileek, baina langile batzordearen azalpenak entzuteko izan da. Protesta ekintza guztiak bertan behera utzi dituzte.
Bihar bertan zuzendaritzarekin bilduko da langile batzordea irtenbidea aurkitzeko, goizeko hamaiketan. Langile batzordeari emandako lehen azalpenean enpresako arduradunek zioten ezin zuela egoera honek aurrera jarraitu, ez zelako ona ez enpresarentzat ezta langileentezat ere. Datorren urteko lan eskasiari aurre egiteko zer neurri hartu aztertuko dute ziurrenik.
Langileak, pozik
CAFeko langileak pozik agertu dira euren argudioak jaso dituztelako. Batetik, salatu nahi izan dute orain arte CAFen akordioen bidez egin direla gauzak, eta espedientearekin hamabost egunetan lan erreforma ezarri nahi izan dietela, alde bakarretik. Bestetik, langile batzordeak zioen ez dela onargarria urtean ehun milioi eurotik gora irabazten dituen enpresa batek langileak langabeziara bidaltzea, hortik ordaindu diezaieten.
Zer neurri hartu aztertuko dute bihar, beraz. LABek dio, gainera, lehenbailehen bilatu beharko dela irtenbidea eta martxan jarri, urtarrilerako aurreikusten delako lan zamaren jaitsiera. Langabeziara bidali beharrean, langileak etxera bidaltzea eta etorkizunean orduak errekuperatzea izan daiteke mahai gainean jarriko duten aukeretako bat, edo oporrak aurreratzea, beste bat.
Irakuri albiste osoa: Berria.info