‘Baserri biziak’ liburua aurkeztuko du bihar ZUMek
Legazpiko ZUM edizioak Baserri biziak izenburupean liburua aurkeztuko du arratsaldean. Urola Garaia: Mende bat iruditan bildumako 12. alea da gaur aurkeztuko dutena.
Orain dela hamabi urte argitaratu zuen ZUMek bilduma honetako lehenengo alea, 2000. urtean, haiz zuzen. Ordutik, urtero kaleratu …
Legazpiko ZUM edizioak Baserri biziak izenburupean liburua aurkeztuko du arratsaldean. Urola Garaia: Mende bat iruditan bildumako 12. alea da gaur aurkeztuko dutena.
Orain dela hamabi urte argitaratu zuen ZUMek bilduma honetako lehenengo alea, 2000. urtean, haiz zuzen. Ordutik, urtero kaleratu dute liburuki berri bat bildumara gehitzeko. Argitalpen guztien ardatza da historia, protagonisten testigantzetatik jasotakoa, alegia. Esanak gaurko eta lehengo argazkiekin hornitu dituzte beti, besteak beste.
Hamabi liburu, hainbat gai
Lehenengo alea argitaratu zenetik asko dira bildumako liburuetan landu dituzten gaiak. Kirola landu zuten lehenengo hiru aleetan. Herri kirolak, mendia, bizikleta edo futbola hartu zituzten aintzat. Eskualdeko hezkuntzaren historian ere sakondu zuten bitan. 36ko gerra aurreko hezkuntza sistematik hasita, frankismo garaikoak, ondorengoak eta gaur artekoak landu zituzten.
Nagusiei beste lan bat eskaini diete, eta bailarako kultur taldeei buruzko liburu bat ere kaleratu dute. Atzetik etorri ziren bailarako industriari eskainitako hiru aleak. Patrizio Etxeberria eta Esteban Orbegozo, 50. hamarkadara arteko lantegietako langileak eta bertako sortzaile nahiz ugazabak izan dituzte protagonista, besteak beste.
Elkarte gastronomikoak izan zituen oinarri iazko argitalpenak, eta baserriak izango ditu protagonista aurtengoak. Aurreko gehienak bezala Tere Madinabeitia kazetari brinkolarrak idatzi du liburua. Aurkezpena 19:30ean izango da bihar, Legazpiko Laubide jatetxean.













